otsaila 15, 2017

SEBERO ALTUBE PLAZA: 40 URTE

Inaugurazioko ekitaldia
Berrogei urte betetzen  dira aste honetan, Arrasaten Sebero Altube Plaza inauguratu zela. Zehazki, 1977ko otsailaren 19an izan zen zeremonia.

Jose Letona historialaria izan zen kaleren bati Sebero Altube izena ipini beharko zitzaiola udaletxean azaldu zuena. Bere liburua “Mondragón, sus calles” argitaratzear zeukan, 1975ean, eta hilabete pare bat lehenago orduko alkate zen Pedro Basterretxeari agertu zion proposamena. Eskaria bete arte hilabete asko eman zen arren, merezi izan zuen, Sebero Altuberi plaza eder bat eskaini baitzitzaion, lehen Azoka egon zen tokian. Kokapen ezin hobea, beraz, Arrasateko linguistaren gaineko oroitzapenari eusteko. 

Egun hartako arratsaldeko 6etan plaza jendez
Pedro Basterretxea
beterik zegoen. Egunsentian amaitu zituzten lanak, Nafarroako Pitillasetik ekarritako harria jartzen. Eta bertan egunean ere landatu zen plazan Gernikako Arbolaren laurogeitabatgarren  kimua.
 

Inaugurazioko ekitaldian, Jose Antonio Altuna alkateak euskaraz eta erdaraz hitz egin zuen, honakoa adieraziz: 

“Udal Plenoak hartutako erabakia betetzen dugu
Jose Antonio Altuna, 1977an
gaur, Aurrerantzean enparantza honi Sebero Altuberen izena emango zaio, idazle, filosofo, linguista, musikologo eta Gernikako Alkate izan zen arrasatear ospetsu honen izena, hain zuzen, bere Herriaren kulturaren alde lan handia egin zuena”
 

Plazako plakak desestali ondoren, Karmen Gartzia Gorosabel Seberoren senideak eskerroneko hitz batzuk esan nahi izan zituen baina emozioak eragotzia, “Gora Euzkadi”  oihua atera zitzaion soilik. Karmen, Benantzio Castañares gerran fusilatutako gazte arrasatearraren alarguntsa zen.

Eta diodan, aukera aprobetxatuz, Altuberen “Laztantxu eta Betargi” nobelaren
protagonistak izan zirela Karmen eta Benantzio. Arrasateren aurkako gerra eraso, fusilamendu eta gainerako gertaera latzetan oinarri zuen Altubek bere literatura obrarik ezagunena. Arrasturi izena eman zion idazkian bere Arrasateri. Hain zuzen ere, aurten 60 urte betetzen dira, Seberok nobela hori lehen aldiz “Alderdi” aldizkarian publikatu zuela. Gero 1979an berrargitaratu zen ostera, liburu gisa. 

Baina itzul gaitezen 1977ko otsailaren 19ra. Gernikako kimua landatu zuenean, Altuna alkateak esan zuen: 

Arbola hau gure askatasun eta ohituren sinboloa dugu. Arbola honek adierazten dituen eskubideen aurrerapen eta lorpena ikusi nahi genituzke” 

Udal txistulariek Iparragirreren “Gernikako Arbola” jo zuten, hara bildutako guztiek
Sebero Altube
kantatzen zuten bitartean. Dantza talde batek “Ikurrin dantza” eskaini zuen. Eta amaitzeko “Agur Jaunak” himnoarekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari.
 

Kimuari ez zioten bertan denbora luzez emateko aukera eskaini: landatu eta hilabete batera, martxoaren 21ean, esku anonimo batzuek arbola guztiz zanpatu zuten. 

Ekitaldi hartara Iokin Zaitegi adiskidea ekarri nuen Oñatiko egoitzatik. Garai hartan berarekin batera bere biografia idazten ari nintzen. Plaza inauguratzen ari zela Zaitegi konturatu zen inork gutxik zekiela ezer Altuberi buruz. Eta Oñatirako bidean bota zidan: “Utzi, oraingoz, nire biografia eta jar zaitez Sebero Altuberena prestatzen" Horrela egin nuen eta 1979ko abenduaren 6an aurkeztu genuen monografikoa. 

Argazkiak: JMVM

2 iruzkin: