Arrasateko batzokiak ehun urte bete zituen
T. Monzon eta Luisa Arregi, ikurriñarekin |
Euzkadi egunkariak 1934ko
uztailaren 17an Musakolako batzokia zuen hizpide, Arrasatetik “Gotzon” izeneko
korrespontsal batek bidalitako kronikarekin:
“Bikañak zirala
Musakolako gasteak genion eta orain esango deguna irakurtzian, zu be, irakurle,
gurekin egongo zera noski. Nola sortu zan batzoki au? Ara nola: gaste kementsu
batzuk, urrutiko egiten zitzayela erriko batzokira etortzia, ta erabaki zuten
berton batzoki berri bat irikitzea, bañan… nundik atera txanponak? Au da gure
artean betiko buru-austea. Orregatik ez ziran atzeratu gure adizkideak, eta
onek pixkat eta arrek beste pixkat, sakelak zulatuz, or doaz pozaren-pozez
gañezka ta txit zoraturik euren asmo zoragarriak asetzen, urka urten dizkieten
eragozpenak zapalduta. Zorioneko gaztedia, orrela oldoztu, ta bere asmo
ederrak aurrera daramana.
Gaste auek egin dutena
azkeneko ogei ilabetetan auxe da: txistulari talde polita gertatu, batzoki
ederra apaindu, pelota txapelketa eratu, 90 bazkide batu, auzo guztia
abertzaletu, eta abar. Musakolako txistulariak gastetxuak dira (13-14 urte)
baña txistulari bezela… esan dezatela Ixidor Deun egunetan dantzatu ziranak. Ez
dute, Otxoa, irakasle motela txistulari gasteok!
Auzo ontakoa degu
Jabier bertsolari trebea, ain goyan agertu zana Zumarragako batzarrean (orrilak
10) Mutil argi ta yakintsu onek, batez ere nekazari arazoetan alaituko gaitu,
goiz eta arratsalde bere bertso bereziaz. Ia Jabier gertatu egun aundi
orretarako”
"Antoña" baserria |
Diodan, aurreko
lerroaldean aipatutako Jabier bertsolaria, Jabier Zelaiaundi “Antoña” musakolatarra zela. Urte hartako
maiatzaren 10ean – Igokunde osteguna- Euzko
Nekazarien Bazkunak deituta Gipuzkoako baserritarren bilera handia ospatu zen Zumarragan,
lehen aldiz. Eta egun hartan, bertsolariak izan ziren: Arrasateko “Jabier”,
Zarautzeko “Basarri”, Azpeitiko “Xapai”, Urnietako “Alkain” eta Andoaingo Etxebarria. “Eta oyek abestu biar dituztela esatea naikua
esatea da”, zioen “Euzkadi"k bezperako edizioan. Horra hor, beraz,
musakolatarra goi mailako bertsolariekin deman. Ez da gutxi, alajaina!
Baina noan ostera batzokiaren
inauguraziora. Eta azal dezadan, “El Día” egunkariak ere, uztailaren 21ean
ospakizunaren berri ematen zuela:
“El entusiasmo que reina se acentúa a
cada momento gracias al celo y actividad desplegado por los patriotas del
barrio, en unión del Uri Buru Batzar y Euzko Gaztedia, que han sabido
confecionar uno de los mejorcitos programas que se pueden saborear hoy en día.
La misa de comunión general, la bendición de la bandera, el banquete oficial,
el selecto concierto del Orfeón de Euzkko Gaztedia dedicado en honor de los
patriotas visitantes, el gran mítin de afirmación nacionalista a cargo de
Julene de Urzelai, Pedro de Basaldua y Telesforo de Monzón, y la gran romería
vasca, son harto suficientes para que en los amplios prados con que cuenta el
simpático barrio se reúnan centenares de abertzales ansiosos de gozar el día en
completa confraternidad vasca”
Uztailaren 17ko "Euzkadi"
egunkarian irakur daitezkeen beste datu batzuen arabera, Musakolako lokalaren
obrak zenbait hilabete lehenagotik ari ziren burutzen eta auzoko gazte talde
batek ziharduen itxura ematen inaugurazioaren egitarauari. Uztailaren 21ean, larunbata, hau da,
inaugurazioko bezperan, ondoko kronika agertzen zen aipatutako egunkarian, “Gotzon”ek
sinatua:
“Gure biltokian gera,
arkatza bietz tartean degula idatzi zailtxoa gertatzen Musakolako jayetaz
zerbait idazteko asmotan. Beti, gure eretxian, Musakolarrak abertzale jatorrak dira
auek ezagutzen dituzten danak. Gure egipena auxe da igandez, dan-danok Musakola
auzora juatea gure zorion beroenak eman eta aurrera jarraitzeko indartu gure
aurkezpenaz ta gogo-laguntzaz geroago ta kementsuago jarrai dezaten bide eder
ortatik.
Ezin genezake
Arrasateko abertzaleok gure laguntza ukatu. Ez orixe! Musakolakoak izan ziran “dictadura”
madarikatu garayan Arrasateko batzokian geyen lagundu ziotenak, oneik izan dira
baita Euzko-Nekazari-Bazkuna sendatu dutenak gure errian. Ez gaitezen, ba,
atzendu asiaren igaliak artzeko garaya iritxi zazkienean. Gure iritxiz, zuek
daramazuten bidia da, zuzen-zuzenena abertzaletasunera urreratzeko.
Berriz eta berriz ez
gera nekatuko esaten igandean “Antoña” zelayan izango diran itzaldietara
joateko. Izlariak egitarauan irakurri dezuten bezela, dira Urtzelai andereñua,
Basaldua tar Kepa, ta Montzon alduna. Azkenik eta gure aurreko eskutitzan
esaten genuan bezela Jabier bertsolariak alaituko gaitu, berak oi duan bezela.
Amaitzeko euzko jai ederra egongo da iluntzerarte.
Ikusi al dezu,
abertzale, Musakolako jayen egitaraua? Ez al zaizu atsegin? Bai, noski! Ez dira
nola-naikoak Musakolako gasteak lanean asten diranean. Atzo izan ginan
ibilalditxo bat emanaz batzoki polit au ikusten, eta arriturik gelditu giñan,
batzokiaren zabalkunde aurreko lanak ain aurrera dijoazela ikusita. Emakume
lirañen esku-artean azkenengo ikutuak ematen ari zirala, ikusi genuan igandez onetsiko dan euzko-ikurriña.
Musakolako batzokiaren inaugurazioa, 1934-07-22 |
Txistulari-txiki
taldea, ordea, txaidez-txaide joaz ibiliko dituan eresiai, berriro begira txalo
ugari irabazteko. Berton jakin erazi ziguten, otoruntzurako izenak eman nai
dituztenak, ainbat azkarren eman dezatela, azkeneko ordura begira egon gabe.
Gaur beste berri bat eman bearrean gera, au da larunbatez (ilak 21) Arabako
aldun azkar eta abertzale zintzo dan Landaburu jaunak eta gaueko bederatzitan
itzaldi gorengoa egingo duala”
Inaugurazioko ekitaldien
egitaraua ere eskaini zien irakurleei Euzkadi egunkariak.
Uztailaren 22ean
Musakolara guztiok
Musakolako
Euzko-Batzokiaren askondea ta ikurriñaren onespena ospatzeko, Uztailaren 22eko
jayen egitaraua:
Ilaren 21ea. Iluntzeko 8etan: auzoko txistulariak
biribilketa.
Ilaren 22ean. Goizeko 7etan: Txistulariak biribilketa;
8etan: Kontzezio elizan, Meza, Jaun artzea ta ikurrin onespena; 10etan:
Musakolako Euzko Batzokiaren onespena. Ondoren Arrasateko Euzko gaztedikoak
ezpatadantza; 1etan: oturuntza aundia; 3etan: Arrasateko Euzko Gaztediko
Abesbatzak abestirik ederrenetakoak abestuko ditu; 4etan: ”Antoña-Aldeko”
zelayan Abertzale-zabalkunde-Batzarra, izlari onek: Urtzelai´tar Julene,
euzkeraz, Basaldua´tar Kepa. Erderaz, Montzon´dar Telespor alduna, euzkeraz.
Eta gero iluntzerarte
txistulari ta pilarmonikariak jota, erromeri ederra. Eup guztiok! Musakolara
uztailaren 22ean!”
Argazkiak: JMVM, Jose Ignazio Zaitegi, Javier Azkarate
Egunon Josemari, argazkia musakolako webean igo dugu:
ErantzunEzabatuhttps://musakola.com/musakola-1934/