uztaila 10, 2019

MUSAKOLAKO BATZOKIA. 1934

Blog honetako 400. ekarpena da oraingo hau. Nork esango zidan!

Arrasateko batzokiak ehun urte bete zituen
T. Monzon eta Luisa Arregi, ikurriñarekin
2008an. Herriko euskal abertzaletasunaren abiapuntuan jar daiteke batzokiaren sorrera puntua. Baina Adan de Yarzatarren etxean -Banco Guipuzcoanoko eraikina- kokatutako abertzale-txokoari segitu zion beste batek Musakolako auzoan, eta gaur azken honi eman nahi diot tokitxo bat, musakolatarren nahia nola joan zen errealitatea bilakatzen ikus dezagun. 

Euzkadi egunkariak 1934ko uztailaren 17an Musakolako batzokia zuen hizpide, Arrasatetik “Gotzon” izeneko korrespontsal batek bidalitako kronikarekin: 

“Bikañak zirala Musakolako gasteak genion eta orain esango deguna irakurtzian, zu be, irakurle, gurekin egongo zera noski. Nola sortu zan batzoki au? Ara nola: gaste kementsu batzuk, urrutiko egiten zitzayela erriko batzokira etortzia, ta erabaki zuten berton batzoki berri bat irikitzea, bañan… nundik atera txanponak? Au da gure artean betiko buru-austea. Orregatik ez ziran atzeratu gure adizkideak, eta onek pixkat eta arrek beste pixkat, sakelak zulatuz, or doaz pozaren-pozez gañezka ta txit zoraturik euren asmo zoragarriak asetzen, urka urten dizkieten eragozpenak zapalduta. Zorioneko gaztedia, orrela oldoztu, ta bere asmo ederrak aurrera daramana. 

Gaste auek egin dutena azkeneko ogei ilabetetan auxe da: txistulari talde polita gertatu, batzoki ederra apaindu, pelota txapelketa eratu, 90 bazkide batu, auzo guztia abertzaletu, eta abar. Musakolako txistulariak gastetxuak dira (13-14 urte) baña txistulari bezela… esan dezatela Ixidor Deun egunetan dantzatu ziranak. Ez dute, Otxoa, irakasle motela txistulari gasteok! 

Auzo ontakoa degu Jabier bertsolari trebea, ain goyan agertu zana Zumarragako batzarrean (orrilak 10) Mutil argi ta yakintsu onek, batez ere nekazari arazoetan alaituko gaitu, goiz eta arratsalde bere bertso bereziaz. Ia Jabier gertatu egun aundi orretarako” 
"Antoña" baserria


Diodan, aurreko lerroaldean aipatutako Jabier bertsolaria, Jabier Zelaiaundi  “Antoña” musakolatarra zela. Urte hartako maiatzaren 10ean – Igokunde osteguna-  Euzko Nekazarien Bazkunak deituta Gipuzkoako baserritarren bilera handia ospatu zen Zumarragan, lehen aldiz. Eta egun hartan, bertsolariak izan ziren: Arrasateko “Jabier”, Zarautzeko “Basarri”, Azpeitiko “Xapai”, Urnietako “Alkain” eta Andoaingo Etxebarria.  “Eta oyek abestu biar dituztela esatea naikua esatea da”, zioen “Euzkadi"k bezperako edizioan. Horra hor, beraz, musakolatarra goi mailako bertsolariekin deman. Ez da gutxi, alajaina!


Baina noan ostera batzokiaren inauguraziora. Eta azal dezadan, “El Día” egunkariak ere, uztailaren 21ean ospakizunaren berri ematen zuela:
“El entusiasmo que reina se acentúa a cada momento gracias al celo y actividad desplegado por los patriotas del barrio, en unión del Uri Buru Batzar y Euzko Gaztedia, que han sabido confecionar uno de los mejorcitos programas que se pueden saborear hoy en día. La misa de comunión general, la bendición de la bandera, el banquete oficial, el selecto concierto del Orfeón de Euzkko Gaztedia dedicado en honor de los patriotas visitantes, el gran mítin de afirmación nacionalista a cargo de Julene de Urzelai, Pedro de Basaldua y Telesforo de Monzón, y la gran romería vasca, son harto suficientes para que en los amplios prados con que cuenta el simpático barrio se reúnan centenares de abertzales ansiosos de gozar el día en completa confraternidad vasca”  



Uztailaren 17ko "Euzkadi" egunkarian irakur daitezkeen beste datu batzuen arabera, Musakolako lokalaren obrak zenbait hilabete lehenagotik ari ziren burutzen eta auzoko gazte talde batek ziharduen itxura ematen inaugurazioaren egitarauari.  Uztailaren 21ean, larunbata, hau da, inaugurazioko bezperan, ondoko kronika agertzen zen aipatutako egunkarian, “Gotzon”ek sinatua: 

“Gure biltokian gera, arkatza bietz tartean degula idatzi zailtxoa gertatzen Musakolako jayetaz zerbait idazteko asmotan. Beti, gure eretxian, Musakolarrak abertzale jatorrak dira auek ezagutzen dituzten danak. Gure egipena auxe da igandez, dan-danok Musakola auzora juatea gure zorion beroenak eman eta aurrera jarraitzeko indartu gure aurkezpenaz ta gogo-laguntzaz geroago ta kementsuago jarrai dezaten bide eder ortatik. 

Ezin genezake Arrasateko abertzaleok gure laguntza ukatu. Ez orixe! Musakolakoak izan ziran “dictadura” madarikatu garayan Arrasateko batzokian geyen lagundu ziotenak, oneik izan dira baita Euzko-Nekazari-Bazkuna sendatu dutenak gure errian. Ez gaitezen, ba, atzendu asiaren igaliak artzeko garaya iritxi zazkienean. Gure iritxiz, zuek daramazuten bidia da, zuzen-zuzenena abertzaletasunera urreratzeko. 

Berriz eta berriz ez gera nekatuko esaten igandean “Antoña” zelayan izango diran itzaldietara joateko. Izlariak egitarauan irakurri dezuten bezela, dira Urtzelai andereñua, Basaldua tar Kepa, ta Montzon alduna. Azkenik eta gure aurreko eskutitzan esaten genuan bezela Jabier bertsolariak alaituko gaitu, berak oi duan bezela. Amaitzeko euzko jai ederra egongo da iluntzerarte. 

Ikusi al dezu, abertzale, Musakolako jayen egitaraua? Ez al zaizu atsegin? Bai, noski! Ez dira nola-naikoak Musakolako gasteak lanean asten diranean. Atzo izan ginan ibilalditxo bat emanaz batzoki polit au ikusten, eta arriturik gelditu giñan, batzokiaren zabalkunde aurreko lanak ain aurrera dijoazela ikusita. Emakume lirañen esku-artean azkenengo ikutuak ematen ari zirala, ikusi genuan igandez onetsiko dan euzko-ikurriña.

Musakolako batzokiaren inaugurazioa, 1934-07-22

Txistulari-txiki taldea, ordea, txaidez-txaide joaz ibiliko dituan eresiai, berriro begira txalo ugari irabazteko. Berton jakin erazi ziguten, otoruntzurako izenak eman nai dituztenak, ainbat azkarren eman dezatela, azkeneko ordura begira egon gabe. Gaur beste berri bat eman bearrean gera, au da larunbatez (ilak 21) Arabako aldun azkar eta abertzale zintzo dan Landaburu jaunak eta gaueko bederatzitan itzaldi gorengoa egingo duala” 

Inaugurazioko ekitaldien egitaraua ere eskaini zien irakurleei Euzkadi egunkariak. 

Uztailaren 22ean Musakolara guztiok

Musakolako Euzko-Batzokiaren askondea ta ikurriñaren onespena ospatzeko, Uztailaren 22eko jayen egitaraua:

Ilaren 21ea.  Iluntzeko 8etan: auzoko txistulariak biribilketa. 

Ilaren 22ean.  Goizeko 7etan: Txistulariak biribilketa; 8etan: Kontzezio elizan, Meza, Jaun artzea ta ikurrin onespena; 10etan: Musakolako Euzko Batzokiaren onespena. Ondoren Arrasateko Euzko gaztedikoak ezpatadantza; 1etan: oturuntza aundia; 3etan: Arrasateko Euzko Gaztediko Abesbatzak abestirik ederrenetakoak abestuko ditu; 4etan: ”Antoña-Aldeko” zelayan Abertzale-zabalkunde-Batzarra, izlari onek: Urtzelai´tar Julene, euzkeraz, Basaldua´tar Kepa. Erderaz, Montzon´dar Telespor alduna, euzkeraz. 

Eta gero iluntzerarte txistulari ta pilarmonikariak jota, erromeri ederra. Eup guztiok! Musakolara uztailaren 22ean!”

 Argazkiak: JMVM, Jose Ignazio Zaitegi, Javier Azkarate

1 iruzkin:

  1. Egunon Josemari, argazkia musakolako webean igo dugu:
    https://musakola.com/musakola-1934/

    ErantzunEzabatu