ekaina 02, 2021

BARRENA ARRASATEARRA, 16 URTEREKIN ERREALEAN. 1910

Jose Barrena, 1910

 
Arrasateko futbolaren historian apal asko geratzen dira bete gabe, oso modu azalekoan ikertu baita fenomenoa. Gaurkoan xehetasun bat azaldu nahi dut, aurreko batean ere aurkeztu nuen futbolari baten inguruan. Jose Barrena da protagonista eta herriko futbolaren gain idatzitakoari erreparatuz – Jose Letonari nagokio- Barrena azaltzen bada ere, ez zaio behar bezalako garrantzia ematen, eta gainera horren kirol ibilbidea okerreko norabidetik begiratu delakoan  nago. Barrena ez zen futbol munduan Arrasatetik atera, baizik futbol munduan zehar herrira heldu zen arrasatearra genuen. Zer esan nahi dudan?

Jose (Joakin) Barrena Amilibia Arrasaten jaio zen 1894ko irailaren 18an. Gurasoak Ramon Barrena Sagasta legegizon arrasatearra eta Mari Asuncion Amilibia Calbeton zituen, eta Garibay kaleko Barrena etxean bizi izan ziren. Ama donostiarra zenez – Fermin Calbeton ministro ohia zuen osaba- Donostiako Maristen ikastetxera bidali zuten Jose, gazte gaztetatik. Eta ikasgaietan barrena ez ezik futbolean ere aurreratu zen lehen unetik.  Diodan, bestalde, Juan Carlos Guerra Barrena heraldista eta genealogista arrasatearraren loba zela Jose ostikalaria, horren aita eta eruditoaren emaztea anaia-arrebak baitziren.

Futbolaren hastapenak ziren eta begirale donostiarrek aurki ikusi zituzten dohain bereziak mutiko harengan. “Easo” talderako fitxatu zuten eta Gipuzkoako Haur-Futbol Lehen Txapelketan hartu zuen parte 1909ko uztailean. Finala Irungo Sportingen kontra jokatu zuen Easok, Atotxan, eta 1-0 irabazi zuten Barrena eta taldekideek, arrasatearraren golari esker. Urtebete bat geroago, irailaren 25ean,  berriz ere, eta talde berdinaren kontra, ostera irabazi zuten easotarrek, eta Barrenak gola sartu zuen. Partidu haren biharamuneko kronikak zioen: “Los del Sporting se vieron dominados por el Easo, cuya combinación e inteligencia en el juego es asombrosa. !Ay cuando estos sean hombrecitos!”

Hain ondo ibili zen Barrena bi txapelketa haietan Real Sociedadek sarea bota ziola eta bere lehen ekiporako eraman zuen. Hamasei urte bete berriak zituen arrasatearrak… eta debuta aurki etorriko zitzaion, 1910-11 denboraldian. Nire datuen arabera, modu ez ofizialean Bordeleko Stade Bordalais kontra egin zuen lehen partidua, 1911ko otsailaren 26an, Donostiako Ondarreta futbol zelaian. Adiskidantzako partidu bat zen, arrasatearra erdiko aurrelari bezala atera zen,  eta biharamuneko kronikak “La Voz de Guipúzcoa” egunkariak Barrenari buruz esan zuena aldatuko dut hona:

Barrena, laugarrena esk.
“... Barrena nos entusiasma con sus combinaciones. Al poco rato avanzan Zabala y Arrilaga, combinándose, centra Zabala y Barrena con la cabeza mete un goal magnífico, que le vale una merecidísima ovación. ¡Bravo muchacho!

… Anotamos un shoot de lejos de Urbina, que Bollack tiene que echar a corner; otro muy intencionado de Barrena es también colocado en corner. Barrena levanta el entusiasmo del público repartiendo juego, incansable atacando.

… Resumiendo, al equipo donostiarra pocas veces hemos visto trabajar con más ardor a pesar del temporal infernal en que jugaron. El puesto de honor es para Pepe Barrena y Alberto Machín, que a pesar de ser los Benjamines del equipo (15 años) nos entusiasmaron con sus jugadas maravillosas. Barrena reparte el juego con una inteligencia  poco comun”

“El Pueblo Vasco”k bere aldetik,  honakoa zioen:

“Barrena con gran serenidad pasó el balón a uno y  otro lado; pero a pesar de la tranquilidad de este jugador, el resto del team jugó un poco desconcertadamente.

… Barrena el incomparable, el maestro de los maestros, marcó el segundo con la cabeza. El público entusiasmado aplaudió la labor de este pequeño coloso”

Donostiarrek irabazi zuten partidu hura (4-2) eta Barrena gaztea idolo bilakatu zen Gipuzkoako hiriburuan. Arrasatearrak denboraldi ugari egin zituen Real Sociedadean – bi alditan- eta talde historiko baten kidea bilakatu zen: Eizagirre; Arrate, Sena; Leturia, Casanova, Etxart; Zabala, Elosegi, Barrena, Sidler eta Minondo.

Hasieran nioenera itzuliz, Barrena izan zen Arrasateko aitzindarietako bat futbol arloan. Herrian futbol talde bat osatu aurretik Barrena bazebilen lehiaketa erdi ofizialetan.  1912an Mondragon Foot-ball Clubaren hamaikakoan agertzen da Barrena, baina ordurako Gipuzkoa eta Bizkaiko futbol zelaietan ongi erakutsia zuen Real Sociedadekin bere maila. Zergatik aldatu zuen elastikoa, Arrasateko ekipora etortzeko? Historiaren ezkutuak…

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN

FUTBOLA ARRASATEN. ISTORIOAK

https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html


Argazkiak: JMVM, Kutxateka


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina