abendua 29, 2011

IOKIN ZAITEGIREN BIOGRAFIA. HOGEITA HAMAR URTE

Hogeita hamar urte beteko dira bihar, abenduak 30, 1979an hildako Iokin Zaitegiren biografia aurkeztu nuenetik Arrasateko Udaletxean. Duela zenbait egun, Guatemalatik testu interesgarri bat iritsi zait, Zaitegiren gaineko lizentziatura-tesi bati dagokiona, eta gai horretara aurreragoko beste sarrera batekin itzuliko naizen arren, gaur lerro batzuk eskaini nahi dizkiot biografiaren aurkezpen hari.


Gorriak eta bost ikusi nituen liburua publikatu ahal izateko. Nik neronek hartu nuen argitalpenaren ardura eta erronka ekonomikoa ez zen makala gertatu. Iokinena baino bi urte lehenago idatzi nuen “Sebero Altube” liburua Donostiako Aurrezki Kutxaren Argitalpen Zerbitzuaren eskutik kaleratu zen eta ez nintzen alderdi ekonomikoaz arduratu behar izan. Iokinenak, berriz, buruhauste ugari ekarri zizkidan. Gastuen kopurua garbi neukan lehen unetik. Diru sarrerak, ordea, galdera ikur handia ziren. Eta gauzak okertzen hasi ziren lehen unetik.


Aurkezpenaren mahaia




Liburuaren aurkezpenean luxuzko bi gonbidatuk lagunduko zidaten: Jesus Maria Leizaola, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari ohia, eta Juan San Martin. Leizaola justu bi urte lehenago itzuli zen erbestaldi luzetik, eta aurreneko aldiz zen Arrasatera heltzen zela. Herriko EAJren agintariek adierazi zidatenez, ekitaldia aprobetxatu nahi zuten Leizaolari ongi etorriko keinua egiteko, eta udal plenoen aretora etortzeko abisatu bide zieten afiliatuei. Kalkuluak egiten hasi nintzen, iragarpenen arabera zenbat liburu sal ote nezakeen asmatzeko. Ekitaldiaren bezperan zuzen zuzenean ekarri nituen aleak Usurbileko Izarra moldiztegitik Udaletxera.

Abenduaren azken aurreko eguna haizetsu esnatu zen. Eta orduak aurrera zihoazen heinean gero eta bortitzagoak ziren haize boladak. Arratsaldeko 4´30etan argia joan zen, zeharo,  herri osoan. Eta 6etan herriko kaleetan ez zen piperrik ikusten. Udaletxea ilunpean zegoen eta Ardanza alkateak agindu zuen argindar-sorgailu bat martxan jartzea, behintzat udal plenoen aretoan zerbait ikus genezan. Ayani teknikoari esker bi bonbila piztu ahal izan ziren.


Ardanza alkateari sinatzen ari zaio Leizaola
Iritsi zen San Martin, geroago Leizaola –bere autoarekin galduta gaueko ilunpe itzelean. Eta, aleka, senitarte batzuek ere hartu zuten jarleku, areto hotz eta hutsean. EAJkoek hurrengo baterako utzi bide zuten Leizaolarenganako keinua, eta beste hiritar asko bezala ez ziren euren etxeetatik ateratzera ausartu. Iluntasuna zen nagusi Arrasaten, Udal Pleno Aretoko ipurtargi haien salbuespenarekin.

Matxura erraldoiaren arrazoia ez zigun inortxok argitu. Elektrizitateak biharamunean ere huts egiten segitu zuenez gero, zenbait lantegitan –Unión Cerrajera S.A barne- ateak itxita egon ziren urteko azken egunean. Ustekabeko jai haren aukera aprobetxatu nuen liburuak nire etxeko sotora eramateko. Zaitegik – zegoen tokitik- ez zidan askotxo lagundu bere biografia zabaltzen, behintzat liburuaren aurkezpeneko egunean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina