Lehengo larunbatean – maiatzak 25- ospatu zen Arrasateko jubilatuen eguna. Jai polita da urtero ehunka arrasatear adindu biltzen dituena. Polikiroldegia izan da aurten ere ospakizuneko bilgunea eta lepo bete da. Jaia SUDCek antolatu zuen, urte askotako eskarmentuak eskainitako ohiko maisutasunarekin.
Gaurko nire artikulu honetan irudi batzuk berreskuratu ditut, 1969koak. Urte hartan
Arrasateko jubilatuei SUDCek eratutako jaian, dena den, ez ziren herriko
jubilatu guztiak egon. Garaiko ohituraren arabera, gizonezkoak bakarrik
izan ohi ziren aintzakotzat hartzen halako erakustaldietan, eta horixe
darakuskigute argi asko bideoko irudiek. Zorionez, gauzak aldatzen joan dira,
oraindik bidean puntu asko lotzeke badaude ere.
Plazako dantzaldia,
elizarainoko kalejira, Unión Cerrajeraren instalakuntzetarainoko ibilaldia, otordua,
musika, oparien zozketa eta abar interesgarria azaltzen dizkigute Lasok
hartutako irudiek.
Ipini dut otordua, eta ez bazkaria. Zer dela-eta? Ez dut
uste Union Cerrajeraren erlojua geldi egongo zenik garai hartan, gaur egun
bezalaxe.
Eta konturatu bazarete, lantegira sartzeko unean erlojuak 7´20
markatzen du. Arratsaldean, beraz? Afari-merixenda? Gure aitonak bapo jarri
ziren, irudienarabera.
Pedro Sologaistoa
“Laso” argazkilari zenak grabatu zituen irudiak, Super 8 formatoan. Euskomedia Fundazioaren laguntzaz digitalizatu ahal izan ziren.
Kanta
desberdin batzuk ipini dizkiot eta, besterik gabe, orain "Hots begi danbolinak" blogeko lagunentzat igo dut bideoa.
Bideo hunkigarria da, omenduak izan ziren guzti haietatik inor ez baita bizirik geratzen. SUDCeko
arduradunetatik ere asko eta asko desagertu zaizkigu betiko. Zorionez, bideoko
beste hainbat protagonistak oraindik osasuntsu jarraitzen dute. Horiei eskainia
doa, bereziki, gaurko ekarpen hau.
BIDEOA
Argazkietan: Jose Azkoaga Resusta, adinduena, parrokoarekin; Olalde, Mujika, Garay antolatzaileak; Arrasate orkestra; Jaxinto Heriz; Uriarte "Tripitas"; zozketako une bat; Rafa Fernandez aurkezlea, Unai abes-hirukotearekin; Jexus Mari Martinez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina