Pablo Vicente Sola Arrizabalaga arrasatearra |
Pablo Vicente Goi Kaliforniako azken gobernadorea izan zen, Fernando VII.ak izendatua, 1815-22 tartean.
Hipolito Bouchard |
HIPOLITO BOUCHARD-EN ERASOA MONTERREYREN KONTRA
San Franciscotik gora kokaleku finkorik ez zeukaten espainiarrek, eta arriskurik handiena handik etor zitekeela uste zuen Solak, batik bat errusiarrengandik, beren asentamenduak zabaltzen eta indartzen ari baitziren Bodegan eta Fort Ross-en. Ezin igarri zezakeen benetako erasoa, azkenean, nondik eta Hipolito Bouchard argentinarrak zuzendutako erreboltariengandik etorriko zitzaiola.
1818ko
azaroaren 20an, Monterreyn, Punta de Pinos-eko zelatariak Argentina eta Santa Rosa fragatak
begiztatu zituen, eta abisua eman zuen berehala. Solak gizon guztiak batu – berrogei,
guztira: presidioko konpainiako hogeita bost, lau artillari eta hamaika
miliziano–, eta bateriara bidali zituen. Gaueko hamaiketan, fragatetako batek aingura
bota zuen, eta bateriatik hura identifikatzen saiatu ziren, nongotarrak ziren
eta horrelakoak galdetuz tronpetarekin. Baina, Solak Juan Ruiz de
Apodaca(1) erregeordeari geroago azaldu zion bezala, "ingelesez erantzun zuten, eta inork ezin
izan zien ulertu" (2) izan ere, fragatako kapitaina, Peter Corney, ingelesa zen, eta XIX. mendearen
hasiera hartan… inork ez zuen ingelesez egiten Kaliforniako hiriburuan!
Ondoko
egunetan, artilleria tiroan izan ziren, bi aldeetatik, bana oso desorekatuak, zeren bi fragaten
artean 66 kanoi batzen zituzten, eta Monterreyn kalibre txikiko zortzi
kanoi besterik ez zeuden.
Soledad Misioa |
Beste
bost egunean Monterreyn gelditu zen Bouchard, ontziak konpontzen, eta bitarte
horretan ahal izan zuen guztia lapurtu, aziendak hil eta su eman zien
presidioari, gobernadorearen egoitzari eta beste etxe eta baratze guztiei. "Nire altzari guztiak eta oso beharrezkoak zaizkidan beste gauza batzuk galdu
nituen"(5) kexatu zitzaion Sola erregeordeari. Gero, hegoalderanzko bidea hartu zuen Bouchardek.
Santa Barbarako presidioko tropekin borrokatu, bere lapurretak errepikatu San
Juan Capistrano Misioan, eta espainiarren interesei eraso egiten jarraitu zuen
Valparaisorainoko bide guztian.
Etorkizuneko
historialariek, Chapmanek argi eta garbi, eta Bancroftek ere bai neurri batean,
Monterrey ez defendatzea eta erregeordeari idatzitako gutunean bere burua
zuritu nahi izatea leporatzen diote Solari. Baina bere garaian Ruiz de Apodaca erregeordeak,
haren zerbitzuen aitorpen gisa, coronel de milicias provinciales mailara
goratu zuen.
Apodaka erregeordea |
Ustekabeko
istilu horiek agerian utzi zuten, lehenaz gain, Alta Californiaren ahultasun
militarra. Solaren eskaera larriari erantzunez, erregeordeak bi ontzi bidali
zituen berrehunen bat gizonez eta armaz kargatuta. Baina Sola laster ohartu zen
gizon haietako asko arazoak sortzeko baino ez zirela. Choloak ziren,
kriminal eta eskale jendea, asko kartzeletatik erreklutatutakoak, diziplina militarrik
gabeak eta armen erabileraz ezer ez zekitenak. Halako jendea bidaltzekotan inor
ez bidaltzea hobe zela aurpegiratu zion Solak erregeordeari. Ez zen horrela
pentsatzen zuen bakarra. Ez beste agintariek, ez fraideek, ez herritarrek,
inork ez zuen jende harentzat hitz bat onik izan.
SOLA GOBERNADORE ESPAINIARRA ZENA, GOBERNADORE MEXIKARRA BIHURTUTA
Bere
gutunetan, probintzia bazterrean ez uzteko eta laguntza bidaltzeko eskatzen
jarraitu zuen Solak. Baina espainiar agintariek ez zuten ezer egin, edo ez
zuten ezer egiterik izan, 1810az geroztik arreta eta baliabide guztiak Mexikoko
iraultzara zuzenduta baitzeuzkaten. Alferrikako ahalegina izan zen. 1821ean, Agustin
de Iturbide errege-armadako koronelak, Acapulcon matxinatutakoak azpiratu
ordez, zegokion bezala, bat-batean iraultzaren bandera goratu, eta
burujabetasuna eman zion Nueva Españari.
Solak
inoiz ez zuen iraultzaileei buruz iritzi onik izan eta erregearekiko leial
agertu izan zen ordura artean. Baina une hartan, Mexikoko adiskideek
Espainiaren kausa galdua zela jakinarazi ziotelarik, eta hobe zuela zuhur
jokatzea ordura arteko leialtasunak bazterrean utzi eta ontzat eman zituen
agintari berriak, Mexikoko
gobernuarekiko leialtasunaren zina eginez menpeko ofizial
guztiekin batera.
Manuel Micheltorena |
Aste
gutxiren buruan Mexikoko banderak goratu ziren lurralde osoan. Kaliforniak espainiarra
izateari utzi, eta Mexikoren probintzia bilakatu zen. Eta Sola bera Kaliforniako
lehen gobernadore mexikarra bihurtu zen, Iturbide enperadoreak Espainian jaiotako inork
ezin zuela kargu hori bete agindu zuen arte. Orduan, Mexikoko Kongresu sortu
berrian Kaliforniaren ordezkari izateko aukeratu zuten Sola. Handik aurrera bere
arrastoa galdu egiten da. Kaliforniako auzietan interes handia jartzen segitu
omen zuen, baina inoiz hara itzuli gabe.
Kaliforniaren
historiako aro mexikarrean, 1822an hasi eta 1848an Estatu Batuek anexionatu
arte, Espainian jaiotako funtzionarioek ezin zutenez
kargurik izan, ez zen gehiago sortzez euskaldun izandako gobernadorerik izan, baina postu
hori bete zuten bi gizon euskal jatorriko mexikarrak ziren: José María
Echeandía (1825-1831) eta Manuel Micheltorena (1842-1845).
ISTORIO HONEN AURREKO ARTIKULUAK:
(1) Juan José Ruiz de Apodaca y Eliza (Cádiz,
1754-Madril, 1835), Nueva Españako erregeordea 1816tik 1820ra. Aita Arabako
Ondategi herrikoa zuen, eta ama Cádizen jaioa baina euskal jatorrikoa.
(3) Ibid., 301.
(4) Ibid., 302.
(5) Ibid., 304
(6) Hainbat nazionalitatetako piratei indigenek ematen zieten izena. Ez da ziurra hitzaren jatorria. Teoria batek dio speak in English-etik datorrela, alegia, piratek indigenen aurrean errepikatzen zuten agindutik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina