otsaila 07, 2018

SOLA ARRASATEARRA. GOI KALIFORNIAKO AZKEN GOBERNADOREA (3tik lehena)

Pablo Vicente Sola arrasatearra
Begi bistan dago gutxien espero denean ezustekoa gailentzen dela eta oraingoan ere halaxe izan da, Arrasateko Sola sendiaren ildoetatik barrena egin nuenean ez bainuen espero gaur dakardan aurkikuntza polita egingo nuenik. Egia esan, aurkitu baino bidera etorri zitzaidan albistea, Asun Garikano idazlearen eskutik. Berari zor diot ondoko lerroetako mamirik mamitsuena; beraz, bihoakio Asuni nire eskerrona. 

Solatarren protagonista berria Pablo Vicente Sola Arrizabalaga dugu. Arrasaten jaio zen, 1761eko martxoaren 2an.Nicolas de Sola Salinas eta Ursola Theresa de Arrizavalagaren hamalau seme-alabetako zortzigarrena genuen. Aita, Arrasateko alkate eta Probintziako Diputatu izandakoa, Obanosen (Nafarroa) jaioa zen; ama, berriz, Segurakoa (Gipuzkoa). Familiaren mailari zegokion heziketa ona jaso zuen. Kaliforniako urteetan ezagutu zutenek estatura ertainekoa zela diote, sendoa eta, garaiko deskribapenetan errepikatzen den formularekin esanda, de complexión florida.

Pablo Vicente Sola arrasatearra Alta Californiako hamabigarren eta azken gobernadore espainiarra izan zen (1815-1822), hain zuzen ere independentzia mugimenduek espainiar inperioa astintzen zuten garaian.

Pablo Vicente ez zen izan Kaliforniara joandako senide bakarra. Beste anaia bat ere, Faustino, bi urte gazteagoa frantziskotarra zen eta Kalifornian ihardun zuen 1786 ezkero. 1820an San Fernando Kolegioan hil zenean, 30 urte zeramatzan burutik eginda.

Oraingo gure protagonista 1815ean heldu zen Monterreyra, Fernando VII erregearen ordezkari gisa. Monterreyko biztanleek ikusgarrizko ongietorria prestatu zuten bere karguaz jabetzera zetorren Sola gobernadore berriarentzat. Ez, dena esan behar da, haren merituengatik, ez baitzuten ezagutzen, baizik eta irrikatan zeudelako Espainiako erregearekiko atxikimendua -eta Mexikoko iraultzarekiko arbuioa- erakusteko.
Monterreyko badia
Horregatik, 1815eko abuztuaren 30ean arrasatearraren ontzia Monterreyko badian azaldu zenean, bertan ziren inguruetako misiolari gehienak eta probintziako agintari militarrak; ospakizun handira huts egin nahi ez, eta haiekin batera biztanle zuri eta indio asko ageri ziren.

Monterreyko presidioa, adobezko etxeek osatutako karratua, zuhaitz adarrez apainduta zegoen bezperatik. Adar artean oliontziak zeuden han eta hemen zintzilik, seboz eginak,
Monterreyko presidioa
kotoizko metxarekin. Iluntzean, plaza hartan elkartuta, monterreytarrek gobernadorea agurtzeko aukera izan zuten, lanparatxo haien argitan paseatzen zuten bitartean.

Biharamunean, tropek ilaran itxoin zuten eliza atarian, eta gobernadorea haien artetik pasatu eta elizan sartu zenean Te Deum intonatu zuten denek, misioetako musikari indioek lagunduta eta kanoi eta moskete deskargek unearen solemnitatea azpimarratzen zutela. Funtzioa amaitzean, presidioko plazan, Solak hitza hartu eta miresmenez mintzatu zen Kaliforniaz eta bertako jendeaz.

Jarraian, Monterreyko damek prestatutako oturuntzaz gozatzeko unea izan zen gobernadore, ofizial eta misiolarientzat. Gelan sartzerakoan, zuriz jantzitako neskatila multzo bat hurbildu zitzaion Pablo Vicenteri, eskuan muin egitera. Mahaian, inguruetako mokadurik aukerakoenak zeuzkan zain: San Diegoko olibak, San Gabrielgo mahatsa eta ardoa, San Antonioko irinarekin egindako gozoak eta beste hamaika gutizia. Ondoren, presidioko plazan bertan zezenketa bat ikustera gonbidatu zuten.

Solak halakoak ikusteko ohitura zuen lehenago ere, eta ez zen beraz harritu zezena oldarrean atera zenean. Baina hurrena etorri zenaren antzekorik sekula ikusi gabea zen. Lau vaquero azaldu ziren zaldi gainean, grizzly hartz bat arrastaka zekartela lau hanketan lotutako soketatik. Amorratuta, libratzeko ahaleginak egiten zituen hartzak. Berehala, bi animaliak kate sendo batekin hanketatik lotu, mugitzeko dezenteko tartea zutela, eta sokak kendu zizkieten.

Zezena hartzaren kontra
Aurrez aurre geratu ziren bi piztiak. Zezenak burua beheratu eta mehatxuz begiratu zuen, eta hartza hanka gainean zutitu zen, hasieraren zain bezala. Baina hamar minutuz ez batak ez besteak ez zuten aurrera egin. Ikusleak urduritzen hasi ziren. Vaqueroak hurbildu eta zezena akuilatzen hasi ziren, oinaze orro batekin aurkariarengana jo zuen arte. Orduan hartza, hain gorputz astunean espero gabeko arintasunez, zezenaren lepora oldartu zen atzaparkada batekin, adarrak saihestuz, eta biek lurrean iraulka amaitu zuten. Hotsa ikaragarria zen, hauts hodeiak harrotu ziren, eta ikusleek oihu eta garrasi egiten zuten, odol erretenak ikusita eta borroka hiltzerainokoa izango zela konprenituta.

Halako batean zezenak, leher eginda eta egarrituta, mihia atera zuen, eta hartza handik heltzen saiatu zen posizioa aldatuz. Baina biziarekin ordaindu zuen ahalegina. Zezena erne zegoen, eta bat-bateko ekinaldi batekin arerioari adarra sartu eta, sekulako indarra eginez, airean gora bota zuen. Hartza zauri ikaragarri batekin erori zenean, zezenak, bere zauriekin amorratuta, abantailari eutsi zion; eta, bigarren ekinaldi batekin, konbatea itxi zuen.

Gauean, dantzaldi bat antolatu zen, lurralde hartan inoiz izandako dotoreena, baina gobernadorea garaiz erretiratu zen, hurrengo egunean San Carlos Misiora joatekoa baitzen, han ere ongietorria egin nahi zioten eta.

Biharamunean, San Carloserantz zihoala, misiolariak eta intsentsu-eramaileak eta indio asko atera zitzaizkion bidera Sola arrasatearrari, eta misioko elizaraino lagundu zioten prozesioan. Han, Junipero Serra, Juan Crespi eta Fermin Lasuenen hilobiak erakutsi zizkioten. Sola belaunikatu eta otoitzean egon
Pablo Vicente Solaren sinadura
zen luzaroan. Gero, meza nagusiaren ondoren, indioek beren jokoak erakutsi zituzten arkupeetan eseritako zurien aurrean. Margotuta eta lumaz apainduta, borroka itxurak egin zituzten, eta jarraian talde guztietako buruzagiak gobernadorearengana joan eta haren oinetan utzi zituzten armak.

Erakustaldia amaitu eta Sola gobernadorea bere zaldi gainera igo zenean Monterreyra itzultzeko, ikusitako guztiarekin ohoratua sentitzen zela esan zuen, eta gogoko izan zuela dena. Baina batik bat bi gauza egin zitzaizkiola deigarri: Monterreyko grizzlya eta San Carlosko indioen borroka itxura haiek, halakorik sekula ikusi gabea zela eta(1)


Argazkiak: Monterreyko portua. Egilea: Duflot de Mofras, Eugene; Monterreyko presidioaren ustezko itxura, 1800 inguruan. Egilea: Jack S. Williams; 





(1) Juan Bautista Alvaradoren lekukotzan oinarrituta dago kontakizuna. In Hittell, 633-640.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina