otsaila 15, 2020

KARLISTAK ARRASATEN. 1872-1876. Prudentzio Ayastuy buruzagi karlista. Udalaren aldaketa


Karlismoak sustrai sakonak izan zituen Arrasaten XIX. mendean. 1830 inguruan piztu zen mugimenduak gogor astindu zuen gure herria, liskar armatuak izan zituen bi aldietan. Eta interesgarria iruditu zait pixka bat arakatzea dokumentu erregistroetan, gizarte arrasatearraren baitan korronte ideologiko politiko hark utzitako ondorioa.
Bigarren karlistada izan dut langai, 1872-1876 tartea hartzen duena. Agian aurrerago batean 1833-40 urteetan ariko naiz, baina gero gerokoa. Oraingo nire ekarpena hamar kapitulutan zatitu dut, irakurketa errazagoa egiteko.

7.- 1873ko abuztuaren 7
8.- Gerra guztiek, gutxienez, bi bando dituzte
9.- Herriko bizimodua aldatzen da
10.- 1874-1876 aldia eta gerraren amaiera 
=============.============ 

Aurrekoan irakurri genuen Jose Maria Mendiak dimisioa azalduta, Jose Mendizabal industria gizonari egokitu zitzaiola alkatetza 1872ko udan eta uztailaren 15eko aktan ikusi genuen alkatetzaren aldaketa. Hain justu, apiriletik Arrasateko agintariak dardaran bide zeuzkan Ayastuy karlistaren aldeko lehen mailako hileta elizkizunak Aretxabaletan egin baino egun bat geroago. Prudencio Ayastuy Urrutia genuen Jose Maria Mendia alkate ohiaren larritasuna gorengo punturaino eraman zuena, eta ziurrenik alkatearen dimisioa azeleratu zuena.  Pertsonaia interesgarria izan zen Ayastuy, Oñatin 1814an jaio eta Mañariako batailan 1872ko maiatzaren 14an hil zena. Manuela Garate Aginagalderekin ezkondu zen Aretxabaletan 1844an eta aurrerantzean Aretxabaleta izan zen euren egoitza-erreferentea, nahiz eta militar bezala toki askotan bizi behar izan zuten.

Mendiatarren etxea
Lehen karlistadaren partaidea genuen Ayastuy, eta aurreko ekarpenetan izan dugu militar karlista horren berri, Arrasaterekin erlazionatutako ekintzetan. Ikus dezagun nola definitzen zuen Madrileko “La Esperanza” egunkariak, 1872ko uztailaren 30ean:

 “Pasada la primera edad e instruido en las primeras letras, se dedicó al oficio de ebanista que más adelante abandonaría por el fusil de voluntario de D. Carlos y cuando apenas contaba unos veinte años. En las filas carlistas ascendió por riguroso escalafón hasta subteniente, grado que tenía cuando sobrevino el famoso convenio de Vergara. Pasó a Francia entonces con sus fieles camaradas y allá permaneció hasta dos años después, que hubo de volver a España. Aquí, ingresó en las filas del ejército sirviendo en los regimientos de América, Reina y Mallorca y ascendiendo hasta capitán. En la provincial de Burgos se hallaba Ayastuy cuando estalló la guerra de África, y con los Tercios vascongados se distinguió bizarramente en una de las últimas acciones, pues como es sabido los Tercios llegaron cuando la toma de Tetuán por nuestros soldados. 

Terminada que fue la guerra Ayastuy fue destinado al regimiento de Extremadura, de donde luego pasó al de Alba de Tormes. El año 1865 tomó su retiro y fuése a vivir a Burgos, donde permanecía los inviernos, yendo constantemente a Arechavaleta a pasar los rigores del verano y aquí vivía muy querido de sus compatriotas llenando los deberes de buen cristiano y entreteniendo sus ocios ya en el ejercicio de la caza, ya en obras suyas de ebanistería a que siempre conservaba gran afición.

El día 22 de abril salió de Burgos en dirección de Arechavaleta (1) con el fin de ponerse al frente de las fuerzas carlistas que ascendían a unos 1.200 hombres, y a la sazón se estaban organizando. Tomó en efecto el mando con el grado de comandante primero, y tales eran las simpatías generales que gozaba que por doquiera que iba de paso todos los mozos se le unían entusiasmados, pidiéndole un arma y un puesto donde gloriosamente morir. Nadie pone en duda hoy, entre los muchos amigos que tuvo, que a haber contado Ayastuy con suficientes recursos hubiera podido formar un cuerpo de ejército de cuatro a cinco mil hombres, pues su pericia, su valor, su arrojo y su trato cariñoso con los voluntarios le hacían el jefe más unanimemente apreciado y querido” 

Ayastuyren dohainak laudatzen ari da egunkaria. Jakina, “La Esperanza”k karlisten ideologia defendatzen zuen, bere fundatzailea bera ere – Antonio Arjona militarra- lehen karlistadan aritu baitzen. Honela segitzen zuen bere panegirikoan egunkariak:

Mañariako bataila (grabatua)

“Se halló en la acción de Segura el 4 de mayo y allá, sorprendidas sus tropas, hizo que verificaran una brillante retirada, que ni un solo herido hubo que lamentar. Llegado que fue con los suyos a cierta posición elevada, rehízo a su gente y rechazó al enemigo, obligándole a abandonar Segura. Las pérdidas que a éste ocasionó fueron muy numerosas, principalmente de miqueletes y el total se calculó en 300 a 400. 

En la célebre acción de Mañaria (1872-05-14), viéndose el general Letona perdido, mandó por dos veces enarbolar bandera blanca. Visto esto por Ayastuy, ordenó a su gente suspender el fuego; mas ésta, escasa de subordinación y a falta de oficiales, sargentos y cabos que les tuviera en orden, continuó disparando contra los amadeístas. Ayastuy comprende de un golpe la importancia que para él tendría la rendición de Letona, lanzase entre los suyos para hacerse obedecer, sala a una explanada a ordenar la suspensión del fuego y apenas puesto a descubierto recibe un balazo en una pierna. Ruéganle sus amigos que se retire, insiste el bravo jefe por algunos momentos, cuando una bala de cañón viene a destrozarle el vientre, robando así una esperanza más, un hijo glorioso a la causa de la patria” 

Eta hortxe amaitzen da Ayastuyren heriotzari buruzko kronika. Ayastuy hil eta hamar egunetara Amorebietan sinatu zen bakea, eta amnistia zabala ematen zitzaien armak entregatzen zituztenei. Hala ere, bi bandoen arteko akordioak ez zuen ezertarako balio izan; eta gerrak berean segitu zuen. 

Uztailaren 15ean, beraz, ematen da Arrasateko alkatearen aldaketaren berri, eta Jose Mendizabalek Jose Maria Mendiaren tokia hartzen du, horren dimisioaren ondorioz; baina modu harrigarrian, hurrengo aktan, abuztuaren 23an, alkate berri bat agertzen da: Frantzisko Ibarzabal. Jose Mendizabal desagertu da udal zinegotzien artetik. Gainera, bilera berdinean alkate berria hautatzen da: Luis Barrutia. Udal taldea izen hauekin osatzen da: Joakin Azkoaga; zinegotziak, Ramon Mendia, Luis Azkoaga, Pedro Azkoaga, Jose Maria Egaña, Jose Joakin Barrena, Eusebio Elosua, Juan Antonio Gorosabel eta Jose Maria Resusta. Zer gertatzen ari zen udaletxean? Zergatik ez zen burutu bilerarik uztailaren 15 eta abuztuaren 23 bitartean?




 (1) Bi egun geroago Arrasaten zegoen, bere soldaduentzat alkateari errazioak eskatzen ari.


Argazkiak: Mendia bilduma, meta.gipuzkoakultura.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina