jueves, 8 de diciembre de 2011

GARAGARTZAKO LAMIAREN LEGENDA

Garagartzako eliza

Aurreko batean nioen bezala, Justo Jauregi-Arraburu abadeak Garagartzako  historiari buruzko eskuizkribu interesgarria burutu zuen. Eskuizkribuan Jauregi-Arraburuk Garagartzako zenbait legenda eta ipuin bildu zituen, noizean behin hemen azalduko ditudanak.

Gaurkoan, dena den, Jose Migel Barandiarani eman nahi diot protagonismoa, izan ere ataundarrak, Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkarian, 1980ko 32. zenbakian, Euskalerriko Leen-Gizakien eta Ireluen Bizilekuai Buruz Ikasgai eta Esaunda Batzuek” titulupeko ondoko istorioa eman zuen ezagutzera. Ia ziur esan daiteke Barandiaranek Justo Jauregi Arraburu bere ikasleari aditu ziola ipuina.  Hona hemen, beraz, On Jose Migelek publikatu zuen moduan:

“LEZETXIKI, KOBAUNDI.— Auek dira Arrasate-Garagartza-ko Bostate mendi alboan dauden bi arpe. Bata bestearen gainean. Bien artean beste arpetxo bat: Laminen-eskaratza. Leen aroetako aztarna asko agertu ditugu or, batezere lenengo arpean. Emen bizi izan dira gizakiak, Mustier-arotik asita geroztiko aldietan. Garagartza’ko lagunak digutenez, laminen bizilekuak izan omen dira leize oriek. Ara emen zer dion esaunda batek.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es 

“Garagartza-Korrione’ko motil gazte batek, Kobaundi-inguruan zijoala, leize atekan neskatilla eder bat ikusi omentzuan eta berarekin itz egin eta beragaz itxutu. Baita biak ezkon--itza elkarri eman ere; baiñan leenik neskatxaren adina motillak asmatzekotan. Motillak bere auzoko andra zaar bati galdetu ea Kobaundi’ko neskatilla ederrak zer adin ote zuan. Andra ori, Kobaundi-aldera juan, eta an, arpe aurrean, atekari atzealdea emanaz, makurtu eta, bere anka bien artetik burua atzeruntz aterata, arpeari begira jarri. Ba-dator ango neskatxa eta, aurrean alako ikusgarria arkitzean, arriturik dio: «nere biziko eun da bost urte auetan ez det olakorik ikusi». Andrea bereala itzuli omentzan Korrione’ra eta motillari esan Kobaundi’n entzun zuana. Orduan neskatillaren adina azaltzen dio motillak berari, ustez eta ala eskontzen al zirala. Baiñan motillaren amak dio semeari: «begira leenik nolako oiñak dituan arpeko neskatilla orrek».

Arpera juan eta motillak ikusten dizkio oiñak neskatxari eta gero amari dio: Kobaundi’ko neskatxaren oiñak aatearenak bezalakoak dira». Orduan amak: «ori ez dek gizakia, lamiña baiño; orrekin ezin ezkontzen al aiz». Motillari bere barruna arrunt belundu omen zitzaion eta gaixotu; baita laster ill ere. Arpeko lamiña Korrione’ra, gaubela egitera, jetxi omentzan eta, intxaurraren azaletik atera zuan maindire batekin bere maitearen soina estali.

Illa elizkizunera eta ehortzera zeramakiela, lamiñak ere lagundu omentzion Garagartza-koelizateraño. Andik bere arpera gero, negar da negar”

 

Argazkiak: Eusebio Iñarra(Garagartzakoa)

tartalorenkobazuloa.blogspot eta euskonews.com

http://www.fentmuntanyaiformacio.es

No hay comentarios:

Publicar un comentario