Juan Kruz eta Daniel (eskuinean) |
Ziurrenik,
Daniel eta Juan Kruz Guridi Arregi ditugu Arrasatek eman dituen pilotaririk
internazionalenak. Bitxikeria batekin:
ez zuten Arrasaten sekula pilotan ihardun. Izan zuten beste anaia bat ere
pilotari, Eustakio, baina ez zen haien mailara heldu. Gaurko ekarpen honetan,
Daniel eta Juan Kruzen nondik norakoari atxikiko natzaio. Danielen alaba
Lillian eta Rosa Mari Guridi loba izan ditut datu emaileak. Bestalde, Danieli
Ignazio Zulaikak 1992an egin zion elkarrizketa ere erabili dut.
Bi
anaiak Jose Jazinto Guridi Aranguren “Munar” eta Tomasa Arregi Narbaiza
senar-emaztek 1896an sortutako sendian jaio ziren. Hamar anaia-arreba izan
ziren guztira: Alejandra, Ines, Pilar, Jazinto, Daniel, Juan Kruz, Marzela, Eustakio,
Juanita eta Salome. Daniel 1906an jaio zen eta Juan Kruz bi urte geroago.
Jose
“Munar” aita kontratista zen eta bere gaztaroan pilotari moduan ere ibili zen, Joxe Mari Urangaren apunte batean irakurri dudanez.
Ofizioko lanak Donostiara eraman zuen Guridi-Arregi sendi osoa, Loiolako
kuarteletako obrak egiten ari ziren eta. Daniel semeak gogoratzen zuen:
Daniel, 1934an |
“Nire aita kontratista
zen eta Donostiara joan ginen. Han Paseo de Atotxako frontoian ibiltzen
nintzen, hasieran erremontean egin nituen lehen urratsak baina azkenean,
erremontean dirurik irabazten ez zenez, zestan sartu nintzen. Gogoratzen naiz,
Donostiako txapelketa batetan modalitate guztietan aurkeztu nintzela: eskuz,
erremontean eta zestan. Eta denetan finalera heldu nintzen. Beno, erremontea
utzi egin nuen eta zestan hasi, 17 urterekin edo, Italiara joateko aukera izan
nuen. Bertan, Pasaiako gizon bat zegoen intendente modura eta hark eraman
ninduen eta horrela joan nintzen; 3 lekutan jokatu nuen han, hasieran
Florentzian, diru gutxien han irabazten zen, eta maila kaxkarrena ere
bertan zegoen. Denborarekin, mailan igotzen zinen eta Turinera eta azkenik
Milanera, maila handieneko lekura eta diru gehien irabazten zenera; dena den,
Italia orduan gosez hiltzen zegoen eta oso pobrea zen”
Etxekoek diotenez, Daniel – oso itxura fisiko galantekoa- boxeoan ere aritu
nahi izan zen baina horzdura egokia ez zuelako aholkatu ei zioten hobe zela
pilotan segitzea. Italiatik etxera itzuli zen, soldadutza egiteko. Burgosen
bete zuen aldi militarra eta behin amaituta, ostera enbarkatu zen pilotaren
abenturan:
Egipto garaiko kartel bat |
“Orduan urrutiago joan
nintzen, Egiptora. Alejandrian eta El Cairon egon nintzen,
lehenik Alejandrian 6 hilabeteko denboraldia jokatzen, diru dexente irabazten
zen eta gu hemendik joanda diru harekin erregeen moduan bizi ginen. Ondoren El
Cairora, han denboraldi luzeagoa egiten zen eta gutxiago kobratu. Bi hiriburuen
arteko txapelketa bat ere antolatzen zen, eta horrela ibiltzen ginen; gu han nagusiak
ginen, jekeek euren dendetara gonbidatzen gintuzten, irabazten genuen dirua
gastatu egiten genuen, setazko arropak, pijamak. Behin, Bartzelonara etorrita,
pentsio bateko emakumea gurekin oso ondo portatu zen et opari bat egitea
erabaki genuen. Zer nahi zuen galdetu, eta berak pijama eskatu zidan; setazkoa
zen eta soinekoa egitea pentsatuta zeukan. Egiptotik, munduko bestaldera, hain
zuzen Brasilera, Sao Paolora aldatu ginen. Han ere beste hiriburu baten aurka
antolatzen zen txapelketa bat, Rio Janeiroren aurka. Gogoratzen naiz, Brasilera
nindoala nola eraman nuen nire arreba bat, Pilar, nirekin itsasontzian, berak
hemendik alde egin nahi zuen eta. Argentinara eraman nuen, berak nire gelan eta
ni toldopean joan nintzen bidai guztian”
Miamin, Juan Kruz zutik gorbatadunaren atzean, 1926an |
Danielek aipatutako arreba Pilar, ordurako Argentinako Juninen zegoen beste
anaia Jazintorengana zihoan. 1929 gertatzen zen hori eta itsasaldia “Conte
Rosso” ontzian egin zuten. Esan daiteke, II Munduko Gerran itsasontzia italiar
tropak garraiatzeko erabili zela eta 1941ean torpedeatu egin zutela
britainiarrek, hondoratuz. Brasileko egonaldia amaitutzat emanda, Danielek
beste jauzi bat eman zuen bere karreran:
“Brasildik Kolonbiara
hurbildu nintzen. Gogoratzen dut han urrearekin ordaindu zigutela, baina oso
arriskutsua zen eta badaezpada aldatu egiten genuen, urrea poltsikoan eramatea
ez baitzen kontu ederra. Handik Perura joan nintzen, Limara, baina ezin izan
nuen debutatu. Gauean jokatu behar nuen eta besteak arratsaldez ari ziren
bitartean lagun bat eta biok zaldi karrerak ikustera joan ginen, hipodromoa
alboan zegoen eta. Bertan nazioko presidentea zegoen gure moduan zaldi karrerak
ikusten baina hura palkuan. Tiro batzuk entzun ziren eta presidentea hil egin
zen. Atentatua izan zen, eta nik ez nuen debutatzerik izan”
Luis Miguel Sánchez Cerro izan zen lehendakari eraila eta hori 1933ko
maiatzaren 30ean gertatu zen. Limako frontoiaren enpresariarekin Bogotara
aldatu zen, jesuitena zen frontoi batean aritzeko. Bogotan 1936ra arte ihardun
zuen, oso emaitza onekin. Danielek berak aitortzen zuen moduan, diru asko egin
zuten, frontoietan asko jokatzen baitzen, batez ere kinieletara. Baina poltsikora
iristen zen erraztasun berdinarekin ahitzen zen. Egunean bizi ziren. Danielek,
dena den, bazuen abantaila bat gainerako pilotarien aldean: oinarrizko kultura
zabala, Arrasateko Arano maisuarekin ikasi baitzuen. Gainerakoen artean askok
ez zekiten irakurtzen ezta idazten ere. Kolonbiako abenturari amaiera emanez,
ozeanoa berriz zeharkatzea planteatu zitzaion:
Shangai aldiko kartel bat, Danielen irudiarekin |
“Bartzelonara etorri
nintzen, eta gero Txinara: Shangai eta Tien-Singnen jokatu nuen. Oso pilotaleku
dotoreak ziren eta gu erregeen modura: manikura egiten, sukaldariak eta bertako
kabaret onenean guretzako mahaiak erreserbatuta, mahai gainean txanpan botila
eta afaria. Aurrean orkestra, luxu guztia genuen. Frontoietan gure izenik
asmatzen ez zutelako bakoitzari zenbaki bat jarri ziguten ezagutzeko. Bi hirien
artean ere txapelketa bat antolatzen zuten eta ni beti nengoen jokatzeko prest.
Japoniarrak sartu ziren, gerra sortu zen bi herrien artean eta gu kanpora bota
gintuzten”
Daniel, Shangai aldiko komik batean |
1935ean heldu zen Daniel Txinara eta publizitateak "Super As berria"tzat hartzen zuen.Anaia Juan Kruz ere Txinara joan zenez gero, ordudanik Daniel kirol izena Guridi I izatera erabaki zuten. II Munduko Gerraren eraginak, beraz, Danielenganaino iritsi ziren. Daniel
eta bere anaia Juan Kruzengana ere, Txinako frontoietan egin baitzuten lehen
aldiz bat, euren bizitza profesionalean. Eta Txinatik Mexikora eta geroxeago Floridara egin
zuen salto Danielek, Juan Kruzek Guamera zihoan bitartean. Baina gerrak
hurbilagotik harrapatu zuen Daniel:
“Floridatik Filipinetara
joan ginen. Gainera, gure itsasontzia Filipinetara heldu zen azkena izan zen
urte batzuetan, japoniarrenak ezik. Ontzi hark 10.000 tona dinamita zituen zama
modura. Filipinetako hegoaldera heldu ginen nahiz eta gure helmuga Manila zen.
Presaka atera gintuzten ontzitik. Gu harritu egin ginen eta eskerrak, izan ere,
ontzia utzi eta berehala lehertu egin zen. Gero handik Manilara oinez egin
genuen bidea: 600 kilometroko bidea, a zer abentura! Manilan, Japoniarrek
frontoia itxita zeukaten baina ostera zabaldu zuten, bizimodu normalaren itxura
emateko asmoz. Gerra han ezagutu nuen, baina, baita nire emaztea izango zen
neska ere. Gu izan ginen Filipinetan gerra amaituta ezkondu ziren lehenak. Oso
gogorra izan zen hango bizimodua eta nik 67 kilo baino ez nituen”
Ezkontza eguneko argazkia |
Lillian Pardo de Taberarekin ezkondu zen Daniel 1945ean, eta giro hartan
aurreratzerik ikusten ez zutenez gero, berriro itsasontzia hartu eta Mexikora
aldatu zen senar-emazte bikotea.
“Bertan hasi nintzen
jokatzen eta ondoren Tijuanan bi urte egin genituen. Mexico D.Fra itzuli ginen
eta denboraldiak Miamin egiten nituen, West Palm Beach frontoian: izugarri polita
zen. Mexiko hiriburuan utzi nuen nire karrera, 51 urterekin. Enpresariek ez
zuten nahi, baina bazen ordua”
Danielen azken agurra, Palm Beachen, 1958an |
Daniel frontoietatik aldenduta, arma denda bat ipini zuen hiriburuan.
Insurgentes Etorbidean zeukan negozioa, batez ere Eibarretik inportatzen zituen
pistola eta eskopetekin, baina baita Beretta eta Breda markakoak ere. Denda
zabaldu ahal izateko baimena Mexikoko Barne Ministeriotik ematen zen, eta egun
batean jeneral batzuk hurbildu zitzaizkion Danieli, “mordida”ren eske. Denda
ixtea erabaki zuen, satrapa haien eskuetara erori aurretik. Acapulcoko Wolkswagen-eko
banaketako zuzendari izateko presentatu zen eta baita kargua irabazi ere.
Hilabete batzuk egin zituen lan horretan gizarte egoera ez baitzen egokiena eta
kale giroa arriskutsua bilakatzen ari zen. Eta penintsulara itzultzea erabaki
zuen Danielek.
Hurrengo batean segituko dut guriditarren kirol istorioarekin.
Argazkiak: Lillian Guridi, Rosa Mari eta Joxe Guridi.
Bigarren artikulua:
Bigarren artikulua:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina