maiatza 08, 2019

BENANTZIO GAZTAÑARES ARRASATEARRA, BETARGI



Benantzio Gaztañares Villar

Benantzio Gastañares, EAJren Arrasateko kide konprometitua, fusilatua izan zen 1936ko urrian. Karmen Garcia Gorosabelekin zegoen ezkonduta Benantzio. Euskal literaturak, Sebero Altuberen eskutik, denon ezagutzara ekarri zuen bikote haren tragedia. Karmen eta Benantzio, Laztantxu eta Betargi bihurtu zituen Altubek bere eleberri laburrean, Arrasate beharrean Arrasturi esaten dion herrixkan garatutakoa. 

Urte asko igaro behar izan dira, izen horien gaineko Altuberen zergatikakoaz nire baitan  ideia zehatz samarra edukitzeko. Seberoren biografia 1977an prestatzen ari nintzenean Karmen Garcia Gorosabel ezagutu nuen. Eta bere ahotik jakin nuen Benantziok, Karmenen ordez, Laztantxu esaten ziola batzuetan, maitekiro. Hor amaitu ziren bere aitorpenak bikotearen intimitateaz. 

Eta Betargi, nondik nora? galdetu diot nire buruari sarritan, harik eta “Euzkadi“ egunkaria -izparringia- errepasatzeari ekin arte. Duela hilabete batzuk hasi nintzen lan horretan, eta Arrasateko korrespontsal euskaldun desberdinen artetik indar bereziz Getarbe izenordekoa nabarmentzen zela ohartu nintzen. Begietako oihala ireki zitzaidan bat-batean: hantxe neukan Betargi, argi eta garbi... niretzat. 

(Irakurri behean)
Ziur nago Altubek ezagutzen zuela Benantzioren idazteko zaletasuna eta afizioan  zerabilen gaitzizena. Beraz, ez zuen euskaltzain arrasatearrak burua larregi estutu behar izan, bere nobelako protagonista arraren izena asmatzeko. Getarbe Betargi izango zen, doinu aldetik bigarrenak oihartzun gardenagoa azalduko baitzion Seberori. 

"Eta? -botako dit bateon batek- "Hori inportante al da?"  Garrantzia zer den erlatibotasunean datzala ihardetsiko nuke. Arrasaten 1931-36 urteetan euskal idazle izan nahi zuen Benantzio Gaztañares Villar izeneko gazte bat bazela ezagutzeak niri behintzat argazki berri bat eskaintzen dit aldi hartako Arrasateko euskal giroaz. Eta horri bere garrantzia ematen diot, nolako tamainakoa den bost axola didalarik. 

Diodan, halaber, Benantzio EAJren hizlaria zela eta zenbait mitinetan aritu zela. Arrasateko Langile Katolikoen Zentroaren artezkaria izan zen, eta Karmen Garciarekin 1935eko urriaren 10ean ezkondu zen. Handik urtebetera, 1936ko Urriaren 21ean hil zuten Benantzio-Getarbe-Betargi, 29 urterekin, Hernaniko kanposantuan, beste hainbat arrasatearrekin batera. 

Eta orain ikus dezagun Getarbe izenordearekin Euzkadi egunkarian –izparringian, orduko terminologiaren arabera- Benantzio Gaztañaresek argitaratutako idazlanen lagintxo bat. Aurrena, 1932koa da, azaroaren 18koa, eta Arrasateko langileentzako dei bat izan nahi du, Gasteizen egun batzuk lehenago bizi izandakoa deskribatu ondoren: 

“Nork esan bear zuan orain urte bete dala, Gazteizen euzko-langileak nagusi jarri bear zirala. Amesetan be ezkendun oldoztuko olakorik! Bañan gaur, zorionez, argi ta garbi ikusten da euren indarra. Areik bazkide apurrak lelengo lanian asi ziranak, orain eldu dira mila ta berreun bazkide izatera, urte bete barruan. Mila ta berreun! Ze gorakada ederra! 

Ta nola eldu dira, ain denbora gutxitan hainbeste bazkide izatera? Lendabizi, ikusi dabelako Gazteizko langileak Euzko-Langile Alkartasuna dala, iñok baño obetuago zainduko dabena, euren langiletasuneko obeto izatia ta baita ikusi dabelako, bear-bearrekoa zala, euzkaldun anayakin alkartutzia, laneko arazuak, Aberria ta ziñismena zaindutzeko.

Bañan geyen be, gorakara ori egin dute bazkide guztiak, lantegi, ardotegi ta txaide guztietatik ziar, eten gabe ta nekatu barek, lana egin dutelako euzko-langiletasunen aldez. Gorakara eder au ospatzeko, igari dan igandean jai aundi batzuk egin zituzten Gazteizen eta jai orretara erri ontatik jun ziran langile mordo bat, arabar anayak besarkatzera ta eurakin nasai eguna igarotzera. 

Ikasbide aundi bat eman dauskube arrasatetarroi Gazteizko eusko langileak, erakutsiaz zelan egin bear dan lana Euzko-Langile Alkartasunaren aldez eta gu be beratuak gaude, ikaskizun ori jarraitzeko, danok nekatu barik lana egiten, eldu gaitezen euzko-langileok gure erri maite onetan nagusi izatera. Ekin ba!” 
 
Bigarren honetan, berriz, 1931ko azaroaren 8an, Getarbe lirikoagoa –ia-ia mistizismoraino ailegatuz- agertzen zaigu. Garagartzako elizaren argazki bat bidali zuen egunkarira eta honako oina ipini zion: 

“Zubi-zarretik bei-bustarrijagaz geure baserritarra dua. Ur-garbiya baketan dago, zeruko oskarbitasuna altzuan daukola. Ostian ertxadona edo elexea. Orixe dogu geure bixitza: lana eta uzkurtza. Ur-garbi ori esker baketsu dagoz geure barrubak, goguak. Eta aspertu-barik laneri gagoz. Ziñismenak jaso edo iragi ebazan torriak zerurantz beguratuten dabe. Zelako ikuskizunak guztijontzako!” 

A!Eta Euzkadiegunkarian Benantzio eta Karmenen ezkontzaren berri daman albistea aurkitu dudanez gero... hona hemen:
Euzkadi, 1935-10-16
Hurrengo batean, gehiago.

Argazkiaren oina: 1931ko uztailaren 12an euskal estatutuaren aldeko ekitaldi handi bat izan zen Gernikan eta bertara arrasatear talde bat joan zen. Argazkian daude haietako batzuk: lehen lerroan Benantzio Gaztañares eta bere eskuinean Sabin Arrieta. Atzean, trajedunak, Sebero Altube eta Jose Antonio Agirre.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina