Unión Cerrajera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Unión Cerrajera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

apirila 15, 2015

GASPAR EZKURRA, KIROL ERAGILE ARRASATEARRA

Gaspar Ezkurra
Gutxi izango dira, Arrasateko nire adinekoon kontzientzian haur denboran grabatutako irudien artean Gaspar Ezkurra zenak utzitakoa bezain garbiak. Arrazoi desberdinak dira horrela gerta dadin. Baina gehienek kirol eragintzan izango dute erroa, Gaspar kirolarekin konprometitutako gizona izan baitzen, bera – hurbilenekoek diotenez- sedentario samarra izan bazen ere.

Gaspar Ezkurra Arrasaten jaio zen 1913ko uztailaren 12an, gurasoak Florentzio eta Justa Bedia izan zituelarik. Lehen ikasketak Socrates Portillo maisuarekin burutu zituen. Handik gutxira Bergarako Eskola Teknikoan hasi zen eta bertako ikasketak aurki tartekatu zituen Unión Cerrajerako lanarekin, proiektu-delineatzaile gisa. Julia Arregirekin ezkondu zen 1940an.

Aprendizetako Eskolan klaseak ematen ari
Futbola izango da, gehien bat, Gaspar Ezkurraren kirol arloa. Eta hain zuzen Unión Cerrajeratik bertatik egokitu zitzaion betebehar hori. Esan genezake afizioz eta ofizioz ere iritsi zitzaiola zeregin hori, enpresaren Aprendizetako Eskolan hasi baitzen dena. Eta kokagune horretan izen bat sortu zen 1948an: UCEA delakoa, hots “Unión Cerrajera Escuela Aprendices”en akronimoaren izenarekin abiatu zen futbol taldea.

Ordurako Unión Cerrajeraren babespean futbol txapelketak antolatzen ziren herrian eta afizionatuek zein nolako arrakastarekin segitzen zuten ikusita, 1948ko urtarrilean enpresak erabaki zuen talde berri bat sortzea. Eta mugimendu haren buruan Gaspar Ezkurra jarri zuten, Eskolan bertan Marrazkiaren Teknologiako irakasle lanetan ere ari zena. Ezkurra lehendakari, Vicente Gagasta lehendakariorde, Javier Mendieta idazkari, eta Anaia Daniel biatorista, Zabaleta, Jauregi, Gallastegi, Bolinaga, Alfonso eta Julio Gorroñogoitia, Ormaetxea, Usatorre eta Beitia bokal izendatu zituen enpresak. Horiexek osatu zuten lehen zuzendaritza. Ikusten denez, geroko Arrasateren bilakaeran erabat inplikatu ziren goi mailako arrasatearrak zeuden zuzendaritza talde hartan.

Erregionaleko UCEA
Aurki Bigarren Erregionaleko lehian hasi zen UCEA eta lehen ekipoan honako jokalari hauek agertzen dira: Agiriano, Maidagan, Mendikute, Bergaretxe, Resusta, Uribarren III, Erguin, Isasi, Uribetxeberria II, Errasti IV eta Uribarren IV. Itsasaldeko multzoaren txapelduna izan zen eta Erregionaleko Lehen Mailara igo zen. UCEA hartatik Errasti III eta Uribarren IV futbolari bikainak atera ziren, Gasteizko Gloriosora joateko.

UCEA taldea Zaldispeko futbol zelaian aritzen zen, hau da Unión Cerrajerak bere terrenoetan eraikitako kirol instalakuntza ederretan. Gaspar Ezkurrak esku trebearekin zuzendu zuen UCEA eta ondorioz ekipoak oso jokalari onak ematen segitu zuen, futbolean iraun zuen bitartean. Ekipoaren lehen entrenadorea Luis Arregi izan zen, halaber Juventud Deportiva Mondragoneko defentsa lanetan ari zena.

1957ko UCEA jubenila
Horregatik, hain zuzen, herrian elkarri lehia egiten zioten bi futbol talde zirelako, Erregionaleko UCEA desagertzea erabaki zen 1957an eta bere ordez jubenilekin osatutakoa sortu zuten. Gasparrek segitu zuen lehendakaritzan eta, bitxikeria bezala aipatu UCEA jubenilaren lehen botikin-arduraduna Jose Luis Ezkurra Gasparren semea izan zela. UCEAren uniformea Argentinako Boca Junior ekipoaren antzerakoa izan zen, urdina marra hori horizontal batekin.

Sagasta, Aranbarri, Larrauri makurtuta, erdian
Talde gazteak egundoko jokalari onak eman zituen – Sagasta, Aranbarri, Larrauri…, futboleko lehen mailan jokatu zutenak, aurreneko biak Errealeko historikotzat jo genitzake eta Larrauri Real Madridek fitxatu zuen. Eta hasiera-hasieratik erakutsi zuen UCEA gazteak bere kalitatea. 1957-58 denboraldian Gipuzkoako txapeldunordeak izan ziren, finala Real Sociedad ekipoaren kontra galduta. Egundoko palmaresa erakutsi zuen UCEA talde jubenilak bere historia laburrean.

Unión Cerrajeraren krisi ekonomiko eta industrialaren kariaz, enpresak futbol ekipoari eustea gehiegizko gastutzat hartu zuen eta UCEA betiko desagertu zen 1965ean.

UCEMeko kirol talde eragilea, erdian eserita Gaspar
Aipatu ditut Zaldispeko kirol instalakuntzak eta hor ere Gasparren eskua ikusi zen, berau egin baitzuen Union Cerrajerak igeritoki, futbol zelai, tenis kantxa, parke eta gainerako kirol ekipamenduaren arduraduna, konplexu haren inauguraziotik, 1948ko uztailaren 24an. Arrasatear eta kanpotar askoren gogoan dago oraindik ere instalakuntza haien garrantzia kirol praktika eta espektakulurako. Garaiko moralaren zirkunstantzia hertsiengatik, tamalez, emakumeek ezin zuten igeritokia erabili. Alderdi hori ezin bada ahaztu ere, Zaldispeko kirol eskaintza oso onuragarria gertatu zen arrasatearrontzat. Bertan, goi mailako igeri txapelketak, futbol partiduak, tenis lehiaketak, saski baloikoak eta usakume-tiroa ikusi ahal izan genituen. Hori guztia, Gasparrenparte hartze zuzenarekin gauzatu zen.

Zaldispe futbol zelaian, Gaspar bigarrena ezkerretik
Gaspar Ezkurra Juventud Deportiva Mondragoneko zuzendaritza lanetan ere aritu zen, lehendakariorde gisa, Jose Martinez de Ubago lehendakaria zenean.

Gaspar 1965eko apirilaren 11an hil zen, bat-batean. Erramu Igandea zen eta arratsalde hartan Iturripe zaharrera zihoan Gasparrek baina bidean gaizki sentitu zen eta Usetxe baserrian mantzanila bat hartuta etxerako bidea hartu zuen. Iturripen, bitartean, “sarrailagileak” Txantrearen kontra jokatzen ari ziren (5-0) Partiduari ekin aurretik isiluneko minutu bat gorde zuten bertaratutakoek eta jokalariek – haien artean Alejandro Gasparren seme nagusia- lazo beltza eraman zuten, egun hartan bertan zendutako Juan Bautista Azkarate “Mondragonés” txapeldun handiaren omenez.

Partidua amaituta, Alejandro semea etxera heltzean aitak galdetu zion “zer ein dozue?” Semearen “Irabazi, aitxa” entzun eta istant gutxi batzuetara bihotzekoak jo zuen eta zerraldo geratu zen. Albistea Arrasateko bazter guztietara zabaldu zen, harridura eta tristura sorraraziz.

Asteartean, 13, izan ziren hileta elizkizunak Parrokian. Jendetza handia bildu zen parrokiara hildakoari azken agurra emateko. Juventud Deportiva Mondragón, UCEA, Arrasateko Txirrindulari Kluba eta elkarte gastronomikoek omenaldi txiki bat eskaini nahi izan zioten hildakoari beren presentziarekin.

Prentsak – El Diario Vasco eta La Voz de España- informazio puntuala ekarri zuen Gasparren heriotzaz. Honela idatzi zuen Chemak apirilaren 15eko Diario Vascoren kronikan:

“Todo el pueblo en masa acudió a los actos póstumos, sumándose también representaciones de diversos clubs de la provincia. Toda la familia futbolísitica de Mondragón ha quedado consternado con este inesperado fallecimiento. Con su óbito ha perdido Mondragón un caballero”
“Zelaitxo”k La Voz de Españaren 14ko edizioan zioen: “Constituyó una manifestación de duelo del pueblo mondragonés a esta personalidad local que fue un fiel colaborador para el deporte en Mondragón”

Mende erdi bat eman da Gaspar Ezkurraren heriotzatik eta arrasatear askorengan oraindik bizirik segitzen du haren oroitzapenak.

Argazkiak: Ezkurra sendia, JMVM eta “El futbol modesto en las Vascongadas” liburua.


ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html


uztaila 16, 2014

EUSKAL JAIA 1964. BIDEOA


Euskal Herrian baziren aurrekariak euskal jaiei buruz. Baina iragan mendeko hirurogeietan Arrasateko giro kultural, sozial eta baita politikoak ere eskatzen zuen gure herrian halako jai berezi bat antolatzea. 

"Danbolina" karrozak bigarren saria eraman zuen
Eta herriko zenbait lagun ideiari eite ematen saiatu ziren, egundoko ezusteko goxoa eraman zutelarik. Herriko instantzia gehienetatik ideiarekin bat zetozela adierazi zitzaien eta, beraz, antolaketa lanei ekin zieten buru belarri. Koadrila, elkarte, lantegi eta hiritar arrunt mordoa jarri zen lanean, ospakizunari ahalik eta itxura onena emateko asmoz. 

Eta data bat markatu zen: 1964ko ekainaren 28. Jaiaren egitaraua San Juaneko programa ofizialean sartu zen, Fiesta Vasca izenarekin.
Kolore askotako aldarrikapena izango zenaren gaineko ilusioak zenbait hilabete lehenagotik piztu zuen garra arrasatear gizartean eta herritarren artean aspaldi ez bezalako lankidetza izpiritua nagusitu zen. Bazirudien arrasatearrak gogo biziz ari zirela ohiko giro gris harekin amaitzeko. Diktadurak itotako ametsak dantzan jartzeko aukera izan zitekeen euskal jaia eta herritarrak prest agertu ziren. 

Jose Mari Ugalde "Larguito"k dioenez,

“Lankidetza eta elkarkidetzak gora jo zuten jai hura antolatzeko. Materialak behar genituen, adibidez, karrozak egiteko eta Unión Cerrajeratik hasita, herriko lantegiak modu positiboz erantzun zuten. Materialak ez ezik, instalazioak ere erabili ahal izan genituen kasu askotan gure lanetarako. Adibidez, Unión Cerrajeran Arantza Alberdiren bitartez Camilo Basterretxea zuzendari nagusiarenganaino jo genuen eta laguntza osoa jaso genuen. Karrozak preparatzeko ederto etorri zen

Jose Luis Armendia eta Gregorio Etxabe izan ziren antolaketa batzordeko kiderik esanguratsuenak eta lagun piloa mugiarazi zuten. 

Pedro Otaduy gogoratzen du:

 “Gure karroza Etxe Zuri baserrian prestatu genuen eta danbolin erraldoi bat irudikatzen zuen. Zurezko egitura lortzeko haltzak moztu behar izan genituen baserri inguruko bazterretan. Eta ideiaren aita Jose Mari Ugalde koadrilako txistularia izan bazen ere Ramon Erizek egin zuen danbolinaren diseinua. Oso ederra geratu zitzaigun eta karrozen arteko txapelketan bigarrena atera zen … nahiz eta, gure ustez, putxerazoa izan zen, gurea kaltetuz. Baina tira, ez gara orain hasiko … ezta?” 

Egun hartako egitaraua hiru zati nagusitan banatu zen. 

Ugalde, Murgia eta Otaduy; "Danbolina" karrozakoak
Goizean kale jira jendatsua izan zen, Nafarroa Etorbideko tren geltokitik hasita. Parte hartu zuten toki askotatik iritsitako txistulariek, Zumarragako eta Donostiako Trikitixek eta Gaztelu Elexabeitiako albokariek.  Alde zaharra eta ondoko kaleetan barrena ibili ondoren, meza nagusia izan zen txistularien Alkate Soinua jo zutelarik. Durangoko Tronperri dantza taldeak Aurreskua dantzatu zuen. Jarraian dantza txapelketa izan zen herriko plazan, egundoko jendetzarekin. Epai mahaian, besteak beste, Pedro Mari Arregi, Pablo Zumelaga eta Antonio Balerdik ihardun zuten.

Goizeko 11´30etan Gurea Zineman lurralde mailako Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako nor gehiagoa izan zen, epai mahaian Euskaltzaindiko kide batzuek toki hartu zutelarik, Alfontso Irigoien besteak beste. Eguerdiko 12etan Angelusa otoitz egin zen eta ordu batean Juan Arzamendik zuzendutako alardea burutu zen herriko plazan, bertsolarien lana tartekatuz. Bertsolarien txapelketak arratsaldean ere jarraitu zuen Gurea zineman. 

Arratsaldeko 4´30etan ekin zitzaion hirugarren zati nagusiari dantzari guztien biribilketa erraldoiarekin, Bilboko Gaztedi eta Durangoko Tronperri taldeek herriko zenbait tokitan eskainiz euren dantzak. Eta horren ondoren, 6etan beste ikuskizun handi bat: karrozen txapelketa.

Herriko koadrilek karroza bana atera zuten. Lehen saria – 2.500 pezetakoa- eraman zuenak “Sagardotegia” irudikatu zuen. Bigarrenak “Danbolina” aurkeztu zuen eta 2.000 pezeta jaso zituen. Iruditutako estanpen artean ikusi ahal izan ziren Teodosio Goñiren istorioa, Arantzazuko Ama Birjinaren agerpena eta euskal kirolen erakusketa zabala. Karroza bakoitzak bere musika laguntzarekin desfilatu zuen. Desfilea amaitutakoan erromeria izan zen plazan eta gaueko 12etan amaiera eman zitzaion, bertara azaldutako publikoak "Agur Jaunak" abesten zuen batera. Plazako ahots gailuek lau haizeetara hedatu zituzten emozioak jotako eztarrietatik ateratako himnoaren notak. 

Joxe Murgiak ongi oroitzen du egun hartako giroa eta azpimarratzen digu:

  Ez dut uste Arrasaten bizi izan dugunik harrez geroztik egun hartako giro atsegina. Alaitasun eta itxaropen jarioko erakustaldi handia izan zen. Handik urtebetera ere egin genuen bigarren edizioa, arrakasta handiz. Baina aurrenekoak ezustekoa eman zuen, ez baikenuen uste hain ederto erantzungo zuenik herri osoak. Duela berrogeita hamar urteko aldarrikapen sozial, kultural eta baita politikoaren islapena izan zen jai hura 

EUSKAL JAI HAREN GAINEKO BIDEOA PRESTATU ZUEN PEDRO SOLOGAISTOA “LASO”K.  HONA HEMEN, DUELA MENDE ERDIKO JAI GIROAREN LEKUKOTASUN GISA.



Argazkiak: Pedro Otaduy, JMVM
Bideoa: Pedro Sologaistoa "Laso" (Eusko Ikaskuntza eta Lasoren sendiaren arteko hitzarmenari esker digitalizatua)

maiatza 29, 2013

ARRASATEKO JUBILATUEN OMENALDIA, 1969 (BIDEOA)




Lehengo larunbatean – maiatzak 25- ospatu zen Arrasateko jubilatuen eguna. Jai polita da urtero ehunka arrasatear adindu biltzen dituena. Polikiroldegia izan da aurten ere ospakizuneko bilgunea eta lepo bete da. Jaia SUDCek antolatu zuen, urte askotako  eskarmentuak eskainitako ohiko maisutasunarekin. 

Gaurko nire artikulu honetan irudi batzuk berreskuratu ditut, 1969koak. Urte hartan Arrasateko jubilatuei SUDCek eratutako jaian, dena den, ez ziren herriko jubilatu guztiak egon. Garaiko ohituraren arabera, gizonezkoak bakarrik izan ohi ziren aintzakotzat hartzen halako erakustaldietan,  eta horixe darakuskigute argi asko bideoko irudiek. Zorionez, gauzak aldatzen joan dira, oraindik bidean puntu asko lotzeke badaude ere.
 
Plazako dantzaldia, elizarainoko kalejira, Unión Cerrajeraren instalakuntzetarainoko ibilaldia, otordua, musika, oparien zozketa eta abar interesgarria azaltzen dizkigute Lasok hartutako irudiek.

Ipini dut otordua, eta ez bazkaria. Zer dela-eta? Ez dut uste Union Cerrajeraren erlojua geldi egongo zenik garai hartan, gaur egun bezalaxe.

 Eta konturatu bazarete, lantegira sartzeko unean erlojuak 7´20 markatzen du. Arratsaldean, beraz? Afari-merixenda? Gure aitonak bapo jarri ziren, irudienarabera. 

Pedro Sologaistoa “Laso” argazkilari zenak grabatu zituen irudiak, Super 8 formatoan. Euskomedia Fundazioaren laguntzaz digitalizatu ahal izan ziren. 

Kanta desberdin batzuk ipini dizkiot eta, besterik gabe, orain "Hots begi danbolinak" blogeko lagunentzat igo dut bideoa.

Bideo hunkigarria da, omenduak izan ziren guzti haietatik inor ez baita bizirik geratzen. SUDCeko arduradunetatik ere asko eta asko desagertu zaizkigu betiko. Zorionez, bideoko beste hainbat protagonistak oraindik osasuntsu jarraitzen dute. Horiei eskainia doa, bereziki, gaurko ekarpen hau.


BIDEOA

 
Argazkiak: bideoko fotogramak













 





















 










 










 










 


































Argazkietan: Jose Azkoaga Resusta, adinduena, parrokoarekin; Olalde, Mujika, Garay antolatzaileak; Arrasate orkestra;   Jaxinto Heriz; Uriarte "Tripitas"; zozketako une bat; Rafa Fernandez aurkezlea, Unai abes-hirukotearekin; Jexus Mari Martinez.



urtarrila 03, 2012

ERREGEEN KABALGATA ARRASATEN


Kabalgata irtetear, Unión Cerrajeratik


Kale erakuspen ikusgarriari dagokionez, Errege Magoak pertsonaia ezagunak ditugu Arrasaten, XX. mendeko berrogeietatik. Eta zeharo lotuta dago horren ospakizuna Ekintza Katoliko Zentroaren iharduera-egitarauarekin. Langile Zentro Katoliko bezala 1915ean sortu zena XVI mendeko Bañez de Artazubiagaren jauregian zegoen kokatua, eta bertatik, zenbait etaparen gorabeherekin, oso lan ederra burutu zuen 1945-70 tartean. Esan daiteke eraikin hartatik irradiatu zela Arrasateko kultura mugimendua, bertan izan baitzuten egoitza hainbat elkartek eta ekimenek.      

Jose Maria Arizmendiarrietaren inguruan lan komisioak jaio ziren, arlo desberdinetan urtean zehar zihardutenak. Hezkuntza, kirol, osasun eta gizarte gaiak jorratzen zituzten batzordeak ziren. Eta garaiko gazteak –neska zein mutilak- inplikatuta zeuden betebehar desberdinetan.

 Batzorde haietako bat Ume Pobreak zeritzana zen, “Niños pobres”, hain zuzen. Pilar Arzamendi zen arduradun haietako bat eta berak gogoratzen duenez “izen harekin are pobreagoak egiten genituen umeak” Helburua, herriko sendi behartsuetako umeentzako laguntza materiala lortzea zen, eta urtean behin jaialdi bat eratzen zen Gurea zineman, Eguberrien aurreko igandean. Bergarako Pello Kirten umorista izaten zen ekitaldi haietako gidaria. Donostiako Maitea Abesbatza, Karlos Fagoaga eta garaiko lehen mailako beste artista batzuk etorri ziren Arrasatera, beharrizanak arintzeko diru apur bat egitea helburu zuten jaialdi haietan parte hartzera, Gurea jendez lepo betetzen zelarik.


Jaialdi hark utzitako diru apur bat Erregeen Kabalgatan inbertitzen zen. Haren atariko bezala, abenduaren 24ko “Bizar Zuri" (1) pertsonaiaren iristea izan ohi zen, hiru errege magoentzako eskutitzak jasotzera Arrasatera azaldua. Postaria herriko kale guztietatik igarotzen zen, umeen mandatuak bilduz. Egun hartarako Unión Cerrajeraren Aprendizen Eskolan lanean ari ziren hiru karrozak prestatzen. Ramon Heriz eta beste zenbait gazteren ekimenez, erregeen garraiagailuek gertu egon behar zuten urtarrilaren 5erako. Baina hor ez zen aurreko prestakuntzen soka amaitzen.
Zentro Katolikoa


Kabalgatan aterako ziren ehun eta berrogeita hamar inguru lagunentzat jantzi aproposak prestatu behar ziren. Emakumeen gauza zen lan hori: Mertxe Etxarri, Amparo Balerdi eta Maria Luisa Madariagaren gidaritzapean Zentro Katolikoan ari ziren jo eta ke hainbat arrasatear emakume zimitarrari, eskutari, zuzilari, paje, lantzari eta abarrentzako jantziak josten. Guztiaren gaineko koordinazioan eta kanpo mandatuetarako arduradun gisa Pilar Arzamendi ibili ohi zen, erregeen zaldien bila Markulete baserrira zihoana edota udal dirulaguntzaren bat lortzeko alkatearekin mintzatzen zena.

Urtarrilaren 5eko gau hura magikoa zen herriko umeentzat. Gerra osteko giro ilun hartan kabalgatak poztasun puntu bat jartzen zuen Arrasateko kaleetan. Hiru erregeak –Rafael Amozarrain (Meltxor), Eugenio Balzategi (Gaspar) eta Simon Arregi (Baltasar)- euren zaldien gainean eta oparietako karrozak atzetik zihoazkielarik,  Unión Cerrajeratik atera eta Biteri, Maala, Toribio Agirre (Olarte), Zarugalde eta Arrasate pasealekutik igaro ondoren herriko plazan amaitzen zen desfilea. Pajeek, erregeen aginduetara, euren etxeetako atarteetan zein puntu konkretu batzuetan egoten ziren umeentzako erregaliak banatzen zituzten etengabe. Behin plazara iritsita, bertan egokitutako jaiotza gurtzen zuten erregeek  eta urrea, intsentsua eta mirra eskaintzen zizkioten Jesus haurrari.

Plazako Jaiotza
   Baina gertatu zen, ilusiozko manifestazio    hark ere bere desbideraketa izan zuela antolatzaileen asmo zuzenetik. Herriko ume guztientzako jaio zen ibilaldi hartan aurki aberatsek hartu zuten protagonismoa eta beren seme-alabentzako opariak entregatzeko pajeen zerbitzuaz baliatu ziren, diru apur baten truke. Horren ordainaz, udal suhiltzaileen eskailera luzeak erabiliz, kabalgatako morroiek dirudunen balkoietaraino –batzuetan bigarren solairutan- igo behar zuten, besoan luxuzko pakete handiak jasoz. Eta ibilbideko erakuspen hari begira ez hain diru-ahaltsuak euren duintasunean jipoituta sentitzen ziren. Zer esanik ez, paje haiek aberatsen apeta asetzeagatik jasaten zuten arriskua handia zen. Ohitura oker hark hamar bat urtez iraun zuen, nik oso ongi gogoratzen baititut berrogeitamarretako erdialdean Toribio Agirreko etxe batera igotzeko pajeek egin beharreko komeriak! Beti izan dira diferentziak!



(1) Sarritan komentatu dut zer irudimen (eta oroimen) gutxi azaldu zuten Txoronpio izena asmatu zutenek. Eta zer esan Txoronpia ulergaitzaz?


Argazkiak: Pilar Arzamendi eta Eugenio Balzategi

ERREGEEN KABALGATARI BURUZ GEHIAGO