Kabalgata irtetear, Unión Cerrajeratik |
Kale erakuspen ikusgarriari dagokionez, Errege Magoak pertsonaia ezagunak ditugu Arrasaten, XX. mendeko berrogeietatik. Eta zeharo lotuta dago horren ospakizuna Ekintza Katoliko Zentroaren iharduera-egitarauarekin. Langile Zentro Katoliko bezala 1915ean sortu zena XVI mendeko Bañez de Artazubiagaren jauregian zegoen kokatua, eta bertatik, zenbait etaparen gorabeherekin, oso lan ederra burutu zuen 1945-70 tartean. Esan daiteke eraikin hartatik irradiatu zela Arrasateko kultura mugimendua, bertan izan baitzuten egoitza hainbat elkartek eta ekimenek.
Jose
Maria Arizmendiarrietaren inguruan lan komisioak jaio ziren, arlo desberdinetan
urtean zehar zihardutenak. Hezkuntza, kirol, osasun eta gizarte gaiak jorratzen
zituzten batzordeak ziren. Eta garaiko gazteak –neska zein mutilak- inplikatuta
zeuden betebehar desberdinetan.
Batzorde haietako bat Ume Pobreak zeritzana
zen, “Niños pobres”, hain zuzen. Pilar Arzamendi zen arduradun haietako
bat eta berak gogoratzen duenez “izen harekin are pobreagoak egiten genituen
umeak” Helburua, herriko sendi behartsuetako umeentzako laguntza materiala
lortzea zen, eta urtean behin jaialdi bat eratzen zen Gurea zineman, Eguberrien
aurreko igandean. Bergarako Pello Kirten umorista izaten zen ekitaldi haietako
gidaria. Donostiako Maitea Abesbatza, Karlos Fagoaga eta garaiko lehen mailako
beste artista batzuk etorri ziren Arrasatera, beharrizanak arintzeko diru apur
bat egitea helburu zuten jaialdi haietan parte hartzera, Gurea jendez lepo
betetzen zelarik.
Jaialdi
hark utzitako diru apur bat Erregeen Kabalgatan inbertitzen zen. Haren atariko
bezala, abenduaren 24ko “Bizar Zuri" (1)
pertsonaiaren iristea izan ohi zen, hiru errege magoentzako eskutitzak jasotzera
Arrasatera azaldua. Postaria herriko kale guztietatik igarotzen zen, umeen
mandatuak bilduz. Egun hartarako Unión Cerrajeraren Aprendizen Eskolan lanean
ari ziren hiru karrozak prestatzen. Ramon Heriz eta beste zenbait gazteren
ekimenez, erregeen garraiagailuek gertu egon behar zuten urtarrilaren 5erako.
Baina hor ez zen aurreko prestakuntzen soka amaitzen.
Urtarrilaren 5eko
gau hura magikoa zen herriko umeentzat. Gerra osteko giro ilun hartan
kabalgatak poztasun puntu bat jartzen zuen Arrasateko kaleetan. Hiru erregeak
–Rafael Amozarrain (Meltxor), Eugenio Balzategi (Gaspar) eta Simon Arregi
(Baltasar)- euren zaldien gainean eta oparietako karrozak atzetik zihoazkielarik, Unión Cerrajeratik
atera eta Biteri, Maala, Toribio Agirre (Olarte), Zarugalde eta Arrasate
pasealekutik igaro ondoren herriko plazan amaitzen zen desfilea. Pajeek,
erregeen aginduetara, euren etxeetako atarteetan zein puntu konkretu batzuetan
egoten ziren umeentzako erregaliak banatzen zituzten etengabe. Behin plazara
iritsita, bertan egokitutako jaiotza gurtzen zuten erregeek eta urrea, intsentsua eta mirra eskaintzen
zizkioten Jesus haurrari.
Plazako Jaiotza |
Baina gertatu zen, ilusiozko manifestazio hark ere bere desbideraketa
izan zuela antolatzaileen asmo zuzenetik. Herriko ume guztientzako jaio zen
ibilaldi hartan aurki aberatsek hartu zuten protagonismoa eta beren
seme-alabentzako opariak entregatzeko pajeen zerbitzuaz baliatu ziren, diru
apur baten truke. Horren ordainaz, udal suhiltzaileen eskailera luzeak erabiliz,
kabalgatako morroiek dirudunen balkoietaraino –batzuetan bigarren solairutan-
igo behar zuten, besoan luxuzko pakete handiak jasoz. Eta ibilbideko erakuspen
hari begira ez hain diru-ahaltsuak euren duintasunean jipoituta sentitzen
ziren. Zer esanik ez, paje haiek aberatsen apeta asetzeagatik jasaten zuten
arriskua handia zen. Ohitura oker hark hamar bat urtez iraun zuen, nik oso ongi
gogoratzen baititut berrogeitamarretako erdialdean Toribio Agirreko etxe batera
igotzeko pajeek egin beharreko komeriak! Beti izan dira diferentziak!
(1) Sarritan komentatu dut zer irudimen (eta oroimen) gutxi azaldu zuten Txoronpio izena
asmatu zutenek. Eta zer esan Txoronpia ulergaitzaz?
Argazkiak: Pilar Arzamendi eta Eugenio Balzategi
ERREGEEN KABALGATARI BURUZ GEHIAGO
.....pozten naiz gerra osteko "ume" horiengatik......
ErantzunEzabatuzerbaitetarako balio bazuen...
Ez dakit balio ote zuen ezertarako. Baina horrela gertatu zen. Garaiak aldatzen doaz... baina horrexegatik ere inoiz edo inoiz topo egiten dute eta errepikatu egiten dira istorioak. Izan ongi!
ErantzunEzabatu