Pablo Vicente Sola arrasatearra |
Solatarren protagonista berria Pablo Vicente Sola Arrizabalaga dugu. Arrasaten jaio zen, 1761eko martxoaren 2an.Nicolas de Sola Salinas eta Ursola Theresa de Arrizavalagaren hamalau seme-alabetako zortzigarrena genuen. Aita, Arrasateko alkate eta Probintziako Diputatu izandakoa, Obanosen (Nafarroa) jaioa zen; ama, berriz, Segurakoa (Gipuzkoa). Familiaren mailari zegokion heziketa ona jaso zuen. Kaliforniako urteetan ezagutu zutenek estatura ertainekoa zela diote, sendoa eta, garaiko deskribapenetan errepikatzen den formularekin esanda, de complexión florida.
Pablo
Vicente Sola arrasatearra Alta Californiako hamabigarren eta azken
gobernadore espainiarra izan zen (1815-1822), hain zuzen ere independentzia
mugimenduek espainiar inperioa astintzen zuten garaian.
Pablo
Vicente ez zen izan Kaliforniara joandako senide bakarra. Beste anaia bat ere, Faustino,
bi urte gazteagoa frantziskotarra zen eta Kalifornian ihardun zuen 1786 ezkero.
1820an San Fernando Kolegioan hil zenean, 30 urte zeramatzan burutik eginda.
Oraingo gure protagonista 1815ean heldu zen Monterreyra, Fernando VII erregearen ordezkari gisa. Monterreyko
biztanleek ikusgarrizko ongietorria prestatu zuten bere karguaz jabetzera zetorren
Sola gobernadore berriarentzat. Ez, dena esan behar da, haren merituengatik, ez baitzuten ezagutzen,
baizik eta irrikatan zeudelako Espainiako erregearekiko atxikimendua -eta Mexikoko
iraultzarekiko arbuioa- erakusteko.
Horregatik, 1815eko abuztuaren 30ean arrasatearraren
ontzia Monterreyko badian azaldu zenean, bertan ziren inguruetako misiolari
gehienak eta probintziako agintari militarrak; ospakizun handira huts egin nahi
ez, eta haiekin batera biztanle zuri eta indio asko ageri ziren.
Monterreyko badia |
Monterreyko
presidioa, adobezko etxeek osatutako karratua, zuhaitz adarrez apainduta zegoen
bezperatik. Adar artean oliontziak zeuden han eta hemen zintzilik, seboz
eginak,
kotoizko metxarekin. Iluntzean, plaza hartan elkartuta, monterreytarrek
gobernadorea agurtzeko aukera izan zuten, lanparatxo haien argitan paseatzen
zuten bitartean.
Monterreyko presidioa |
Biharamunean,
tropek ilaran itxoin zuten eliza atarian, eta gobernadorea haien artetik pasatu
eta elizan sartu zenean Te Deum intonatu zuten denek, misioetako musikari
indioek lagunduta eta kanoi eta moskete deskargek unearen solemnitatea
azpimarratzen zutela. Funtzioa amaitzean, presidioko plazan, Solak hitza hartu
eta miresmenez mintzatu zen Kaliforniaz eta bertako jendeaz.
Jarraian,
Monterreyko damek prestatutako oturuntzaz gozatzeko unea izan zen gobernadore,
ofizial eta misiolarientzat. Gelan sartzerakoan, zuriz jantzitako neskatila
multzo bat hurbildu zitzaion Pablo Vicenteri, eskuan muin egitera. Mahaian, inguruetako
mokadurik aukerakoenak zeuzkan zain: San Diegoko olibak, San Gabrielgo mahatsa
eta ardoa, San Antonioko irinarekin egindako gozoak eta beste hamaika gutizia. Ondoren,
presidioko plazan bertan zezenketa bat ikustera gonbidatu zuten.
Solak
halakoak ikusteko ohitura zuen lehenago ere, eta ez zen beraz harritu zezena oldarrean
atera zenean. Baina hurrena etorri zenaren antzekorik sekula ikusi gabea zen. Lau
vaquero azaldu ziren zaldi gainean, grizzly
hartz bat arrastaka zekartela lau hanketan lotutako soketatik. Amorratuta,
libratzeko ahaleginak egiten zituen hartzak. Berehala, bi animaliak kate
sendo batekin hanketatik lotu, mugitzeko dezenteko tartea zutela, eta sokak kendu
zizkieten.
Zezena hartzaren kontra |
Aurrez
aurre geratu ziren bi piztiak. Zezenak burua beheratu eta mehatxuz begiratu
zuen, eta hartza hanka gainean zutitu zen, hasieraren zain bezala. Baina hamar
minutuz ez batak ez besteak ez zuten aurrera egin. Ikusleak urduritzen hasi ziren.
Vaqueroak hurbildu eta zezena akuilatzen hasi ziren, oinaze orro batekin
aurkariarengana jo zuen arte. Orduan hartza, hain gorputz astunean espero
gabeko arintasunez, zezenaren lepora oldartu zen atzaparkada batekin, adarrak
saihestuz, eta biek lurrean iraulka amaitu zuten. Hotsa ikaragarria zen, hauts
hodeiak harrotu ziren, eta ikusleek oihu eta garrasi egiten zuten, odol
erretenak ikusita eta borroka hiltzerainokoa izango zela konprenituta.
Halako
batean zezenak, leher eginda eta egarrituta, mihia atera zuen, eta hartza
handik heltzen saiatu zen posizioa aldatuz. Baina biziarekin ordaindu zuen
ahalegina. Zezena erne zegoen, eta bat-bateko ekinaldi batekin arerioari adarra
sartu eta, sekulako indarra eginez, airean gora bota zuen. Hartza zauri
ikaragarri batekin erori zenean, zezenak, bere zauriekin amorratuta, abantailari
eutsi zion; eta, bigarren ekinaldi batekin, konbatea itxi zuen.
Gauean,
dantzaldi bat antolatu zen, lurralde hartan inoiz izandako dotoreena, baina
gobernadorea garaiz erretiratu zen, hurrengo egunean San Carlos Misiora joatekoa
baitzen, han ere ongietorria egin nahi zioten eta.
Biharamunean,
San Carloserantz zihoala, misiolariak eta intsentsu-eramaileak eta indio asko
atera zitzaizkion bidera Sola arrasatearrari, eta misioko elizaraino lagundu
zioten prozesioan. Han, Junipero Serra, Juan Crespi eta Fermin Lasuenen
hilobiak erakutsi zizkioten. Sola belaunikatu eta otoitzean egon
zen luzaroan. Gero,
meza nagusiaren ondoren, indioek beren jokoak erakutsi zituzten arkupeetan
eseritako zurien aurrean. Margotuta eta lumaz apainduta, borroka itxurak egin zituzten,
eta jarraian talde guztietako buruzagiak gobernadorearengana joan eta haren
oinetan utzi zituzten armak.
Pablo Vicente Solaren sinadura |
Erakustaldia amaitu eta Sola
gobernadorea bere zaldi gainera igo zenean Monterreyra itzultzeko, ikusitako
guztiarekin ohoratua sentitzen zela esan zuen, eta gogoko izan zuela dena.
Baina batik bat bi gauza egin zitzaizkiola deigarri: Monterreyko grizzlya
eta San Carlosko indioen borroka itxura haiek, halakorik sekula ikusi gabea
zela eta(1)
Argazkiak: Monterreyko portua. Egilea: Duflot de Mofras, Eugene; Monterreyko presidioaren
ustezko itxura, 1800 inguruan. Egilea: Jack S. Williams;
(1) Juan
Bautista Alvaradoren lekukotzan oinarrituta dago kontakizuna. In Hittell,
633-640.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina