otsaila 22, 2017

MARTINEZ DE UBAGO ARRASATEARRAK


Luis Armengouren margo lana
Umetan Luis Martinez de Ubago arrasatearra izan nuen haginlaria. Oraindik bizi-bizirik daukat nire gogoan bere itxaron gelako margo tragiko bat – “Asesinato en una taberna”- (Luis Armengou.1910) kontsultara sartu aurreko artegatasuna areagotzen zuena. Baina aitortu behar dut gehiago estimatzen nuela umeekiko Ubagoren sentsibilitatea – horrela esaten genion- Luis Garcia “Luisón”ena baino. Edozein modutan ez naiz idaztera jarri haurtzaroko Arrasateko haginlarien nolakotasunak azaltzeko, Martinez de Ubago abizenarekin zer ikusirik duen istorio bat adierazteko baino. 

Luis Martinez de Ubagoren etxean, 1940 inguru
Luis Martinez de Ubago Milikua Arrasaten jaio zen, 1904ko azaroaren 18an. Haginlari-kontsulta Nafarroa Etorbideko 1. zenbakian izan zuen lehenik – artean Paseo de la Estación genuen- eta geroago Erdiko Kalera igaro zen.Gerra piztu zenean, 1936an, Luis zinegotzia zen Arrasateko Udaletxean, errepublikazale bezala hautatua. Eta 1931-36 urteen bitarteko zenbait alditan alkate bezala ere aritu zen.(1)

Luisen aita ere Arrasateko medikua izan genuen: Alberto Martinez de Ubago Lizarraga,Iruñean 1874an munduratua eta Arrasaten 1945ean hil zena. Iturriotz kaleko 13. zenbakian zeukan kontsulta. Aita-semearen afiliazio politikoa errepublikaren aldekoa zen. Eta horrela agertu zuten euren burua 1936an Herri Frontearen sostengu ekonomikoan parte hartuz. Aitak 15 pezeta eman zituen eta semeak, berriz, 25. Alberto Martinez de Ubago XX Milikuarekin ezkondu zen, hain zuzen Arrasateko ostaturik entzutetsueneko jabearen alabarekin. Antero Milikua Oarberrietak Erdiko Kaleko 3an zeukan negozioa. Bestalde, XIX. amaieran eta XX. lehen urteetan udal zinegotzia izan zen. 

Baina Alberto ez zen izan Arrasatera mediku bezala sendiko lehena iritsia. Bere anaia bat, Eduardo Martinez de Ubago Lizarraga, lau urte zaharragoa, 1898an izendatu zuten herriko mediku titularra. Maria Candelaria Okendo arrasatearrarekin zegoen ezkonduta eta bikoteak seme bat izan zuen Arrasaten, Vicente. Sendiak 1900an Iruñera aldatu zuen bizitokia. Maria Candelariaren ahizpa bat, Maria Josefa, lehendik bizi zen Iruñean,eta horretaz aritu izan nintzen artikulu batean.

Eduardo, Arrasateko mediku izendatu baino lehen, Nafarroako Probintzia-Benefizentziako osagile titularra izan zen. Eta 1873an Iruñeko alkate errepublikazalea hautatu zuten.  Eusko Ikaskuntzaren 1920ko II Kongresuan txosten bat aurkeztu zuen Iruñeko langileriaren egoera txarra salatuz. Txosten hartan honela zioen bere amaieran: 

“Y si blancos, rojos y amarillos trabajamos con la alteza de miras y el amor y cariño que estas obras sociales necesitan, no lo dudéis que al fin conseguiremos que el santo ideal de la igualdad humana, por lo menos se vislumbre como un hecho de posible realidad en la Región Vasca, por devolverse aquí en forma equitativa y justa al miserable, en los momentos angustiosos de su vida, lo que al rico le sobra, pues sabiendo éste que en justicia no le pertenece, es indudable que el mismo hecho aliviará a los dos. Y si este caso, motivo de orgullo regional fuera patente, muchos hijos de aquí, que hasta ahora les tenía sin cuidado la Región, en donde quiera que estuviesen gritarían, lo que algunos sin tanto fundamento gritan hoy: ¡GORA EUZKADI!” 

Alderdi Errepublikazale Autonomoaren kidea zen eta 1936ko gerra piztean Iruñeko Kartzelako mediku izateari utzi behar izan zion. Iruñean hil zen 1939an. 

Vicente Martinez de Ubago Okendo
Azaldu dut Vicente Martinez de Ubago Okendo izan zela Eduardoren semea, Arrasaten 1898ko abuztuaren 30ean jaioa. Urtebete bat zuela sendiak Iruñera aldatu zuen egoitza. Iruñean batxilergoa ikasi zuen Vicentek, Municheko Unibertsitatean Filosofia, eta Iruñean irakasle-eskolako titulua lortu zuen. Eusko Ikaskuntzak beka bat eman zion 1921ean Dinamarkan kooperatibismoari buruzko ikerketa egiteko. Zuzenbidean lizentziatu zen 1927an eta bulego bat ireki zuen Iruñean. 

Oso gazte zela hasi zen idazten Iruñeko kazetetan. Ideologia sozialistakoa genuen eta oso kritikoa azaldu zen bere artikuluetan Nafarroako kazikismoarekiko. Sozialista izateak ez zion euskal abertzaleekin hurbil egotea eragozten eta “La Voz de Navarra” eta “Vida Vasca” agerkarietan idatzi zuen, Arturo Campion, Manuel Irujo, Estanislao Aranzadi eta gisa horretako pertsonaia publikoekin batera. Baita “Vida Navarra” aldizkarian ere (1933) irakur dezakegu bere lan interesgarri bat. 

“Pamplona se divierte” titulatu zuen 1930eko “Vida Vasca”ren artikulu batean honela zioen sozialista arrasatearrak, Iruñeko udalak sanferminetan euskal kulturari toki gutxi eskaintzen ziola salatuz: 

“Oh! encanto del recogimiento en un cuarto de estudio, de la sensación de una melodía vasca, de la alegría de un niño o de un anciano en un momento de expansión tranquila y sana! ¿No podréis inspirar a quienes organizan nuestras fiestas un número más en la lista de los que completan nuestros carteles anunciadores? Así lo espera este entusiasta admirador de los valores intelectuales y sentimentales de nuestro gran pueblo vasco” 

“La Voz de Navarra” egunkari abertzaleko erredaktorea izan zen 1930ean eta urte berean “La República” astekariaren zuzendari izendatu zuten. Bi urte geroago “La Voz de Guipúzcoa” egunkari errepublikazalearen korrespontsal izatera pasatu zen. Arrasateko Maria Mendizabal Kormenzanarekin ezkondu zen 1933an. 

Bere aita bezala, Alderdi Errepublikazale Autonomoan afiliatu zen 1931n, PSOEtik aldenduta. Euskal Estatutuaren kontra azaldu zen, Euskal Herrian eskuindarren sendotasuna ekarriko zuelakoan. EAJ-PNVren kontra azaldu zen bere artikuluetan baina, aitzitik, ANV sortu zenean zeharo alderdi haren alde jarri zen, ziurrenik bere anaia Manuel bertan afiliatu zelako. 

Fronte Popularrentzako botoa eskatu zuen eta gerra zibilaren hastapenetan errepublikar esparrura igaro zen Iruñetik. Atxilotu egin zuten eta heriotzara kondenatua, bere burua defendatu zuen epaiketan. Amnistiatuta, Gasteizera joan zen bizitzera. Eta 1951n,
Alberto Martinez de Ubago
Errepublika Dominikarrera emigratu zuten senar-emazteak, hain justu ANVko anaia Manuel bizi zenera. Santo Domingon hil zen, bertara ailegatu eta gutxira.


  (1) Luis Martinez de Ubago Milikuaren semea ere – Alberto Martinez de Ubago Ugarte- haginlaria izan zen Arrasaten. Sendiaren azken kidea izan genuen.

  Argazkiak: JMVM, Carmelo Letona






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina