otsaila 21, 2018

SOLA ARRASATEARRA. GOI KALIFORNIAKO AZKEN GOBERNADOREA (3tik hirugarrena)

Pablo Vicente Sola Arrizabalaga arrasatearra
Oraingo honekin amaiera ematen diot, Arrasateko seme izan zen Pablo Vicente Sola Arrizabalagari buruz egin dudan ibilbide historikoari. Aurrekoetan bezala, Asun Garikano idazle eta ikerlariari zor diot ondoko deskribapena. Bera da Pablo Vicenteren gain hoberen ikertu duena, eta berak eskuzabal luzatu zidan bere lana, txoko honetako irakurleenganaino iristeko.

Pablo Vicente Goi Kaliforniako azken gobernadorea izan zen, Fernando VII.ak izendatua, 1815-22 tartean.
Hipolito Bouchard


HIPOLITO BOUCHARD-EN ERASOA MONTERREYREN KONTRA

San Franciscotik gora kokaleku finkorik ez zeukaten espainiarrek, eta arriskurik handiena handik etor zitekeela uste zuen Solak, batik bat errusiarrengandik, beren asentamenduak zabaltzen eta indartzen ari baitziren Bodegan eta Fort Ross-en. Ezin igarri zezakeen benetako erasoa, azkenean, nondik eta Hipolito Bouchard argentinarrak zuzendutako erreboltariengandik etorriko zitzaiola.

1818ko azaroaren 20an, Monterreyn, Punta de Pinos-eko zelatariak Argentina eta Santa Rosa fragatak begiztatu zituen, eta abisua eman zuen berehala. Solak gizon guztiak batu – berrogei, guztira: presidioko konpainiako hogeita bost, lau artillari eta hamaika miliziano–, eta bateriara bidali zituen. Gaueko hamaiketan, fragatetako batek aingura bota zuen, eta bateriatik hura identifikatzen saiatu ziren, nongotarrak ziren eta horrelakoak galdetuz tronpetarekin. Baina, Solak Juan Ruiz de Apodaca(1) erregeordeari geroago azaldu zion bezala, "ingelesez erantzun zuten, eta inork ezin izan zien ulertu" (2)  izan ere, fragatako kapitaina, Peter Corney, ingelesa zen, eta XIX. mendearen hasiera hartan… inork ez zuen ingelesez egiten Kaliforniako hiriburuan!

Ondoko egunetan, artilleria tiroan izan ziren, bi aldeetatik, bana oso desorekatuak, zeren bi fragaten artean 66 kanoi batzen zituzten, eta Monterreyn kalibre txikiko zortzi kanoi besterik ez zeuden.

Soledad Misioa
Negoziazio ahaleginak ere egon ziren. Bouchardek ohar bat bidali zion Solari errenditzeko iradokiz. "Erantzun nion –dio Solak erregeordeari egindako eskutitzean– oharrak zioen guztia merezi bezalako mespretxuz hartu zuela"(3) Harro, bere gizonak erregearen alde hiltzeko prest zeudela adierazi zion Solak erasotzaileen buruzagiari. Baina hilaren 24an Boucharden indarrak, laurehun gizon eta lau kanoi, lehorreratu orduko, Solak harrokeriak utzi, eta erretiratzeko agindua eman zuen defentsa apal baten ondoren. "Zer egin nezakeen, Jaun Txit Goren hori, horrelako egoera batean?"(4) zioen erregeordeari idatzitako gutunean, bere burua desenkusatu nahian. Tropen familiei eta inguruetako kolono bakarrei Soledad Misiora erretiratzeko agindu, eta presidiotik hamahiruren bat miliara zegoen Rancho Real-era jo zuen berak tropekin, salbatu ahal izan zuen munizioarekin eta probintziako artxiboko paper guztiekin.

Beste bost egunean Monterreyn gelditu zen Bouchard, ontziak konpontzen, eta bitarte horretan ahal izan zuen guztia lapurtu, aziendak hil eta su eman zien presidioari, gobernadorearen egoitzari eta beste etxe eta baratze guztiei. "Nire altzari guztiak eta oso beharrezkoak zaizkidan beste gauza batzuk galdu nituen"(5) kexatu zitzaion Sola erregeordeari. Gero, hegoalderanzko bidea hartu zuen Bouchardek. Santa Barbarako presidioko tropekin borrokatu, bere lapurretak errepikatu San Juan Capistrano Misioan, eta espainiarren interesei eraso egiten jarraitu zuen Valparaisorainoko bide guztian.

Etorkizuneko historialariek, Chapmanek argi eta garbi, eta Bancroftek ere bai neurri batean, Monterrey ez defendatzea eta erregeordeari idatzitako gutunean bere burua zuritu nahi izatea leporatzen diote Solari. Baina bere garaian Ruiz de Apodaca erregeordeak, haren zerbitzuen aitorpen gisa, coronel de milicias provinciales mailara goratu zuen.

Apodaka erregeordea
Bouchardi eta bere gizonei dagokienez, insurgenteak ziren batzuentzat, Hego Amerikan zehar zabaltzen ari zen Espainiaren kontrako iraultza Alta Californiara zabaldu nahi zutenak; beste batzuentzat, piraten edo garai bateko pichilingue-en (6) mailako jendilajea. Edozein kasutan, espainiarren agintaldian Alta Californiak atzerritarrengandik jasandako eraso bakarraren protagonistak izan ziren.

Ustekabeko istilu horiek agerian utzi zuten, lehenaz gain, Alta Californiaren ahultasun militarra. Solaren eskaera larriari erantzunez, erregeordeak bi ontzi bidali zituen berrehunen bat gizonez eta armaz kargatuta. Baina Sola laster ohartu zen gizon haietako asko arazoak sortzeko baino ez zirela. Choloak ziren, kriminal eta eskale jendea, asko kartzeletatik erreklutatutakoak, diziplina militarrik gabeak eta armen erabileraz ezer ez zekitenak. Halako jendea bidaltzekotan inor ez bidaltzea hobe zela aurpegiratu zion Solak erregeordeari. Ez zen horrela pentsatzen zuen bakarra. Ez beste agintariek, ez fraideek, ez herritarrek, inork ez zuen jende harentzat hitz bat onik izan.

SOLA GOBERNADORE ESPAINIARRA ZENA, GOBERNADORE MEXIKARRA BIHURTUTA
Bere gutunetan, probintzia bazterrean ez uzteko eta laguntza bidaltzeko eskatzen jarraitu zuen Solak. Baina espainiar agintariek ez zuten ezer egin, edo ez zuten ezer egiterik izan, 1810az geroztik arreta eta baliabide guztiak Mexikoko iraultzara zuzenduta baitzeuzkaten. Alferrikako ahalegina izan zen. 1821ean, Agustin de Iturbide errege-armadako koronelak, Acapulcon matxinatutakoak azpiratu ordez, zegokion bezala, bat-batean iraultzaren bandera goratu, eta burujabetasuna eman zion Nueva Españari.

Solak inoiz ez zuen iraultzaileei buruz iritzi onik izan eta erregearekiko leial agertu izan zen ordura artean. Baina une hartan, Mexikoko adiskideek Espainiaren kausa galdua zela jakinarazi ziotelarik, eta hobe zuela zuhur jokatzea ordura arteko leialtasunak bazterrean utzi eta ontzat eman zituen agintari berriak, Mexikoko
Manuel Micheltorena
gobernuarekiko leialtasunaren zina eginez menpeko ofizial guztiekin batera.

Aste gutxiren buruan Mexikoko banderak goratu ziren lurralde osoan. Kaliforniak espainiarra izateari utzi, eta Mexikoren probintzia bilakatu zen. Eta Sola bera Kaliforniako lehen gobernadore mexikarra bihurtu zen,  Iturbide enperadoreak Espainian jaiotako inork ezin zuela kargu hori bete agindu zuen arte. Orduan, Mexikoko Kongresu sortu berrian Kaliforniaren ordezkari izateko aukeratu zuten Sola. Handik aurrera bere arrastoa galdu egiten da. Kaliforniako auzietan interes handia jartzen segitu omen zuen, baina inoiz hara itzuli gabe.

Kaliforniaren historiako aro mexikarrean, 1822an hasi eta 1848an Estatu Batuek anexionatu arte, Espainian jaiotako funtzionarioek ezin zutenez kargurik izan, ez zen gehiago sortzez euskaldun izandako gobernadorerik izan, baina postu hori bete zuten bi gizon euskal jatorriko mexikarrak ziren: José María Echeandía (1825-1831) eta Manuel Micheltorena (1842-1845).


Pablo Vicente Sola Arrizabalaga arrasatearra Mexiko hirian hil zen, 1826an.


Argazkiak: Nuestra Señora de la Soledad Misioa, Soledad, Monterrey konderria, CA Historic American Buildings Survey (Library of Congress); Juan Ruiz de Apodaca Eliza, 1754-1835. Egilea: Antonio María Esquivel; wikipedia

ISTORIO HONEN AURREKO ARTIKULUAK:


 





(1) Juan José Ruiz de Apodaca y Eliza (Cádiz, 1754-Madril, 1835), Nueva Españako erregeordea 1816tik 1820ra. Aita Arabako Ondategi herrikoa zuen, eta ama Cádizen jaioa baina euskal jatorrikoa.
(2)  Pablo Vicente Solaren eskutitza Don Juan Ruiz de Apodacari, Monterrey, 1818-12-12. In Beebe eta Senkewicz, 299.
(3) Ibid., 301.
(4) Ibid., 302.
(5) Ibid., 304
(6) Hainbat nazionalitatetako piratei indigenek ematen zieten izena. Ez da ziurra hitzaren jatorria. Teoria batek dio speak in English-etik datorrela, alegia, piratek indigenen aurrean errepikatzen zuten agindutik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina