apirila 04, 2020

KARLISTAK ARRASATEN. 1872-1876. Gerraren amaiera


Karlismoak sustrai sakonak izan zituen Arrasaten XIX. mendean. 1830 inguruan piztu zen mugimenduak gogor astindu zuen gure herria, liskar armatuak izan zituen bi aldietan. Eta interesgarria iruditu zait pixka bat arakatzea dokumentu erregistroetan, gizarte arrasatearraren baitan korronte ideologiko politiko hark utzitako ondorioa.
Bigarren karlistada izan dut langai, 1872-1876 tartea hartzen duena. Agian aurrerago batean 1833-40 urteetan ariko naiz, baina gero gerokoa. Oraingo nire ekarpena hamar kapitulutan zatitu dut, irakurketa errazagoa egiteko. 

1.- Karlismoaren jatorria eta Arrasateko giroa
7.- 1873ko abuztuaren 7
8.- Gerra guztiek, gutxienez, bi bando dituzte
9.- Herriko bizimodua aldatzen da
10.- 1874-1876 aldia eta gerraren amaiera 
==========.========= 


Aurrekoan ikusi genuen, karlistak 1873ko abuztutik 1876ko martxoa bitartean agindu zutela Arrasateko udal bizimoduan, azken finean kaleko gorabeheretan agintzea adierazten duena. Gaurkoan adibide batzuk emango ditut, udal aktetatik ateratakoak, urte zail haietako argazki bat eskaintzen dutenak. Behintzat historia bere lekutxoan kokatzen laguntzen digute.

Arrasate 1873ko abuztuan eraso zuen Antonio Lizarraga jeneral karlistaren eskua luzea bide zen, 1874ko urtarrilaren 28an, udalak agindu bat jaso baitzuen harengandik,  Manuel Arroyo zeritzana udal maisu bezala jartzeko. Eta onartu egin zen, noski.

1874ko apirilaren 22an Gipuzkoako Diputazioaren presidentea zen Jose Maria Berzosa karlistak bisitatu zuen Arrasate. Diodan, Berzosa izan zela karlistadan Oñatiko Unibertsitatearen berpizkundea eragin zuena, eta Arrasatera egindako bisita hartan:
Carlos VII

…se dio lectura de la circular de la Excma. Diputación de fecha 20 del corriente por la que ordena el armamento de los Tercios Vascongados en las personas de 18 a 40 años, a excepción de los que hayan prestado servicios al enemigo o sean adictos a la causa liberal…”

Batzar hartan udala aldatu zen, eta alkate berria Mariano Goñi hautatu zen; zinegotziak: Pedro Antonio Vivanco, Tomas Isasmendi, Dionisio Juldain, Simon Plazaola, Bizente Belategi, Jose Maria Egaña, Tomas Urtekabo eta Marzelino Alberdi izan ziren.

Urte hartako ekainaren 7ko batzarrean udalak erabaki zuen herritik alde egin zuten jabeen errentak erretenitzea. Eta herriko norbaitek kanpokoen errentak kobratu arren ez bazizkion diruak udalari entregatzen, haren ondasunak enbargatzekotan geratu zen. Areago, handik astebete batera zabaldu egin zen errekisitoria: kanpokoen haltzari edota beste edozein ondasun zutenek derrigorrez utzi behar zituzten udalaren eskuetan. Horren harira diodan, abuztuaren 19ko bileran ikusi zela  Monterrongo kondeak Vergarajauregi, Resusta y Cia. enpresatik interesengatik kobratzeko zituen 3.500 errealak erretenituak zituela udalak. 

Ekainaren 21ean Carlos VII. erregegaia eta bere emaztea Arrasaten egon ziren eta harrera ekitaldia eskaini zien Udalak. 


1874ko azaroaren 23an, zinegotziek gai konplikatu samarra aztertu behar izan zuten. Ziurrenik diru iturriak handitzearren Diputaziotik eskatu zen sendi liberalen zerrenda handitzea, ordurako ezagunak zirenez gain. Eta udalak hartu zuen erabakia:

“… El regidor Sr. Vivanco manifestó deseo de que constase su voto por el que se abstenía de clasificar más familias liberales que aquellos que sus representantes habían tomado el arma contra la causa de la Legitimidad, por cuanto no era fácil, en su juicio, hacer de esta manera clasificación acertada… A cuyo pensamiento se adhirieron todos los concurrentes, excepto el regidor D. Saturnino Iturriaga…”

Behingoz, badirudi karlisten artean zentzun apur bat ikusten zela.

Eta 1875 urteari alkate berriaren izendapenarekin eman zitzaion hasiera; orduan Jose Fernando Berezibarri egokitu zitzaion aginte makila. Berarekin udalexean, Mateo Uribarren, Jeronimo Azkoaga, Martin Sagasta, Frantzisko Arregi, Jose Atxa eta Anizeto Zarraoa zeuden, denak millaristak. Urtarrilaren 5ean burututako lehen saio formalean, besteak beste, udal funtzionarioen soldatak errrebisatzea eta alkateak izan beharko lukeen soldata taxutzea deliberatu zen.


Urtarrilaren 17an, udalak aztertu behar izan zituen Diputaziotik zenbait liberali ipinitako isunen txostenak. Eta ontzat eman zituen Frantzisko Sola, Antero Milikua, Manuela Etxaide, Jose Maria Resusta, Bizente Okendo, Josefina Martin, Manuel Arrieta, Serapio Osinalde, Bizenta Urreta eta Jose Maria Madinari jarritakoak; ez egokitzat, aldiz, Miguel Madinabeitia Jose Pradere, Zipriano Gorosabel, Pedro Azkoaga, Jose Manuel Iturriaga, Eusebio Elosua, Juan Pedro Gorosabel eta Justiniana Barrenari zegozkionak.

Funtzionarioen soldatak errebisatzeko osatu zen batzordeak azterketa egin zuen eta ondoko erabakia hartu zen, urtarrilaren 17ko saioan:

“Reducir los sueldos a los empleados D. Julián Arrillaga, Tesorero, abonándole cinco reales diarios en vez del uno por ciento que antes disfrutaba por el cobro de contribuciones; al maestro de niños rebajándole mil reales; a la maestra quinientos cincuenta; al farmacéutico se le abonará por ochenta familias pobres y el hospital tres mil reales; al alguacil tercero Santiago Iñurrategui el haber de doscientos reales anuales; el tamborilero Lorenzo Eguidazu disfrutará seiscientos reales en vez de los cuatrocientos que disfrutaba; el Sr. Alcalde D. Fernando Berecibar disfrutará seis reales diarios por indemnización de los gastos y perjuicios que el cargo le ocasionan; dejando sin efecto la reducción hecha en los sueldos del alguacil primero y del infraescrito secretario en atención al mucho trabajo que les acarrean las circunstancias actuales”

Suposatzekoa da egun hartan Arrasateko zenbait etxetan udal batzordekideen arbasoak aipatuak izango zirela, ez onerako noski, eta beste batzuetan, ordea, ardo edo sagardoarekin egingo zutela topa. Auskalo zein nolako garbitasunekin egin ziren soldaten kalkuluak, izan ere handik zenbait egunetara – otsailak 7an- Jose Fernando Lasa botikarioari jaso egin zioten ekarpena hiru mila errealetik lau milara. Eta handik hilabete batera 4.500etan baloratu zen sendi pobreen eta ospitalekoen beharren kostoa. Hala ere, Lasak Arrasateko botikarioa izateari uztea nahiago izan zuen.

Diru murrizketak maila guztietara heldu ziren, otsailaren 21eko batzarrean udalak onartu baitzuen San Migel, San Balerio, San Pedro eta San Antonio kofradietako maiordomoek eskatutakoa, hots, kanposantuko ehorzleari ehunda hogei erreal ordaintzea zerbitzuko ordura arteko hiruehun eta hogeiren ordez. Zer esango ez zuen egun hartan ehorzleak zinegotzien hildakoen gain?

Apirilaren 11an, ihes eginda zeuden jabeen errentak erretenituta zeudenez gero, haien ondasun higikorrak eta zuhaiztiak enkante publikora ateratzea erabaki zen. Arrasateko ekonomia, ikusten denez, ez zebilen oso ondo, eta horren adibidea da, Donato Gonzalez herriko bigarren danbolin joleari pregoilari izendatu zutela maiatzaren 16an … baina soldatarik gabe. Bilera berdinean, premiamendu-bidez Santa Agedako Bainu Etxeari – Mendia sendia- eta Vergarajauregi, Resusta y Cia. enpresari, zor zituzten zergen ordainketa eskatu zitzaien.

Eta karlista kutsuzko udal harek egin zuen azken bilera 1875eko irailaren 1enean izan zen. Data horretatik 1876ko martxoaren 7 bitartean ez zen beste aktarik jaso. Bitartean zer gertatu zen? Oro har, bigarren karlistada amaitu zela, Carlos VII. erregaiaren Lizarra plaza indartsua erori ondoren. Karlismoaren buruak Frantziako bidea hartu zuen eta oinezko bere jarraitzaileak – hau da, gerran gehien sufritu zutenak “penduluaren beldur” geratu ziren, gehienak liskarrean dena galduta.

1876ko martxoaren 7ko bileraren idazkian irakurtzen dugu:

“… Bajo la presidencia del Señor Teniente Coronel don Alfonso Moreno de Arcos, se reunieron según Orden superior del Excmo. Sr. Comandante en Jefe del Ejército de la Izquierda Don Domingo Moriones, los señores don Juan Gualberto Gorosabel, don Joaquin Azcoaga, don Luis Barrutia, don Pedro Azcoaga, don Luis Azcoaga, don Eusebio Elosua, don Vicente Resusta, don José María Resusta, don Ramón Mendia, don José Joaquín Barrena, don Manuel Egozcue y don José María Mendia, indicados como adictos a la

Monarquia Constitucional de don Alfonso XII Rey legítimo de España, con objeto de elegir entre y los que han de constituir inmediatamente el Ayuntamiento que debe sustituir sin dilación al compuesto en la actualidad por personas que lo han desempeñado como partidarios carlistas…”

Bileran udal berria hautatu zen eta Juan Gualberto Gorosabel aukeratu zuten alkate. Ziurrenik, irakurleak gogoratuko du 1872ko ekainean pertsonaia horrek – bigarren alkatea- eta orduko alkateak – Jose Maria Mendia- dimisioa azaldu zutela…Jose Mendizabal zinegotziari udal zama igaroaraziz... Lau urteren buruan biak itzuli ziren udal karguetara, ardurak izen-abizen berdintsuen artean banatuz.

Joakin Azkoaga, Luis Azkoaga, Luis Barrutia, Pedro Azkoaga, Eusebio Elosua, Bizente Resusta, Jose Maria Resusta, Jose Joakin Barrena, Manuel Egozkue eta Jose Maria Mendia izan ziren Juan Gualberto Gorosabel alkatearen ondoan eseritako zinegotziak. Area garrantzitsuenak, Jose Maria Resustak eta Ramon Mendiak – Ogasunekoa- eta Jose Maria Mendia eta Luis Azkoagak, Obra publikoetakoa eskuratu zituzten.

Zikloa berrastear zegoen.
 

Argazkiak: Zumalakarregi Museoa, Mendia bilduma


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina