Pedro de San Elias etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pedro de San Elias etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

urria 21, 2026

PEDRO ERIZ EGILUZ ARAMAIXOARRA:DOHATSU

 

Pedro Egiluz edo Pedro de San Elias aramaixoarra

Inori ezer esaten al dio Pedro de San Elias izenak? Niri behintzat ez zidan ezertxo ere gogora ekartzen, nire eskuetara aramaixoar baten liburua ailegatu arte. Antonio Unzueta Etxebarria Salezango semeak “Beato Pedro de San Elias. Biografia y Epistolario” (El Cármen. Vitoria-Gasteiz. 2015) deritzana eskuetaratu bezain laster konturatu nintzen… zein gutxi dakigun gure gauzetaz!. Zein azkar estaltzen dituen hautsak oroitzapenak! Izan ere, Aramaioko herriak oroitu behar zuen, nola edo hala, izan zela “Bolunburu” baserrian jaiotako seme bat, bere ekintzengatik garai batean nabarmendu zena, erlijio-esparruan izan bazen ere. Nik ez diot justizia egin nahi aramaioar horri, lehenik eta behin injustizia nolako tamainakoa izan den ez dakidalako. Beraz, niri dagokidanez, nire ezjakintasuna aitortzea, eta blog honetara gizon haren bizitza zertzelada batzuk jartzea besterik ez zait otutzen. Horrela, agian, argi apurtxo bat gehiago jarriko dugu Aramaion jaiotako seme-alaba ahaztuen gain.

Pedro de San Elias, ez zen izen horrekin jaio, Pedro Eriz Egiluz bezala baizik. Eta Baraxuengo Bolunburu (Bolinbu) baserrian munduratu zen 1867ko otsailaren 22an, gurasoak Domingo eta Klara zirelarik, biak garagartzarrak. Pedro bikia jaio zen, Paskasio anaiarekin. Ezer ez dakigu bi mutiko haien haurtzaroari buruz, ezta nerabezaroko lehen urteei dagokienez. Batzuek diotenez, Pedro eta Paskasio Araba aldera bidali zituzten gazteleraz ikas zezaten, eta beste batzuen arabera Bizkai aldeko mehatzetan aritu zen Pedro.

Antonio Unzuetak, berriz, dio bere liburuan, Pedro Eriz Larreako  karmeldarren komentura sartu zela, eta 23 urterekin fraidetzako ikasketak burutu zituela. Orduantxe hartu zuen Pedro de San Elias izena. Handik Burgosera bidali zuten eta Gaztelako hiriburuan apaiztu zen, 1897an. Esan behar da, Paskasio anaiak ere bide beretik jo zuela. Apaiztuta,  Ebroko Mirandako Herrerako monastegira aldatu zen - Herrerako basamortua esaten zitzaion- eta bertan bi urte egin zituen, helburu garaiagoetarako bere burua prestatzen ari.

Karmeldarrek 1899an  Mexikora igorri zuten Pedro, helburu konkretu batekin: ordenaren presentzia egonkortzea eta zabaltzea. Lanean jarrita, estatu hartako Durangoko karmeldarren komentua sortu zuen 1902an eta bertako nobizioen arduradun nagusi hautatu zuten aramaixoarra. Handik lasterrera Mexikoko karmeldarren Bisitari Jenerala egin zuten,

Bolunburu (Bolinbu) baserria
Arazoak izan zituzten ordena erlijiosoek Mexikoko gobernuarekin, 
eta Pedro de San Elias Kaliforniara aldatu zen 1905ean. Handik Arizonara, beti fraideen asmo hedatzaileak gauzatu nahian. Erlijio-fundazioak sortu zituen Ameriketako Estatu Batuetako lurralde hartan eta 1912an Arizonako meatzarien fundazioa sortzeko agindua jaso zuen eta horixe bete zuen 1913an; lantegian bere anaia Pascasiok lagundu zion. Zenbait urteren ondoren, Tucson hiriburura joan zen, bertako Santa Cruz elizaren zerbitzura jartzera. Baina berriro deitu zuten Mexikotik.

 Durangon jardun zuen erretore eta lurraldeko bikario gisa 1926ra arte. Urte hartan ordena erlijiosoetako fraideen ondasun guztiak estatuaren esku geratu ziren eta gure Pedro Erizek Mexikotik atera behar izan zuen, Arizonara itzuliz. Eta Tucsoneko nagusia izan zen bi urtez, alik eta penintsulara itzuli behar zuela agindu zitzaion arte. Hogeita hamar urte egin zituen Mexiko eta Estatu Batuetan eta 1930ean Kataluniako nobizioen maisu izendatu zuten. Diodan, Pascasio anaiak Washingtoneko karmeldarren kargu berean ipini zuela ordenak urte hartan.

Pedro Eriz Egiluz edo Pedro de San Eliasek zoritxarreko amaiera izan zuen bizitzan, 1936ko gerra madarikatuan preso egin baitzuten eta azaroaren 11an fusilatu, beste fraidekide batzuekin batera. Elizak 2013an Dohatsu - beato-  izendatu zuen Pedro Eriz Egiluz edo Pedro de San Elias "Bolunburu" baserriko aramaixoarra.

 Argazkiak: JMVM

210303