Hogeita hamar urte beteko dira bihar,
abenduak 30, 1979an hildako Iokin Zaitegiren biografia aurkeztu nuenetik
Arrasateko Udaletxean. Duela zenbait egun, Guatemalatik testu interesgarri bat
iritsi zait, Zaitegiren gaineko lizentziatura-tesi bati dagokiona, eta gai
horretara aurreragoko beste sarrera batekin itzuliko naizen arren, gaur lerro
batzuk eskaini nahi dizkiot biografiaren aurkezpen hari.
Gorriak
eta bost ikusi nituen liburua publikatu ahal izateko. Nik neronek hartu nuen
argitalpenaren ardura eta erronka ekonomikoa ez zen makala gertatu. Iokinena
baino bi urte lehenago idatzi nuen “Sebero Altube” liburua Donostiako Aurrezki
Kutxaren Argitalpen Zerbitzuaren eskutik kaleratu zen eta ez nintzen alderdi
ekonomikoaz arduratu behar izan. Iokinenak, berriz, buruhauste ugari ekarri
zizkidan. Gastuen kopurua garbi neukan lehen unetik. Diru sarrerak, ordea,
galdera ikur handia ziren. Eta gauzak okertzen hasi ziren lehen unetik.
Aurkezpenaren mahaia |
Liburuaren aurkezpenean luxuzko bi
gonbidatuk lagunduko zidaten: Jesus Maria Leizaola, Eusko Jaurlaritzaren
Lehendakari ohia, eta Juan San Martin. Leizaola justu bi urte lehenago itzuli
zen erbestaldi luzetik, eta aurreneko aldiz zen Arrasatera heltzen zela.
Herriko EAJren agintariek adierazi zidatenez, ekitaldia aprobetxatu nahi zuten
Leizaolari ongi etorriko keinua egiteko, eta udal plenoen aretora etortzeko
abisatu bide zieten afiliatuei. Kalkuluak egiten hasi nintzen, iragarpenen
arabera zenbat liburu sal ote nezakeen asmatzeko. Ekitaldiaren bezperan zuzen
zuzenean ekarri nituen aleak Usurbileko Izarra moldiztegitik Udaletxera.
Abenduaren azken aurreko eguna haizetsu
esnatu zen. Eta orduak aurrera zihoazen heinean gero eta bortitzagoak ziren
haize boladak. Arratsaldeko 4´30etan argia joan zen, zeharo, herri osoan. Eta 6etan herriko kaleetan ez
zen piperrik ikusten. Udaletxea ilunpean zegoen eta Ardanza alkateak agindu
zuen argindar-sorgailu bat martxan jartzea, behintzat udal plenoen aretoan zerbait
ikus genezan. Ayani teknikoari esker bi bonbila piztu ahal izan ziren.
Ardanza alkateari sinatzen ari zaio Leizaola |
Iritsi zen San Martin, geroago Leizaola
–bere autoarekin galduta gaueko ilunpe itzelean. Eta, aleka, senitarte batzuek
ere hartu zuten jarleku, areto hotz eta hutsean. EAJkoek hurrengo baterako utzi
bide zuten Leizaolarenganako keinua, eta beste hiritar asko bezala ez ziren
euren etxeetatik ateratzera ausartu. Iluntasuna zen nagusi Arrasaten, Udal
Pleno Aretoko ipurtargi haien salbuespenarekin.
Matxura erraldoiaren arrazoia ez zigun
inortxok argitu. Elektrizitateak biharamunean ere huts egiten segitu zuenez
gero, zenbait lantegitan –Unión Cerrajera S.A barne- ateak itxita egon ziren
urteko azken egunean. Ustekabeko jai haren aukera aprobetxatu nuen liburuak
nire etxeko sotora eramateko. Zaitegik – zegoen tokitik- ez zidan askotxo
lagundu bere biografia zabaltzen, behintzat liburuaren aurkezpeneko egunean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina