Benantzio Gaztañares Villar |
Benantzio
Gastañares, EAJren Arrasateko kide konprometitua, fusilatua izan zen 1936ko
urrian. Karmen Garcia Gorosabelekin zegoen ezkonduta Benantzio. Euskal
literaturak, Sebero Altuberen eskutik, denon ezagutzara ekarri zuen bikote
haren tragedia. Karmen eta Benantzio, Laztantxu eta Betargi bihurtu
zituen Altubek bere eleberri laburrean, Arrasate beharrean Arrasturi esaten
dion herrixkan garatutakoa.
Urte
asko igaro behar izan dira, izen horien gaineko Altuberen zergatikakoaz nire
baitan ideia zehatz samarra edukitzeko. Seberoren biografia 1977an
prestatzen ari nintzenean Karmen Garcia Gorosabel ezagutu nuen. Eta bere ahotik
jakin nuen Benantziok, Karmenen ordez, Laztantxu esaten ziola batzuetan,
maitekiro. Hor amaitu ziren bere aitorpenak bikotearen intimitateaz.
Eta
Betargi, nondik nora? galdetu diot nire buruari sarritan, harik eta “Euzkadi“ egunkaria
-izparringia- errepasatzeari ekin arte. Duela hilabete batzuk hasi nintzen lan
horretan, eta Arrasateko korrespontsal euskaldun desberdinen artetik indar
bereziz Getarbe izenordekoa nabarmentzen zela ohartu nintzen. Begietako
oihala ireki zitzaidan bat-batean: hantxe neukan Betargi, argi eta garbi...
niretzat.
(Irakurri behean) |
Ziur
nago Altubek ezagutzen zuela Benantzioren idazteko zaletasuna eta
afizioan zerabilen gaitzizena. Beraz, ez zuen euskaltzain arrasatearrak
burua larregi estutu behar izan, bere nobelako protagonista arraren izena
asmatzeko. Getarbe Betargi izango zen, doinu aldetik bigarrenak oihartzun
gardenagoa azalduko baitzion Seberori.
"Eta?
-botako dit bateon batek- "Hori inportante al da?" Garrantzia
zer den erlatibotasunean datzala ihardetsiko nuke. Arrasaten 1931-36 urteetan
euskal idazle izan nahi zuen Benantzio Gaztañares Villar izeneko gazte bat
bazela ezagutzeak niri behintzat argazki berri bat eskaintzen dit aldi hartako
Arrasateko euskal giroaz. Eta horri bere garrantzia ematen diot, nolako
tamainakoa den bost axola didalarik.
Diodan,
halaber, Benantzio EAJren hizlaria zela eta zenbait mitinetan aritu zela. Arrasateko
Langile Katolikoen Zentroaren artezkaria izan zen, eta Karmen Garciarekin 1935eko
urriaren 10ean ezkondu zen. Handik urtebetera, 1936ko Urriaren 21ean hil zuten Benantzio-Getarbe-Betargi,
29 urterekin, Hernaniko kanposantuan, beste hainbat arrasatearrekin batera.
Eta
orain ikus dezagun Getarbe izenordearekin Euzkadi egunkarian –izparringian,
orduko terminologiaren arabera- Benantzio Gaztañaresek argitaratutako idazlanen
lagintxo bat. Aurrena, 1932koa da, azaroaren 18koa, eta Arrasateko
langileentzako dei bat izan nahi du, Gasteizen egun batzuk lehenago bizi
izandakoa deskribatu ondoren:
“Nork
esan bear zuan orain urte bete dala, Gazteizen euzko-langileak nagusi jarri
bear zirala. Amesetan be ezkendun oldoztuko olakorik! Bañan gaur, zorionez,
argi ta garbi ikusten da euren indarra. Areik bazkide apurrak lelengo lanian
asi ziranak, orain eldu dira mila ta berreun bazkide izatera, urte bete
barruan. Mila ta berreun! Ze gorakada ederra!
Ta nola eldu dira, ain denbora
gutxitan hainbeste bazkide izatera? Lendabizi, ikusi dabelako Gazteizko
langileak Euzko-Langile Alkartasuna dala, iñok baño obetuago zainduko dabena,
euren langiletasuneko obeto izatia ta baita ikusi dabelako, bear-bearrekoa
zala, euzkaldun anayakin alkartutzia, laneko arazuak, Aberria ta ziñismena
zaindutzeko.
Bañan geyen be, gorakara ori egin
dute bazkide guztiak, lantegi, ardotegi ta txaide guztietatik ziar, eten gabe
ta nekatu barek, lana egin dutelako euzko-langiletasunen aldez. Gorakara eder
au ospatzeko, igari dan igandean jai aundi batzuk egin zituzten Gazteizen eta
jai orretara erri ontatik jun ziran langile mordo bat, arabar anayak
besarkatzera ta eurakin nasai eguna igarotzera.
Ikasbide aundi bat eman dauskube arrasatetarroi Gazteizko
eusko langileak, erakutsiaz zelan egin bear dan lana Euzko-Langile
Alkartasunaren aldez eta gu be beratuak gaude, ikaskizun ori jarraitzeko, danok
nekatu barik lana egiten, eldu gaitezen euzko-langileok gure erri maite onetan
nagusi izatera. Ekin ba!”
Bigarren honetan, berriz, 1931ko azaroaren 8an, Getarbe
lirikoagoa –ia-ia mistizismoraino ailegatuz- agertzen zaigu. Garagartzako
elizaren argazki bat bidali zuen egunkarira eta honako oina ipini zion:
“Zubi-zarretik bei-bustarrijagaz geure baserritarra dua.
Ur-garbiya baketan dago, zeruko oskarbitasuna altzuan daukola. Ostian ertxadona
edo elexea. Orixe dogu geure bixitza: lana eta uzkurtza. Ur-garbi ori esker
baketsu dagoz geure barrubak, goguak. Eta aspertu-barik laneri gagoz.
Ziñismenak jaso edo iragi ebazan torriak zerurantz beguratuten dabe. Zelako
ikuskizunak guztijontzako!”
A!Eta Euzkadiegunkarian Benantzio eta Karmenen ezkontzaren berri daman albistea aurkitu dudanez gero... hona hemen:
Euzkadi, 1935-10-16 |
Argazkiaren oina: 1931ko uztailaren 12an euskal estatutuaren aldeko ekitaldi handi bat izan zen Gernikan eta bertara arrasatear talde bat joan zen. Argazkian daude haietako batzuk: lehen lerroan Benantzio Gaztañares eta bere eskuinean Sabin Arrieta. Atzean, trajedunak, Sebero Altube eta Jose Antonio Agirre.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina