Monterrey, 1820 inguruan |
Oraingoan, Pablo Vicentek gobernadore bezala emandako urrats batzuk, hartutako zenbait erabaki eta arrasatearraren gaineko iritziak ezagutuko ditugu.
Bere karguan zen jadanik Pablo Vicente Sola gobernadore berria, eta fraideek kortesiazko bisita egin behar zioten Fernando VII.aren ordezkari hari. Aita Vicente de Sarria(Etxebarri, Bizkaia, 1767 - Soledad Misioa, Kalifornia, 1835) jo zuten egokiena horretarako, une horretan prefektua izateaz gain, euskal probintzietakoa zelako gobernadorea bera bezala.
Bi
fraidek lagundu zioten gobernadorearen egoitzaraino, baina Sarriak nahiago izan
zuen bulegora inor gabe sartu, bere herrikidearekin bakarka hitz egiteko:
"Hala bada, saloian bakarrik sartuta, bere posizioari
zegokion duintasunarekin hartua izan zen, eta hainbat konplimendu trukatu ondoren,
elkarrizketa luze eta serio bat izan zuten, eta haren jarraian beste bat,
espainiera eta euskara nahastuz, nola nagusia hala prelatua hasierako
seriotasuna ahanztera bultzatu zituena. Hala, agur esaterakoan, aspaldiko
lagunak balira bezala bereizi ziren elkarrengandik" (1)
Sola arrasatearra eta euskalduna |
Dena
den, lehenengo bilera hartan giroa hain adiskidetsua izan bazen ere, gerora bien
arteko harremana ez zen ona izan, ziur aski garaiko auzi politikoei buruz bat
ez zetozelako, Sola liberala baitzen, eta Sarria kontserbadorea.(2)
Frantziskotar
misiolarien artean, beste inorekin baino harreman hobea izan zuen Solak Francisco
Xavier de la Concepción Uria aizarnatarrarekin, hau da, garaikideek umore
onagatik goraipatzen duten fraidearekin. Elkarri egiten zizkioten gutun adiskidetsuetan Uriak euskara tartekatzeko ohitura zuen.(3)
SOLA GOBERNADOREAREN ARDURAK
Lurraldea
aztertzea izan zen Solaren lehenengo ardura gobernadore gisa, eta bi urteko
epean alderik alde zeharkatu zuen probintzia presidio eta misio guztietara bisitak eginez. Une horretan, bi mila eta laurehunen bat zuri bizi ziren Alta
Californian; misioetako indioen kopurua, berriz, hogeita bi mila ingurukoa zen.
Misioak,
hemeretzi, eginahal betean ari ziren. Eliza ederrak zituzten batzuek, eta beste
batzuk orduantxe ari ziren eraikitzen. Ardi eta abere taldeen kopuruak izugarri
hazita zeuden, eta zaldiak hain ugarituta ezen saldo handiak akabatzea erabaki zela,
larreak animalia baliagarriagoentzat uzteko. Indioak, berriz, bakean zeuden,
apostata iheslari edo "jentile" batzuek abereak lapurtzeko egindako
espedizioren bat gorabehera.
Presidioak,
aitzitik, ohiko egoera txarrean aurkitu zituen Solak, inbasio bati aurre
egiteko edo gerraontzi bakar baten aurrean defendatzeko ezgai. Berrogeita bi
kanoi baino ez zeuden lurralde osoan, eta erdiek ez zuten ezertarako balio.
Sola aurretik egon zen Borica gobernadore gasteiztarra bezala, Kaliforniako biztanleen hezkuntzaz ere arduratu
zen arrasatearra. Neurri handian bere diruarekin altxatu eta mantendu zituen
mutilentzako bi eskola eta neskentzako beste bat. 1817-1818ko txostenetan erregeordeari
jakinarazi zionez, kolonoak edo "izaera oneko soldaduak" arduratzen ziren umeei
erlijioa, irakurketa, idazketa eta kalkulua irakasteaz(4)
Nueva Españako mapa, XIX hasieran |
Mutiko
neofitoentzako eskolak ezartzearen garrantziaz ere ohartarazi nahi izan zuen Pablo Vicente Solak erregeordea,
etorkizunean beren arrazakoen hezitzaile bihur zitezkeela eta; eta neska
neofitoak hezi beharraz ere arduratu zen, guraso eta ahaideen eraginpetik
ateratzeko. Baina Mexikok ez zien Solaren asmoei aurrerabiderik eman. Monterreyko
eskolan Miguel Archuleta zen maisua. Haren ikasle izan ziren, esate baterako,
Mariano Guadalupe Vallejo eta Juan Bautista Alvarado, Kaliforniaren historian
rol garrantzitsua jokatuko zutenak.
Solak
Monterreyko eskola bisitatzeko ohitura zuen, baina ikuspegi aurreratua zuen
heziketa kontuez, eta ez zuen oso gogoko han ikusitakoa:
"Doktrinaz gain beste ikasketa adar
interesgarri batzuk bazeudela iradoki zion Archuletari; Ripalda eta katoia eta
Ama Birjinaren bederatziurrena eta santu, martiri nahiz birjinen bizitzaz gain
bazirela beste liburu batzuk, irakurtzea merezi zutenak"(6)
Solak
Gazeta de Méxicoren edo Espainiako 1812ko Konstituzioaren kopiak
banatzen zituen ikasleen artean, edo Don Quijoterenak, eta bere
liburutegia erabiltzen uzten zien ikasle zaharrenei. Beste batzuetan, ikasleak
bere bulegora gonbidatu, eta ikasketei arreta eskaintzearen garrantziaz ohartarazten
zituen.
SOLA GIZONAREN IZAERA
Solaren
izaerari buruzko iritziak ez datoz bat, Bancroft historialariak jasotako
garaikideen hitzetan ikus daitekeen bezala. Juan Bautista Alvaradok adiskidetsu,
baketsu eta bihozbera zela dio, aurreko gobernadore guztiak baino
heziketa eta manera hobeen jabea. Antonio María Osioren ustez, ordea, gizon
harroa zen. Mariano
Guadalupe Vallejok laudorioak baino ez ditu Solarentzat, José María Romerok
petraltzat eta despotatzat dauka ("hombre de mal genio y despótico") eta José Canuto Borondak
diziplinazalea zela aipatzen du, baina inpartziala, zuzena eta oso
umezalea (7)
PABLO VICENTE SOLARI BURUZ GEHIAGO
Argazkiak: Nueva Españako Erresuma XIX. mendearen hasieran.
Egilea: Antonio García Cubas ; Monterrey, 1826-1827 Egilea: William
Smyth.
;
(1) Osio,
Antonio María: Historia de la California, 1815-1848 / ms. Calisphere:
http://content.cdlib.org/.
(3) Solaguren,
625.
(4) Bancroft, 426,
(5) Mariano Guadalupe Vallejo (1807-1890) politiko, militar eta lur-jabe kaliforniarra izan zen. Juan Bautista Alvarado (1809-1882), Alta Californiako gobernadorea 1836tik 1837ra eta 1838tik 1842ra.
(6) Bancroft, 428-429
(7) Bancroft, 471-472.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina