iraila 14, 2016

ARRASATEKO UDAL DEFIZITA ARDOAREKIN ESTALITA




Arrasateko Udalaren finantza gorabeherak buruhauste izan dira ia beti udal kudeatzaileentzat eta une larrietan denetariko neurriak hartu behar izan dituzte, aurrekontuetako zenbakiak orekatzeko. Gaurkoan apunte soil bat dakart, 1855ekoa, eta bertan ikus dezakegun moduan, apartako neurriak elizaren esparruetaraino sartzen zen. Goazen istoriora: 

1855eko ekainaren 24an ez ohiko bilera egin zuen udal batzordeak gai zerrendako puntu bakarra aztertu eta haren inguruko erabakia hartzeko. Gaizki egon behar zuten gauzek udaletxean, hain egun seinalatuan – herriko festa nagusiak-  bilera egiteko.  Alkatea Jose Maria Mendia zen eta berarekin batera Joakin Barrena alkate ordea eta Jose Maria Azkoaga, Cesareo Barrena eta Bernabe Azkoaga zinegotziak elkartu ziren. Bileraren aktatik kopiatzen dut erabakitakoa: 

“Se trató y discutió sobe los medios de cubrir el déficit objeto de esta sesión a puerta abierta, y se acordó solicitar de la Excelentísima Diputación foral de esta provincia ocho maravedís de impuesto en azumbre de vino que se consuma en el resto del año en esta villa, previsionando que por ser extraordinario el presente año en atenciones y gastos, se extienda dicho impuesto provisional hasta el vino que consuman los Beneficiados y demás sacerdotes que moran en esta jurisdicción 

Udal kideen esanetara, une hartako defizita 2.669 erreal ingurukoa zen, ez baitzen betetzen ari zergen bidez ustez jasoko zutena. Kontuan izanda marabedi bat 0´01 erreal zela, eta azunbrea, gutxi gora behera, bi litro zela, udal defizita estaltzeko 66.725 litro ardo edan behar zuten arrasatearrek 1855eko ekaina eta abendua bitartean. 

Urte hartako biztanleak 3.500 inguru izango zirela jakinda, eta haurrek ardorik ez zutela edango suposatuz, arrasatear heldu batek –emakume edo gizonezkoa- hogeita bost litro edan behar zuen udalari buruhauste finantzeroak kentzeko. Marka ona, alajaina. Estatistikek ez dute argitzen zenbat litro ardo edaten zuten apaizek.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina