urria 02, 2024

1934KO URRIAREN 5. ATARIKOAK

Data esanguratsua dugu Arrasateko historian urriaren 5. Urriko Iraultza deitu zaio 1934ko egun hartan espainiar estatuan gertatutakoari eta interesgarria iruditu zait jazoera haren gaineko begirada bat botatzea, batez ere garaiko egunkarien bitartez. Baiezta daiteke, okertzeko beldurrik gabe, krisia handia zela estatu osoan. Krisi politiko eta soziala. Krisia estatu osoan eta baita euskal esparruan – alkateen mugimendua gori-gori zegoen. Arrasaten ere, maila orokorreko bibrazioa bizi izateaz gain, bertako sosegurik eza gehitu behar zen. Gutxi ez zena. 


Estatu mailan, Samper gobernu buruaren krisia – Errepublikako gobernu guztiak ordura arte krisi jarraian bizi izan zirela gogoratu behar da- ezkerreko indarren ezgaitasunarekin akordioetara iristeko, eta eskuineko alderdien mehatxu hurbilarekin, faxismoaren hurreneko mugimendua hazten ari zen. Uneko komunikabideek panorama beltza deskribatzen zuten egunero, kalean pistolen legea nagusitzen ari zela azalduz, eta ezkerreko eta eskuineko muturrak prestatzen ari ziren borrokarako, bat ere disimulurik gabe. Irailean Madril eta Asturiaseko langileak grebara atera ziren. Industria militarretako partzuergoaren goi karguak kendu zituen gobernuak irailaren amaieran, arma kontrabandoan ari zirelakoan. Eta Horazio Etxebarrieta euskal finantza gizona atxilotu zuen, Asturiaseko langile eta sindikaleentzako arma kontrabandoan ibiltzeagatik. Urriaren 4an, Lerroux (Errepublika zale erradikala) izendatzen zuten ostera gobernu burua, CEDAren ministro batzuekin, besteak beste.

Katalunian ere iraultza handi baten atarian zeuden, urriaren 5eko gauean estatu katalana aldarrikatu baitzuen Compayns presidenteak.

Euskal Herrian, berriz, Kontzertu Ekonomikoa eta udal autonomia defentsarako udaletan abuztuan izandako hauteskundeak legez kanpokotzat hartu zituen gobernu zentralak.  Lege hausleei isunak jarri zitzaizkien eta euren kargutik kendu zituen gobernuak. 

Arrasate ez zen salbuespena eta tentsioa nabarmentzen zen gizarte zirkuluetan. Abuztuko hauteskundeak zirela eta, Arrasateko udalak modu aktiboan hartu zuen parte Bergarako barrutian. Ondorioz, zinegotziek osoko bilera izan zuten irailaren 7an . Indar publikoen indarkeria salatzeaz gain, isunak eta karguak utzi beharra baliogabetzea eskatzen zen; halaber, Euskal Herriaren eskubideen aldeko udalen arteko batzordeari babes osoa ematea. Eta jarraian Nikolas Uriarte (EAJ), Prudentzio Osinaga (EAJ), Nikanor Axpe (EAJ), Bernardo Gomez (PSOE), Felipe Letona (Ezker Errepublika zalea), Eustasio Markaide (ANV), Zezilio Garro (Ezker Errepublika zalea) eta Jesus Uranga (PSOE) zinegotziek dimisioa azaldu zuten.

Eugenio Resusta (Errepublika zalea) zinegotziak beste idazki bat aurkeztu zuen, kideen dimisioa deitoratuz eta berean segituko zuela azpimarratuz. Luis Martinez de Ubago alkatea (Errepublika zale erradikala) ez zen bilerara joan. Arrasateko Udala handik aurrera, aipatutako biekin eta lau zinegotzi karlistarekin – Etxebarria, Pagoaga, Zubillaga eta Zulueta- aritu zen.

Irailaren 10eko gauean Resusta zinegotziaren etxean lehergailu batek eztanda egin zuen. Ikerketak argitu zuenez, Aramaio errekara ematen zuen Resustaren ortura bota zuten ezezagunek dinamita kartutxo bat. Irailaren 25ean jakitera eman zen herrian, bandoren bidez eta iragarki idatzietarako tokietan, Alarma Egoera ezarri zela estatu osoan eta Errepublikaren Konstituzioaren zenbait artikulu eta puntu baliogabe geratzen zirela, gizarte bakea bermatzearren. Irailaren 21ean Arrasateko guardia zibilek miaketa egin zuten Herriko Etxean, sozialisten egoitza. Zabaldu ziren zurrumurruen arabera, Resustari jarritako lehergailuarekin zuen zer ikusirik indar publikoaren agerpen hark. 

Urriaren 2an UniĆ³n Cerrajera S.Ako hogeita hamar bat langilek grebari ekin zioten. Solidaridad de Obreros Vascos (ELA-STV) ko afiliatuak ziren grebalariak eta enpresak lantegiko bi kide kanporatu zituelako izan zen lan uztea, bi egunez iraun zuena.

Bizitza arruntari dagokionez, berriz, arrasatearrak arduratuta zeuden egun haietan ganadu hiltegi berria azkenik non jarriko ote zen galdezka; “Galarra” baserrian izandako lapurretak -140 pezeta eta urdaiazpiko bat- zer esanik ekarri zuen herrira; eta arrasatear batek pistolaz Musakola auzoan egindako atrakua – 107 pezeta- zen hizpide. Txikikeriak, gainera zetorrenarekin alderatuta. Baina urriaren 5etik aurrera gertatutakoaren berri hurrengoan izango dugu.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina