abendua 17, 2014

DAVID ARZAMENDI: 100 URTE (Bideoa)


David, hirugarrena ezkerretik, parrokiako abeskide batzuekin


              BABESLEA: http://www.fentmuntanyaiformacio.es

David Arzamendik  ehun urte beteko zituen aurtengo abenduaren 15ean. Ezaguna den moduan, iragan urtarrilaren 25ean zendu zen David. Bere egunean txoko honetan bere heriotzaren albistea eman nuen. Behean dauka irakurleak orduko artikulurako esteka, arrasatear emankor honen gaineko idazkirakoa. 

Gaurkoan iragan astelehenean – hilak 15- Arrasateko parrokiako abesbatzak eta organo joleek Daviden oroitzapenez eskainitako ekitaldian grabatutako bideo bat ekarri nahi izan dut. Davidek ia zortzi hamarkada eman zituen parrokiako organo jole moduan eta musikazale amorratua zen. Besteak beste, Aita Madinaren musika zuen laket eta modu berezian haren Aita Gurea otoitz-kantarekin bibratzen zuen.
Ziortzako kolegiatan, parrokiako txango batean
Daviden jaiotzaren mendeurrena modu xehean ospatu genuen elizara bertaratutakook eta abesbatzaren zein organo joleen musikarekin gozatu genuen, XX. mendeko Arrasateko musikagintzan argi bereziz nabarmendutako gizona gogoratzen genuen batera. 

Hona hemen bideoa:  

Gehiago David Arzamendiri buruz:


Argazkiak: JMVM 
 http://www.fentmuntanyaiformacio.es
 

abendua 10, 2014

ARRASATEKO GURIDI ANAIA PILOTARIAK (1/2tik)



Juan Kruz eta Daniel (eskuinean)
Ziurrenik, Daniel eta Juan Kruz Guridi Arregi ditugu Arrasatek eman dituen pilotaririk internazionalenak.  Bitxikeria batekin: ez zuten Arrasaten sekula pilotan ihardun. Izan zuten beste anaia bat ere pilotari, Eustakio, baina ez zen haien mailara heldu. Gaurko ekarpen honetan, Daniel eta Juan Kruzen nondik norakoari atxikiko natzaio. Danielen alaba Lillian eta Rosa Mari Guridi loba izan ditut datu emaileak. Bestalde, Danieli Ignazio Zulaikak 1992an egin zion elkarrizketa ere erabili dut. 

Bi anaiak Jose Jazinto Guridi Aranguren “Munar” eta Tomasa Arregi Narbaiza senar-emaztek 1896an sortutako sendian jaio ziren. Hamar anaia-arreba izan ziren guztira: Alejandra, Ines, Pilar, Jazinto, Daniel, Juan Kruz, Marzela, Eustakio, Juanita eta Salome. Daniel 1906an jaio zen eta Juan Kruz bi urte geroago.

Jose “Munar” aita kontratista zen eta bere gaztaroan pilotari moduan ere ibili zen, Joxe Mari Urangaren apunte batean irakurri dudanez. Ofizioko lanak Donostiara eraman zuen Guridi-Arregi sendi osoa, Loiolako kuarteletako obrak egiten ari ziren eta. Daniel semeak gogoratzen zuen: 

Daniel, 1934an
“Nire aita kontratista zen eta Donostiara joan ginen. Han Paseo de Atotxako frontoian ibiltzen nintzen, hasieran erremontean egin nituen lehen urratsak baina azkenean, erremontean dirurik irabazten ez zenez, zestan sartu nintzen. Gogoratzen naiz, Donostiako txapelketa batetan modalitate guztietan aurkeztu nintzela: eskuz, erremontean eta zestan. Eta denetan finalera heldu nintzen. Beno, erremontea utzi egin nuen eta zestan hasi, 17 urterekin edo, Italiara joateko aukera izan nuen. Bertan, Pasaiako gizon bat zegoen intendente modura eta hark eraman ninduen eta horrela joan nintzen; 3 lekutan jokatu nuen han, hasieran Florentzian, diru gutxien han irabazten zen, eta maila kaxkarrena  ere bertan zegoen. Denborarekin, mailan igotzen zinen eta Turinera eta azkenik Milanera, maila handieneko lekura eta diru gehien irabazten zenera; dena den, Italia orduan gosez hiltzen zegoen eta oso pobrea zen” 

Etxekoek diotenez, Daniel – oso itxura fisiko galantekoa- boxeoan ere aritu nahi izan zen baina horzdura egokia ez zuelako aholkatu ei zioten hobe zela pilotan segitzea. Italiatik etxera itzuli zen, soldadutza egiteko. Burgosen bete zuen aldi militarra eta behin amaituta, ostera enbarkatu zen pilotaren abenturan: 

Egipto garaiko kartel bat
“Orduan urrutiago joan nintzen,  Egiptora.  Alejandrian eta El Cairon egon nintzen, lehenik Alejandrian 6 hilabeteko denboraldia jokatzen, diru dexente irabazten zen eta gu hemendik joanda diru harekin erregeen moduan bizi ginen. Ondoren El Cairora, han denboraldi luzeagoa egiten zen eta gutxiago kobratu. Bi hiriburuen arteko txapelketa bat ere antolatzen zen, eta horrela ibiltzen ginen; gu han nagusiak ginen, jekeek euren dendetara gonbidatzen gintuzten, irabazten genuen dirua gastatu egiten genuen, setazko arropak, pijamak. Behin, Bartzelonara etorrita, pentsio bateko emakumea gurekin oso ondo portatu zen et opari bat egitea erabaki genuen. Zer nahi zuen galdetu, eta berak pijama eskatu zidan; setazkoa zen eta soinekoa egitea pentsatuta zeukan. Egiptotik, munduko bestaldera, hain zuzen Brasilera, Sao Paolora aldatu ginen. Han ere beste hiriburu baten aurka antolatzen zen txapelketa bat, Rio Janeiroren aurka. Gogoratzen naiz, Brasilera nindoala nola eraman nuen nire arreba bat, Pilar, nirekin itsasontzian, berak hemendik alde egin nahi zuen eta. Argentinara eraman nuen, berak nire gelan eta ni toldopean joan nintzen bidai guztian” 

http://www.fentmuntanyaiformacio.es

Miamin, Juan Kruz zutik gorbatadunaren atzean, 1926an
Danielek aipatutako arreba Pilar, ordurako Argentinako Juninen zegoen beste anaia Jazintorengana zihoan. 1929 gertatzen zen hori eta itsasaldia “Conte Rosso” ontzian egin zuten. Esan daiteke, II Munduko Gerran itsasontzia italiar tropak garraiatzeko erabili zela eta 1941ean torpedeatu egin zutela britainiarrek, hondoratuz. Brasileko egonaldia amaitutzat emanda, Danielek beste jauzi bat eman zuen bere karreran: 

“Brasildik Kolonbiara hurbildu nintzen. Gogoratzen dut han urrearekin ordaindu zigutela, baina oso arriskutsua zen eta badaezpada aldatu egiten genuen, urrea poltsikoan eramatea ez baitzen kontu ederra. Handik Perura joan nintzen, Limara, baina ezin izan nuen debutatu. Gauean jokatu behar nuen eta besteak arratsaldez ari ziren bitartean lagun bat eta biok zaldi karrerak ikustera joan ginen, hipodromoa alboan zegoen eta. Bertan nazioko presidentea zegoen gure moduan zaldi karrerak ikusten baina hura palkuan. Tiro batzuk entzun ziren eta presidentea hil egin zen. Atentatua izan zen, eta nik ez nuen debutatzerik izan”

Luis Miguel Sánchez Cerro izan zen lehendakari eraila eta hori 1933ko maiatzaren 30ean gertatu zen. Limako frontoiaren enpresariarekin Bogotara aldatu zen, jesuitena zen frontoi batean aritzeko. Bogotan 1936ra arte ihardun zuen, oso emaitza onekin. Danielek berak aitortzen zuen moduan, diru asko egin zuten, frontoietan asko jokatzen baitzen, batez ere kinieletara. Baina poltsikora iristen zen erraztasun berdinarekin ahitzen zen. Egunean bizi ziren. Danielek, dena den, bazuen abantaila bat gainerako pilotarien aldean: oinarrizko kultura zabala, Arrasateko Arano maisuarekin ikasi baitzuen. Gainerakoen artean askok ez zekiten irakurtzen ezta idazten ere. Kolonbiako abenturari amaiera emanez, ozeanoa berriz zeharkatzea planteatu zitzaion: 

Shangai aldiko kartel bat, Danielen irudiarekin
“Bartzelonara etorri nintzen, eta gero Txinara: Shangai eta Tien-Singnen jokatu nuen. Oso pilotaleku dotoreak ziren eta gu erregeen modura: manikura egiten, sukaldariak eta bertako kabaret onenean guretzako mahaiak erreserbatuta, mahai gainean txanpan botila eta afaria. Aurrean orkestra, luxu guztia genuen. Frontoietan gure izenik asmatzen ez zutelako bakoitzari zenbaki bat jarri ziguten ezagutzeko. Bi hirien artean ere txapelketa bat antolatzen zuten eta ni beti nengoen jokatzeko prest. Japoniarrak sartu ziren, gerra sortu zen bi herrien artean eta gu kanpora bota gintuzten” 

Daniel, Shangai aldiko komik batean
1935ean heldu zen Daniel Txinara eta publizitateak "Super As berria"tzat hartzen zuen.Anaia Juan Kruz ere Txinara joan zenez gero, ordudanik Daniel kirol izena Guridi I izatera erabaki zuten. II Munduko Gerraren eraginak, beraz, Danielenganaino iritsi ziren. Daniel eta bere anaia Juan Kruzengana ere, Txinako frontoietan egin baitzuten lehen aldiz bat, euren bizitza profesionalean.  Eta Txinatik Mexikora eta geroxeago Floridara egin zuen salto Danielek, Juan Kruzek Guamera zihoan bitartean. Baina gerrak hurbilagotik harrapatu zuen Daniel: 

“Floridatik Filipinetara joan ginen. Gainera, gure itsasontzia Filipinetara heldu zen azkena izan zen urte batzuetan, japoniarrenak ezik. Ontzi hark 10.000 tona dinamita zituen zama modura. Filipinetako hegoaldera heldu ginen nahiz eta gure helmuga Manila zen. Presaka atera gintuzten ontzitik. Gu harritu egin ginen eta eskerrak, izan ere, ontzia utzi eta berehala lehertu egin zen. Gero handik Manilara oinez egin genuen bidea: 600 kilometroko bidea, a zer abentura! Manilan, Japoniarrek frontoia itxita zeukaten baina ostera zabaldu zuten, bizimodu normalaren itxura emateko asmoz. Gerra han ezagutu nuen, baina, baita nire emaztea izango zen neska ere. Gu izan ginen Filipinetan gerra amaituta ezkondu ziren lehenak. Oso gogorra izan zen hango bizimodua eta nik 67 kilo baino ez nituen” 

Ezkontza eguneko argazkia
Lillian Pardo de Taberarekin ezkondu zen Daniel 1945ean, eta giro hartan aurreratzerik ikusten ez zutenez gero, berriro itsasontzia hartu eta Mexikora aldatu zen senar-emazte bikotea. 

“Bertan hasi nintzen jokatzen eta ondoren Tijuanan bi urte egin genituen. Mexico D.Fra itzuli ginen eta denboraldiak Miamin egiten nituen, West Palm Beach frontoian: izugarri polita  zen. Mexiko hiriburuan utzi nuen nire karrera, 51 urterekin. Enpresariek ez zuten nahi, baina bazen ordua” 

Danielen azken agurra, Palm Beachen, 1958an
Daniel frontoietatik aldenduta, arma denda bat ipini zuen hiriburuan. Insurgentes Etorbidean zeukan negozioa, batez ere Eibarretik inportatzen zituen pistola eta eskopetekin, baina baita Beretta eta Breda markakoak ere. Denda zabaldu ahal izateko baimena Mexikoko Barne Ministeriotik ematen zen, eta egun batean jeneral batzuk hurbildu zitzaizkion Danieli, “mordida”ren eske. Denda ixtea erabaki zuen, satrapa haien eskuetara erori aurretik. Acapulcoko Wolkswagen-eko banaketako zuzendari izateko presentatu zen eta baita kargua irabazi ere. Hilabete batzuk egin zituen lan horretan gizarte egoera ez baitzen egokiena eta kale giroa arriskutsua bilakatzen ari zen. Eta penintsulara itzultzea erabaki zuen Danielek.

Hurrengo batean segituko dut guriditarren kirol istorioarekin.

Argazkiak: Lillian Guridi, Rosa Mari eta Joxe Guridi. 

Bigarren artikulua:


 
http://www.fentmuntanyaiformacio.es