urtarrila 03, 2012

ERREGEEN KABALGATA ARRASATEN


Kabalgata irtetear, Unión Cerrajeratik


Kale erakuspen ikusgarriari dagokionez, Errege Magoak pertsonaia ezagunak ditugu Arrasaten, XX. mendeko berrogeietatik. Eta zeharo lotuta dago horren ospakizuna Ekintza Katoliko Zentroaren iharduera-egitarauarekin. Langile Zentro Katoliko bezala 1915ean sortu zena XVI mendeko Bañez de Artazubiagaren jauregian zegoen kokatua, eta bertatik, zenbait etaparen gorabeherekin, oso lan ederra burutu zuen 1945-70 tartean. Esan daiteke eraikin hartatik irradiatu zela Arrasateko kultura mugimendua, bertan izan baitzuten egoitza hainbat elkartek eta ekimenek.      

Jose Maria Arizmendiarrietaren inguruan lan komisioak jaio ziren, arlo desberdinetan urtean zehar zihardutenak. Hezkuntza, kirol, osasun eta gizarte gaiak jorratzen zituzten batzordeak ziren. Eta garaiko gazteak –neska zein mutilak- inplikatuta zeuden betebehar desberdinetan.

 Batzorde haietako bat Ume Pobreak zeritzana zen, “Niños pobres”, hain zuzen. Pilar Arzamendi zen arduradun haietako bat eta berak gogoratzen duenez “izen harekin are pobreagoak egiten genituen umeak” Helburua, herriko sendi behartsuetako umeentzako laguntza materiala lortzea zen, eta urtean behin jaialdi bat eratzen zen Gurea zineman, Eguberrien aurreko igandean. Bergarako Pello Kirten umorista izaten zen ekitaldi haietako gidaria. Donostiako Maitea Abesbatza, Karlos Fagoaga eta garaiko lehen mailako beste artista batzuk etorri ziren Arrasatera, beharrizanak arintzeko diru apur bat egitea helburu zuten jaialdi haietan parte hartzera, Gurea jendez lepo betetzen zelarik.


Jaialdi hark utzitako diru apur bat Erregeen Kabalgatan inbertitzen zen. Haren atariko bezala, abenduaren 24ko “Bizar Zuri" (1) pertsonaiaren iristea izan ohi zen, hiru errege magoentzako eskutitzak jasotzera Arrasatera azaldua. Postaria herriko kale guztietatik igarotzen zen, umeen mandatuak bilduz. Egun hartarako Unión Cerrajeraren Aprendizen Eskolan lanean ari ziren hiru karrozak prestatzen. Ramon Heriz eta beste zenbait gazteren ekimenez, erregeen garraiagailuek gertu egon behar zuten urtarrilaren 5erako. Baina hor ez zen aurreko prestakuntzen soka amaitzen.
Zentro Katolikoa


Kabalgatan aterako ziren ehun eta berrogeita hamar inguru lagunentzat jantzi aproposak prestatu behar ziren. Emakumeen gauza zen lan hori: Mertxe Etxarri, Amparo Balerdi eta Maria Luisa Madariagaren gidaritzapean Zentro Katolikoan ari ziren jo eta ke hainbat arrasatear emakume zimitarrari, eskutari, zuzilari, paje, lantzari eta abarrentzako jantziak josten. Guztiaren gaineko koordinazioan eta kanpo mandatuetarako arduradun gisa Pilar Arzamendi ibili ohi zen, erregeen zaldien bila Markulete baserrira zihoana edota udal dirulaguntzaren bat lortzeko alkatearekin mintzatzen zena.

Urtarrilaren 5eko gau hura magikoa zen herriko umeentzat. Gerra osteko giro ilun hartan kabalgatak poztasun puntu bat jartzen zuen Arrasateko kaleetan. Hiru erregeak –Rafael Amozarrain (Meltxor), Eugenio Balzategi (Gaspar) eta Simon Arregi (Baltasar)- euren zaldien gainean eta oparietako karrozak atzetik zihoazkielarik,  Unión Cerrajeratik atera eta Biteri, Maala, Toribio Agirre (Olarte), Zarugalde eta Arrasate pasealekutik igaro ondoren herriko plazan amaitzen zen desfilea. Pajeek, erregeen aginduetara, euren etxeetako atarteetan zein puntu konkretu batzuetan egoten ziren umeentzako erregaliak banatzen zituzten etengabe. Behin plazara iritsita, bertan egokitutako jaiotza gurtzen zuten erregeek  eta urrea, intsentsua eta mirra eskaintzen zizkioten Jesus haurrari.

Plazako Jaiotza
   Baina gertatu zen, ilusiozko manifestazio    hark ere bere desbideraketa izan zuela antolatzaileen asmo zuzenetik. Herriko ume guztientzako jaio zen ibilaldi hartan aurki aberatsek hartu zuten protagonismoa eta beren seme-alabentzako opariak entregatzeko pajeen zerbitzuaz baliatu ziren, diru apur baten truke. Horren ordainaz, udal suhiltzaileen eskailera luzeak erabiliz, kabalgatako morroiek dirudunen balkoietaraino –batzuetan bigarren solairutan- igo behar zuten, besoan luxuzko pakete handiak jasoz. Eta ibilbideko erakuspen hari begira ez hain diru-ahaltsuak euren duintasunean jipoituta sentitzen ziren. Zer esanik ez, paje haiek aberatsen apeta asetzeagatik jasaten zuten arriskua handia zen. Ohitura oker hark hamar bat urtez iraun zuen, nik oso ongi gogoratzen baititut berrogeitamarretako erdialdean Toribio Agirreko etxe batera igotzeko pajeek egin beharreko komeriak! Beti izan dira diferentziak!



(1) Sarritan komentatu dut zer irudimen (eta oroimen) gutxi azaldu zuten Txoronpio izena asmatu zutenek. Eta zer esan Txoronpia ulergaitzaz?


Argazkiak: Pilar Arzamendi eta Eugenio Balzategi

ERREGEEN KABALGATARI BURUZ GEHIAGO



2 iruzkin:

  1. .....pozten naiz gerra osteko "ume" horiengatik......
    zerbaitetarako balio bazuen...

    ErantzunEzabatu
  2. Ez dakit balio ote zuen ezertarako. Baina horrela gertatu zen. Garaiak aldatzen doaz... baina horrexegatik ere inoiz edo inoiz topo egiten dute eta errepikatu egiten dira istorioak. Izan ongi!

    ErantzunEzabatu