ekaina 07, 2023

ARRASATEKO TERTZIOAK KUBARA



Tertzioen publizitateko grabatua

Espainiako inperioaren hondarrek buruhauste handia ekarri zioten hiritargoari. Abentura guztiek pasatzen dute faktura eta koloniek ere halaxe egin zuten, batez ere herri xeheak ordaindu behar izan zuelarik haren kostoa. Gaurkoan Tertzioak ekarriko ditut txoko honetara, hain zuzen 1869an Kubarako prestatu zirenak. Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez, herrialdeko udalak inplikatuta ikusi ziren operazio militarrean.  Artean fresko samar zegoen arrasatearron baitan 1859an Afrikarako Tertzioen deialdia eta hark ez zuen bat ere oroitzapen onik.

Kubako independentziaren gerra 1868an hasi zen eta 1869ko ekainaren 2an iritsi zen La Habanako kaira “Guipúzcoa” itsasontzia, euskal Tertzioekin. Bolondresak aurkitzea eta itsasontziratzea oso operazio azkarra izan zen, Arrasaten urte hartako apirilean izan baitzuten lehen albistea. Irakur dezagun, udal korporazioak 1869ko apirilaren 18an aztertutako gaia:

“Se dio cuenta y lectura de la circular nº 35 de la Excma. Diputación foral de fecha 15 del corriente, llamando a los mozos de 18 a 36 años que quieran inscribirse para formar el cuerpo de tercios vascongados que las provincias hermanas tratan de enviar a la isla de Cuba, de que el Ayuntamiento quedó enterado acordando que el citado documento se fijase en el paraje público acostumbrado de esta villa, a fin de que llegue a noticia de sus habitantes, así que el edicto que a dicha circular acompañaba”

Txapelgorri bat, Kuban
Eta ekainaren 6ko bilkura berri batean beste idazki bat jaso zen, La Habanako albisteak zekartzana: 

“Se leyó la circular nº 44 de la Excma. Diputación foral de la provincia dando parte de un telegrama dirigido desde La Habana por el Jefe del Tercio Vascongado, en que comunica con fecha 3 del que rige la noticia de que la fuerza de su mando ha tenido una navegación feliz, un recibimiento asombroso y un grande entusiasmo en La Habana. Y enterado el Ayuntamiento, acordó se fijara dicha circular en el paraje público acostumbrado de esta Villa para conocimiento y satisfacción de sus habitantes”

Garaiko kroniketan (1) dago jasota, ekainaren 2an heldu zirela tertzioak La Habanara, eta egundoko harrera ekitaldia egin zitzaiela, ordurako Karibeko uhartean zeuden euskaldunen aldetik. Musika Banda, abesbatza eta txapelgorriak azaldu ziren kaira. Gernikako Arbola ordezkatzen zuen zeiba baten ondoan ekitaldi politiko bat izan zen eta Juan Mari Eleizegi merkatariak bertsotan agurtu zituen tertzioak. Diskurtsuen artean entzun ahal izan ziren honako hitz hauek:


Tertzioen iristea La Habanara

Garaitu edo ill! Y si Dios premia vuestros esfuerzos, si contribuís eficazmente a dar la paz y la tranquilidad a esta desgraciada isla, podréis lanzar en breve el histórico grito “Echera mutilac” después de haber llenado cumplidamente vuestro deber, y habréis añadido una página más a las muchas brillantes que tiene la historia del país euskaro…”

Laster hasi ziren, ordea, euskaldun gazte haientzako kalamitateak. Tertzioen lehen deialdi hartara bostehun bat mutil azaldu ziren, iragartzen zutenen erdia, gutxi gora behera. Afrikako eskarmentua gordin samarra zegoen artean eta gazteak zuhurragoak ageri ziren izena emateko orduan. Arrasaten lau bakarrik izan ziren itsasoz bestaldera joateko prest egon zirenak, diru baten truke, jakina.

Ekainaren 20ko aktan irakurtzen da alde horretatik:

“Se leyó un oficio de la Diputación acompañando un libramiento de 34 escudos pagados por esta villa a los cuatro voluntarios que se alistaron para Cuba. Y se acordó proceder al cobro de dicha cantidad, recordando a aquella superioridad que todavía queda la villa al descubierto de 40 reales, que se entregaron a Santiago Ortuoste en virtud de oficio de la misma fecha 5 de mayo último”

Behintzat, badakigu Arrasatetik lau gazte itsasontziratu zirela Kubarantz eta haietako baten izena ezagutzen dugu. Euskal tertzioen abentura 1873an amaitu zen, bigarren karlistadaren hasierarekin batera. Itzuli ziren arrasatear haiek inoiz?


(1)  El roble y la ceiba: historia de los vascos en Cuba (Cecilia Arrozarena)






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina