Data esanguratsua
dugu Arrasateko historian urriaren 5. Urriko Iraultza deitu zaio 1934ko egun
hartan espainiar estatuan gertatutakoari eta interesgarria iruditu zait jazoera
haren gaineko begirada bat botatzea, batez ere garaiko egunkarien bitartez. Baiezta
daiteke, okertzeko beldurrik gabe, krisia handia zela estatu osoan. Krisi
politiko eta soziala. Krisia estatu osoan eta baita euskal esparruan – alkateen
mugimendua gori-gori zegoen. Arrasaten ere, maila orokorreko bibrazioa bizi
izateaz gain, bertako sosegurik eza gehitu behar zen. Gutxi ez zena.
Estatu mailan, Samper
gobernu buruaren krisia – Errepublikako gobernu guztiak ordura arte krisi
jarraian bizi izan zirela gogoratu behar da- ezkerreko indarren
ezgaitasunarekin akordioetara iristeko, eta eskuineko alderdien mehatxu hurbilarekin,
faxismoaren hurreneko mugimendua hazten ari zen. Uneko komunikabideek panorama
beltza deskribatzen zuten egunero, kalean pistolen legea nagusitzen ari zela
azalduz, eta ezkerreko eta eskuineko muturrak prestatzen ari ziren borrokarako,
bat ere disimulurik gabe. Irailean Madril eta Asturiaseko langileak grebara
atera ziren. Industria militarretako partzuergoaren goi karguak kendu zituen
gobernuak irailaren amaieran, arma kontrabandoan ari zirelakoan. Eta Horazio
Etxebarrieta euskal finantza gizona atxilotu zuen, Asturiaseko langile eta
sindikaleentzako arma kontrabandoan ibiltzeagatik. Urriaren 4an, Lerroux
(Errepublika zale erradikala) izendatzen zuten ostera gobernu burua, CEDAren
ministro batzuekin, besteak beste.
Katalunian ere
iraultza handi baten atarian zeuden, urriaren 5eko gauean estatu katalana
aldarrikatu baitzuen Compayns presidenteak.
Euskal Herrian,
berriz, Kontzertu Ekonomikoa eta udal autonomia defentsarako udaletan abuztuan izandako
hauteskundeak legez kanpokotzat hartu zituen gobernu zentralak. Lege hausleei isunak jarri zitzaizkien eta
euren kargutik kendu zituen gobernuak.
Arrasate ez zen
salbuespena eta tentsioa nabarmentzen zen gizarte zirkuluetan. Abuztuko
hauteskundeak zirela eta, Arrasateko udalak modu aktiboan hartu zuen parte
Bergarako barrutian. Ondorioz, zinegotziek osoko bilera izan zuten irailaren
7an . Indar publikoen indarkeria salatzeaz gain, isunak eta karguak utzi
beharra baliogabetzea eskatzen zen; halaber, Euskal Herriaren eskubideen aldeko
udalen arteko batzordeari babes osoa ematea. Eta jarraian Nikolas Uriarte (EAJ),
Prudentzio Osinaga (EAJ), Nikanor Axpe (EAJ), Bernardo Gomez (PSOE), Felipe Letona
(Ezker Errepublika zalea), Eustasio Markaide (ANV), Zezilio Garro (Ezker
Errepublika zalea) eta Jesus Uranga (PSOE) zinegotziek dimisioa azaldu zuten.
Eugenio Resusta (Errepublika zalea) zinegotziak beste idazki bat aurkeztu zuen, kideen
dimisioa deitoratuz eta berean segituko zuela azpimarratuz. Luis Martinez de
Ubago alkatea (Errepublika zale erradikala) ez zen bilerara joan. Arrasateko
Udala handik aurrera, aipatutako biekin eta lau zinegotzi karlistarekin –
Etxebarria, Pagoaga, Zubillaga eta Zulueta- aritu zen.
Irailaren 10eko
gauean Resusta zinegotziaren etxean lehergailu batek eztanda egin zuen. Ikerketak
argitu zuenez, Aramaio errekara ematen zuen Resustaren ortura bota zuten
ezezagunek dinamita kartutxo bat. Irailaren 25ean jakitera eman zen herrian,
bandoren bidez eta iragarki idatzietarako tokietan, Alarma Egoera ezarri zela
estatu osoan eta Errepublikaren Konstituzioaren zenbait artikulu eta puntu
baliogabe geratzen zirela, gizarte bakea bermatzearren. Irailaren 21ean
Arrasateko guardia zibilek miaketa egin zuten Herriko Etxean, sozialisten
egoitza. Zabaldu ziren zurrumurruen arabera, Resustari jarritako
lehergailuarekin zuen zer ikusirik indar publikoaren agerpen hark.
Urriaren 2an
Unión Cerrajera S.Ako hogeita hamar bat langilek grebari ekin zioten.
Solidaridad de Obreros Vascos (ELA-STV) ko afiliatuak ziren grebalariak eta enpresak
lantegiko bi kide kanporatu zituelako izan zen lan uztea, bi egunez iraun
zuena.
Bizitza arruntari
dagokionez, berriz, arrasatearrak arduratuta zeuden egun haietan ganadu hiltegi
berria azkenik non jarriko ote zen galdezka; “Galarra” baserrian izandako
lapurretak -140 pezeta eta urdaiazpiko bat- zer esanik ekarri zuen herrira; eta
arrasatear batek pistolaz Musakola auzoan egindako atrakua – 107 pezeta- zen
hizpide. Txikikeriak, gainera zetorrenarekin alderatuta. Baina urriaren 5etik
aurrera gertatutakoaren berri hurrengoan izango dugu.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina