ekaina 22, 2022

ARRASATEKO SANJUANAK, 1962


Hirurogei urte eman dira San Juan jaien gaineko gaurko ekarpen honetako egitaraua bete zenetik. Eta batzuek ondo gogoratzen dugu nola joan ziren herriko jai nagusi haiek. Adinduak izatearen abantailak... eta arazoak, noski. Baina bizitzaren gurpilari balazta ezin dakioke ipini eta alperrik ibiliko ginateke atzera itzuli gura bagenbiltza. Hemerotekak interesgarriak dira, beti, edozein herritako historiaren mugarriak aurki baititzakegu haietan, iragana ulertzen eta gureagoa egiten laguntzen dutenak. Zertarako balio du horrek?... Ez dakit, baina, denak balio behar al du zerbaitetarako?


Egia esaten badut, ez daukat herriko San Juan jaien aurrean inorekin eztabaida filosofikoekin aritu nahi eta, beraz, noan 1962ko Arrasateko jai nagusiei buruz garaiko prentsan aurkitu dudana txoko honetako irakurleari azaltzen. Gero berak esan beza irakurketa gustukoa izan duen ala ez. Begira, bitxia iruditu zait Arrasateko bertsozaletasunari buruz irakurri dudana. “Apuntes de un bertsolari!” titulatzen zuen Basarri bertsolariak Donostiako La Voz de España egunkarian 1962ko ekainaren 23ko edizioan, Arrasateri buruz oro har zituen oroipenen bilduma. 

“!Qué recuerdos tan gratos tiene el cronista de Mondragón! Hace más de veinte años que acudo anualmente el día de la Purísima, acompañado de mi amigo “Uztapide” a amenizar la fiesta de los simpáticos “Joshemaritarras”. ¡Cuántas estrofas, Dios mío, nos ha tocado improvisar en la villa cerrajera.

Pueden dar testimonio de ello nuestros inolvidables amigos “Bibillo”, “Pólvora”, “Muxibar”, “Aramayo”, “Shegundo” y compañía. ¡Cuánta nobleza entre los mondragoneses y cuán ejemplar compañerismo. Saben querer y apreciar a las personas, entregarse en cuerpo y alma, pareciéndoles poco todo cuanto hacer por atenderte y agasajarte. No podremos olvidar en lo que nos queda de vida el trato que venimos recibiendo en Mondragón. Hago fervientes votos para que las fiestas patronales de San Juan os resulten a la medida de vuestras aspiraciones. Generoso y acogedor pueblo de Mondragón: yo te saludo con la copa en alto, brindando por tu prosperidad y bienestar:
Andre ta gizonezko
mutil eta neskak
daudela geldi, geldi
tximini zar, beltzaz.
Utzi une batean
lanerako kezkak
eta ondo igaro
zuen erri pestak.
Basarrik goikoa zioen bitartean, egunkari berdinean eta A.U hizkien atzean ezkutatzen zenak, ordea, honakoa idatzi zuen: 

“Los mondragoneses no son aficionados a la poesía, mejor dicho no hay poetas en Mondragón, ni incluso de la modalidad vasca de “bertsos” Al menos no se les oye y al parecer ni siquiera en los establecimientos de bebidas, palenque en donde los principiantes lucen dotes al cruzarse sus pullas. Y eso a pesar de Basarri, Uztapide y otros que actúan todos los años en público, por lo menos por fiesta de Santo Tomás”

Zerekin geratu? Ba ginen bertsozaleak ala ez? Nik esango nuke.... ezetz. Egia da, Ziorla aldean XX. mendean zehar bertsolari batzuk izan zirela - Ezekiel, Jabier Zelaiaundi "Antoña", Jose Mari Arabaolaza "Errota" eta abar- baina oro har zaletasuna ez zen handia. Eta zuzenean bizi izandako anekdota batean oinarrituko naiz. 1974ko maiatzaren 3an "Bertso eta kopla zahar eta berrien erakusketa" deitu genuen ekitaldia antolatu genuen Danok Elkartekook. Gurea Zineman izandako Ikastolaren aldeko jaialdia zen eta Antton Valverde, Julen Lekuona eta Xabier Lete izan genituen artista gonbidatuak. Hilabete bat inguru lehenago antolatzaileok pentsatu genuen komenigarria zela publikoari esku-egitarau bat ahalbidetzea sarrera-txartelarekin, bertsoen mundua nolabait aurkezteko. Begiradak nigana zuzendu ziren... eta testu bat eskatu zidaten. Aitortu behar dut ez nuela ideia handirik gaiaz eta zenbait liburutara jo ondoren "Zer da bertsolaritza?" tituluko idazkiño bat aurkeztu nuen, eta Elkarteak eskuko programan sartu zuen. Bertsoen gaineko teoriaz genbiltzan, beraz, oso soberan Danok-en, gaur ekarri dudan jai egitarauaren datatik hamabi urte eman ondoren ere.

Goian Ignazio Eizmendi "Basarri"k Arrasateko lagun  talde baten erreferentzia eman digu: Joshemaritarrak. Zeintzuk ziren? Behin idatzi nuen horietaz (1949arrasate)

1962ko jai egitarau ofiziala behean jarri dut. Ziurrenik, Udalpe elkartearen danborrada izango zen urte hartako ekintzarik deigarriena, arrasatear gehien bildu zituena. Bigarren aldiz ateratzen zen herriko kaleetatik danborrada eta orduko erregina Kontxi Ugalde izan genuen, argazkian bere alboetan mutiko bana dituen neska.
La Voz de Españan agertutako egitaraua

Argazkiak: JMVM

2 iruzkin:

  1. 'Japoniako bonbak eta granadak' eta 'Colorin eta bere panpinak' dira festaren hasierako nire oroitzapen nagusiak.
    Zergatik 'japoniera'? agian paperezko jausgailu batekin zetorrelako
    Lehenengoan ez nuen inoiz ezer harrapatu eta bigarrenean 'Dongi', Arbe' edo beste udal arduradunek lan egin zuten gure eta txotxongiloen artean tarte bat jartzen.
    Ez nekien nire aitonak festetan kolaboratzen zuenik.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Joseba! "Colorin y sus muñecos" txotxongilo gogoangarria dugu, bai horixe. Bixente Uribeetxebarria, halaxe da, igeltsero bikaina. Toribio Agirreko gure etxearen aurrean zeukan biltegia. Segi gogitsu eta gora Sanjuanak!!

      Ezabatu