abendua 21, 2011

ARTURO GOIKOETXEA, MUSIKO ARRASATEARRA (Bideoa)

Nire adineko arrasatear askok ezagutuko dugun arren, bistaz bederen, gehienontzat zeharo arraroa egingo da Arturo Goikoetxea Uriarte izena. Arrasatearra jaioa bada ere (1946) gazterik atera zen herritik –lehenik ikastera eta behin prestakuntza amaitu ondoren mediku bezala aritzera. Urte mordoa eman du Gasteizko Santiago Hospitalean, neurologia zerbitzu buru bezala.

Duela egun gutxi, Arturori Euskonewserako elkarrizketa zabal bat egiteko aukera izan dut, eta ez nuen berarengana iristea alperrik galdu nahi izan bigarren bat burutzeko. Mediku izateaz gain Goikoetxea musiko bezala ere nabarmendu denez gero horixe zen interesatzen zitzaidan arrasatearraren beste alderdia.

Arturo Goikoetxea piano jole bikaina da. Musikarako zaletasun handiko sendi batean sortua, Arrasateko Musika Bandako zuzendari izandako Justo Munarrizekin ikasi zituen solfeoa eta pianoaren lehen sekretuak, XX.ko berrogeita hamarretan. Baina berak dioenez, Juanito Arzamendi izan zuen maisurik onena eta pianoz dakien guztia Juanitori zor diola azpimarratzen du Arturok.

Arturo bigarrena da eskuinetik
Valladolidera aldatu zen medikuntza egitera eta Gaztelako hiriko Kontserbatorioan musika ikasketekin jarraitu ahal izan zuen. Bertan ari zela proposamen bat egin zioten, musika talde –conjunto- batean jotzeko. Onartu eta martxan jarri: sortu ziren “Los Banzos”, hirurogeietako musika mundutxo hartan izena egitera heldu zena. Zenbait disko grabatu zituzten, eta Arturo zen musika egilea. “Aitortu behar dut, diskoen grabazioetan jo zuen taldekide bakarra izan nintzela, beste instrumentuetarako profesionalak nahiago baitzituzten diskoetxekoek. Egia da, talderik gehienetan gauza bera gertatzen zela” “Los Banzos” Arrasaten aritu ziren 1968ko sanjuanetan, Jai  Zale aretoan, Zaldibar frontoian eta Kasinoan.


Valladoliden ere beste talde bat sortu zuen Goikoetxeak, Ederki Abesbatza, alegia. Kide izan zuen Javier Busto, urte batzuk beranduago Hondarribiko Eskifaia abesbatza sonatuaren zuzendari izango zena. Bartzelonara aldatu zen espezialitatea egitera eta Kataluniako hiriburuan Cármina Koralan aritu zen.



Los Banzos. Arturo eskuinekoa da
Arturok azaltzen duenez, ikasle garaietan, bitxia irudi daitekeen arren, ez zuen inoiz piano propiorik eduki. Horren gabezia saihestuz, instrumentoaren gaineko jabetza irabaztearren pianoko teklak margotzen zituen paper batean eta hori mahai gainean jarrita partituren pentagramak interpretatzen saiatzen zen, etsi gabe. Akats eragingarria izan bide zen instrumentorik eza.




Luis Sagasta eta Juan Arzamendiren bitartez, Arrasate Musikalekin kontaktuan jarri zen hirurogeita hamargarrenetako hamarkadaren amaieran eta hori izan zen lankidetza aberats baten hastapena. “Luis nahastaile positiboa da, eta berak eta Juanitok liatu ninduten Arrasate Musikalaren orkestra harrigarrirako. Arrasateren izena eraman ahal izan genuen toki askotara, publiko zabal baten gozamenerako. Kasu bakarra zen orkestra hura”

Arturo Goikoetxeak hainbat kontzertu eman zituen Arrasateko orkestrarekin, espainiar estatuan eta Europan zehar. Rachmaninov eta Mozart izan ziren, besteak beste, hautatutako musikoak. “Kataluniako Santes Creus monastegian egon ginenean beldurtu egin nintzen, goi-goi mailako interpreteak igarotzen ari baitziren eszenategi eder hartatik. Mozarten piano eta orkestrarako kontzertua jo genuen... Pianoa Bösendorfer bat zen, bikaina. Aurrera atera genuen kontzertua, modu duinean... eta ez gintuzten komisaldegira sartu. Txantxak aparte, uste dut batzuetan gutxiegi baloratzen dugula egiten duguna

Arturo pianoaren aurrean ikusi eta entzun dutenek diotenez  interprete ona da. “Arrasate oso herri posibilista izan da eta Juanito horretarako aparta zen. Rachmaninov jotzen genuenean... publikoak bai piano jolea zein orkestraren lana baloratzen zuen bere neurrian. Ausartak izan ginen, Arrasate oso herri ausarta izan baita beti” gehitzen du Arturok.


 
Arturok pieza hori jotzen du bideoan


 Arrasateko esperientzia haren ondoren, Goikoetxeak talde berri bat sortu zuen Gasteizko ospitalean, zenbait medikuren lankidetzaz. 


“Musicomio” deitzen zutenak Arturoren konposizioak jotzen zituen musika eta umorea nahastuz, batez ere denbora pasa bezala hartuta interpreteen euren katarsiserako. Egun Gasteizko Samaniego Abesbatza zuzentzen du, arrakasta handiz. Modu berean, piano, bateria eta gitarraz lagundurik ahots-jazza dagien beste talde baten eragilea da.


Arturo Goikoetxearen esanetan, musikak bizitza eramangarriagoa egiten lagundu dio, batez ere aukera eman diolako giza talde desberdinak ezagutzeko.

Elkarrizketaren bideoa ikus daiteke:

http://www.youtube.com/watch?v=7shGK3-oUqA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina