Datorren igandean beteko dira urteak, 1931ko
apirilaren 12an udal hauteskundeak izan zirela estatu osoan, eta horren
ondorioz bi egun geroago Errepublika aldarrikatu zen. Ez zen iraultza izan,
baina – estatu osoan bezala- irauli egin zen Arrasateko bizimodua, batez ere
politikoa. 1931ko apirilaren 14ak
Errepublika ekarri zuen, bi egun lehenago
izandako udal hauteskundeetan ezkerra gertatu baitzen garaile, oso nahasia
zegoen giro politikoari zalantza handiagoa ipiniz. Arrasaten une zailak bizi
ari ziren, gizartea modu garbian
zatituta. Berenguer jeneralaren bi urteko diktadura bigunaren ostean,
herriko tradizionalistak, abertzaleak, errepublika zaleak eta sozialistak
elkarri mokoka ari ziren, ez bakarrik dialektikoki baizik kasu batzuetan armak
eskuan zituztela ere bai.
Udal hauteskundeak deitu ziren 1931ko
apirilaren 12rako, Gobernu Ministroaren aginduaz alkatea urtarrilaren 23an
berraukeratu behar izan bazen ere, behin behineko aldi baterako. Aukeraketa unean
ziharduten zinegotzien artean egin zen eta ordura arteko alkateak berak lortu
zituen botorik gehien: Juan Goñi Aranguren. Goñi alkate izan zen 1918-20
tartean eta ostera heldu zen alkatetzara 1930eko ekainean. Beraz, bigarren
agintaldiko sei hilabete bakarrik zeramatzan arren konplikatu samarrak gertatu
zitzaizkion, herriko tirabira politiko eta lan gabezia zela eta. Diodan ere,
gripeak Arrasateko bazterrak astindu zituela apirileko egun haietan, modu
arinean hori bai, baina lantegietan nabarmen igarri zen gaixotasunaren eragina.
Udal hauteskundeak baino zenbait egun lehenago
aste santua izan zen eta erlijio-zeremoniak normaltasunean eman zituzten
herritarrek. Eguraldi euritsu eta hotza izan bazen ere prozesioetara jendetza
handia joan zen, udal korporazioak eta udal musika bandak parte hartuz. Hain
zuzen, Berpizkundeko Igandean, hilaren 5, kontzertu bat eskaini zuen Bandak Alfonso
XIII Plazan, eta Justo Munarriz zuzendariak bere pieza bat estreinatu zuen,
“Maite” izenekoa, txarlestona, konposatzailearen lagun arrasatearra zen
Sandalio Heviaren alabari eskainia. Eta egun hartako ospakizunekin jarraituz –
gogoratu artean Aberri Eguna ez zela ezagutzen, 1932 izan baitzen lehena- arratsaldean futbol partiduaz gozatu zuten
zaleek Maala zelaian, Club Deportivo Mondragonen erreserben eta Unión Deportiva
Alavesaren kontra, etxekoek 2-0 irabazi zutelarik.
Juan de Toyos, errepublika aldarrikatzen Eibarren |
Udal hauteskundeetako astean, berriz, mugimendu
politiko handia izan Arrasaten, kolore desberdinetako mitinak eta hitzaldiak
eratu zirelarik. Sozialisten Elkarteak mitinerako deia egin zuen, Cinema
Popular izenekora – gero Ideal Zinema izango zena- eta Gomez Otxoa Arrasateko
lehendakariak eta Juan de Toyos Eibarko sindikalista eta politikoak hitz egin
zuten. Toyosek zerikusi handia izango zuen apirilaren 14ko Eibarko
gertakizunetan, berau izan baitzen Udaletxeko balkoitik Errepublika aldarrikatu
zuena. Abertzaleek ere, Eusko Langileen Solidaritatearekin batera, euren
jarraitzaileak deitu zituzten zine areto berdinera hilak 8an, eta Luziano
Ozerin, Karlos Linazasoro, Aszension Lasa eta J.M Ituarte “Artibay” idazlea
mintzatu zitzaizkien bertaratutakoei.
Juan Goñi ordura arteko alkatea |
Udaletxeko bere gelan lanean ari zen alkatea, eta bat batean ondoko batzar aretotik zetorren zarata handia entzun zuen. Hara joan eta zer aurkitu zuen? Aretoko frontisean zintzilikatutako Alfontso XIIIren koadroa lurrean erorita, txiki-txiki eginda. Itxuraz, eusten zion takoa apurtu eta koadroa behera etorri zen. Ez al zen hori aldaketa politikoa iristear zegoeneko seinale bat izan? Izan zena izan zela, goazen hauteskundeetara.
Arrasateko hautesleak bi barrutitan zeuden
banatuta. Eta emaitza honakoa izan zen: Lau errepublika zale: Eugenio Resusta,
Zezilio Cano, Luis Martinez de Ubago eta Felipe Letona. Lau tradizionalista:
Isidoro Etxebarria, Robustiano Zubillaga, Antonio Pagoaga eta Jose Zulueta. Hiru
abertzale –EAJ eta Eusko Langileen Solidaritatea: Patrizio Osinaga, Nikolas
Uriarte eta Nikanor Axpe. Bi sozialista: Jesus Uranga eta Bernardo Gomez. Eta
ANVko Eustasio Markaide.
Mila eta hirurehun hautesle inguru ziren
arrasatearrak eta %94k eman zuten botoa. Lehen barrutian – herriko kaxkoan-
lehia gogorra izan zen hautetsien artean, hautatutako zazpi zinegotzientzako
botoak 209 eta 202 tartean ibili baitziren. Bigarrenean, argi asko irabazi
zuten errepublika zale eta sozialistek. Aurreneko aldiz zen, errepublika zale
eta sozialistak Arrasateko udal karguetara iristen zirela.
Eugenio Resusta Errepublikako lehen alkatea |
Bilera hartan hartutako lehen erabakiak honako
hauexek izan ziren, besteak beste: alkatearen lan gelatik Primo de Rivera eta
Martinez Anidoren margoak kentzea; Errepublikaren behin behineko gobernuari
zorion agurra igortzea; somateneko kideei armak entrega zitzaten eskatzea;
Euskal Herrirako ahalik eta autonomiarik zabalena eskatzea; udal batzar areto
nagusian Felix Arano eta Galan eta Garcia Hernandez kapitainen erretratuak jartzea;
eta Alfontso XIII izena kendu eta plaza
aurrerantzean Errepublikako Plaza izatea.
Eta horrela martxan jarri zen Arrasaten bigarren errepublikako lehen udala. 1936ko
uztailaren 18ko matxinada frankistak Errepublikaren errealitatea birrindu egin zuen.
Argazkiak: Carmelo Letona, Goñi Arenaza sendia, JMVM.
Argazkiak: Carmelo Letona, Goñi Arenaza sendia, JMVM.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina