azaroa 14, 2012

KARRIKIRI DENDA: SEI BELAUNALDI LANEAN



            BABESLEA: http://www.fentmuntanyaiformacio.es

Hasi beharko nuke esaten ez dakigula zehazki zenbat urte dituen Arrasateko Karrikiri dendak. Eta zalantza negozioaren hastapen zirriborrotsuetan kokatu behar dugu, zenbait zirkunstantzia eman baitziren XIX. mendearen seigarren hamarkadan, data konkretu bat ematea zailtzen duena. Baina duda barik, arrasatear gizarteak ezagutu duen saltokirik adintsuena dela adieraz daiteke okertzeko beldurrik gabe.

Bartoloma Karrikiri, bigarren belaunaldikoa
Jarraitu behar dut azaltzen, arrasatear askok oraindik ere izenordetzat daukana –Karrikiri- sendi baten abizena dela, Arrasatera XVIII. amaieran heldu zena. Nafar jatorrizko karrikiritarrak ezagunak ziren Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait herritan. Euren arrastoa Marieta, Oleta, Larrinoa, Otxandio, Elorrio, Zarautz, Oñati, Aretxabaleta eta Aramaion aurkitzen dugu. Arrasatera XIXko lehen hamarkadan heldu zen sendi honen aurreneko kidea: Pedro Jose aramaioarra, María Andresa Gorosabel garagartzarrarekin ezkondu zena.  Garbi dago sendia nomada samarra zela, euren ofizioak eraginda, nonbait. Zein ofizio ote?

Pedro Jose eta María Andresaren seme Florentzio (Aramaio.1810) daukagu Arrasaten bere etxea izan zuen lehen karrikiritarra. Etxe hori Erdiko Kaleko berrogeigarren zenbakikoa da, hain zuzen ere Karrikiri denda oraindik gaur ere dagoenekoa eta zenbait idazkiren arabera Florentziok 1844an erosi zuen eraikin osoa (1) Etxearen kontra zenbait hipoteka ireki ziren, bi Garagartzako Jose Sologaistoarekin, 11.000 beloi-errealetako diru kopuruarengatik. Eta hirugarren bat Juan Carlos Guerra medikuarekin, 5.000 errelengatik. Florentziok etxea erosteko izenpetu zuen hipotekan “cortador” jarri zuen, ogibideari zegokionez. Ziurrenik, harategiko lanbideekin zerikusirik izango zuen Florentziorenak, eta baliteke ere bere arbasoenak. Florentzio da, beraz, Karrikiri dendako lehen belaunaldia.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es

Bere gainetik nomada estiloa ezin uxatuz,  Florentzio Gasteizera aldatu zen bizitzera eta Bartoloma alaba nagusiaren esku utzi zuen Arrasaten zeukan jabegoa. Bartoloma dugu, Arrasaten jaiotako lehen karrikiritarra: 1839an. Baina etxearen jabetza ez zitzaion modu zuzenetik heldu Bartolomari, senarraren bidez baino. Gaspar Baltasar Resusta Altunarekin zegoen ezkonduta Bartoloma, 1862tik. Gaspar “Almacenes de Cerrajería" (2) enpresako buruaren anaia zen, hots Jose Mariarena. Eta horrekin egiten zuen lan, bera ofizioz “cerrajero y fundidor de latón” baitzen.

Zipriano Resusta Karrikiri eta sendia
Florentziok etxearen kontra zituen hipotekak jasotzearren, 1864an Gasparrek  kitatu egin zuen zorraren zati bat eta gainerakoa bere gain hartu zuen. Horrela, Florentziok bere suihari aldatu zion etxabehearen ezker aldeko denda eta solairu berdineko beste areto batzuen jabetza. Baita lehen solairua eta ganbara ere, eta ate nagusitik sartzeko eskubidea. Salmentaren prezioa: 10.869 erreal. Horiekin Florentzio konprometitu zen lehen bi hipotekak kitatzera. Eta Florentziok eutsi zion etxearen eskuin aldeko jabetzari, ahalik eta Resusta suhiak zati hari zegokion hipoteka jaso arte. Eskuin aldean Florentziok beste denda bat zeukan, hipotekako idazkitik ondoriozta daitekeenez. Zer saltzen zen bi denda haietan? Ez dakigu, nahiz eta jarraian azalduko dudan jazoera batek argi eman liezagukeen.

Gertatu zen 1873ko urtarrilean Gaspar Resusta hil zela. Heriotza aurretik bere anaia Jose Maria izendatu zuen testamentu-beterazlea. Eta Bartoloma –artean 33 urterekin- seme-alaba gaztetxoen erantzukizun osoarekin geratu zen. Baina Gasparen anaia Jose Mariak –hark testamentuan adierazita utzi zuen bezala- laguntza eskaini zion koinatari. Horrela, Jose Maria Resusta eta Miguel Madinabeitiak –biak koinatuak, hura bigarrenaren arrebarekin baitzegoen ezkonduta- hitzarmen bat sinatu zuten, 1873ko irailean, eta horren bidez Resustak bere denda (3) traspasatu zion Madinabeitiari, bi urterako. Idazkiko zehazkizunen arabera, 1864an Florentzio Karrikirik izenpetuko hipotekako denda da traspasatzen dena. Eta 1875eko uztailean Madinabeitiak itzuli egin zizkion denda eta salgai zituen gaiak.

Resusta eta Madinabeitiaren arteko hitzarmenean irakur daitezkeen artikuluetako batzuk honako hauexek dira, denen balioa 12.318 belloi-errealetakoa izan zelarik:

 “gicaras de café, orinales, soperas, azucareras, jarras, pezoneras de cristal, cuerdas de guitarra, resmas papel rayado, escobillas de frotar, naipes Gorriti, petacas de cuero, botones de nacar, agugetas, bastidores de goma, silvos, aceite, sidra, azúcar, mangos de plumas, velas de sebo...

 Hau da, ongi hornitutako garaiko denda batean aurki zitezkeen gauzak. Horietako askoren antzerakoak, 150 urteren ondoren Karrikiri dendan saltzen dira oraindik. Beraz, ausartu egin gintezke esatera Florentziok bere suhiari utzitako dendan horien gisako salgaiak aurki zitezkeela.

Dolores Resusta, laugarren belaunaldikoa
Dendaren kargu egin zenetik Bartolomak lana gogor egin bide zuen, izan ere 1881eko abenduan kitatu egin zuen etxearen eskuin aldeari, hogei bat urte lehenagotik zegokion hipoteka eta etxe osoaren jabetza bereganatu zuen, dendaren titularitatea barne. Beraz, Bartoloma bigarren belaunaldikoa da, Karrikiri dendaren jabeei dagokienez.

Bartoloma Karrikiri Salas oso emakume ausarta eta zorrotza izan bide zen negozioetarako, ahozko lekukotasunari esker oraindik ere sendikoek gogoratzen dutenez. Bere seme-alabak aurrera ateratzeaz gain, hainbat inbertsio egin zituen, erredituak ahalbidetu zizkiotenak. Resusta sendiaren partaide izateak goi kontaktuak ekarri zizkion Bartolomari eta horren ondorioz negozioaren oinarri sendoak jarri zituen. Hiribilduko gunerik estrategikoenean kokatuta, denda pertsonaia ugariren topalekua ere izan zen. Eta kasu horretan jarri behar da, adibidez, Bartolomak Pablo Uranga pintorearekin izan zuen adiskidantza. 

Bartolomari bere seme Ziprianok hartu zion testigua. Zipriano Resusta Karrikiri 1862an jaio zen, eta artean gaztetxoa zela latorrigile ofizioa ikasi zuen, Ordizian. Oso begi kliniko ona izan zuen irabazpideetarako eta bezeroen sarea hedatu zuen, herritik kanpora ere. Haren ondorengoek diotenez, Zipriano gai zen San Antonio egunean Ordiziatik heldu berria dendatik aterki eta beste salgai batzuk hartu eta oinez Urkiolaraino heltzeko. XX. mendearen lehen hamarkadan Delclaux beiragileekin jarri zen harremanetan, parrokiako beirateak egin zitzaten. Ordudanik oso harreman estuak izan zituen enpresa bizkaitarrarekin. Udal sindikoa izan zen garai batean. Zipriano birritan ezkondu zen, Isabel  Olañeta aurrenik eta horren heriotzaren ostean Crescencia Lasarekin. Zipriano 1942an hil zen.

Dolores Resusta Olañetak (1896) segitu zion Ziprianori negozioan. Horixe izan zen, gure belaunaldikoek dendan ezagutu genuen lehen “karrikirritarra” Ez dut gaizki idatzi, ez; hasieran nioen bezala, arrasatearron artean Erdiko Kaleko, 40ko denda “Karrikirri” (bi errerekin) esan baitiogu askok eta oraindik gaur egun ere gutariko askok pentsatzen du deitura hori gaitzizena dela, izenordea, hain zuzen. Gertatzen dena da, Karrikiri abizenaren kokapena gero eta urrutiagoa geratzen ari dela sendiarenekoen artean. Anizeto Aranzabal Gantxegirekin ezkondu zen Dolores.

Bosgarren eta seigarren belaunaldiko Roberto eta Arantza
Batxilergoa amaitu ondoren, 17 urterekin ekin zion lanari dendan Roberto Aranzabal Resustak, Doloresi laguntzen. Eta mende erdi geroago jubilatu bitartean Roberto izan dugu Karrikiri dendako bosgarren belaunaldia. Julia Soto Albizurekin ezkonduta, erretiroa hartu ondoren alaba Arantza izan da dendaren ardura eskuratu duena. Arantzaren hamaikagarren abizena Karrikiri da. Eta oraingo titularrarekin osatzen da seigarren belaunaldia.


Argazkiak: 
- Roberto Aranzabal-Julia Soto sendia (lehen hiruak)
- DV (Kepa Oliden)


(1) Badirudi, nahiz eta daturik ez dudan jaso ahal izan, Karrikiriren lehen denda Zarugalde kalean egon zela.
(2) 1869an “Vergarajáuregui, Resusta y Cia” bilakatu zen. Data horretan Gasparrek akziodun izateari utzi zion, Migel Madinabeitiak egin zuen bezalaxe.
(3) Vergarajauregi, Resusta y Cia enpresaren sortze-idazkian, 1869ko abenduaren 4koa, Jose Maria Resustak bere burua “comerciante”tzat aurkeztu zuen notarioaren aurrean.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es

2 iruzkin:

  1. Txikitako oroitzapen bat dakarkit gogora zure artikuluak.
    Uda hasieran, amandrian baserriko belarrak moztu eta enpaketatu ondoren, kirkilak bilatzen genituen anaiak eta biok zelaian agertzen ziren zulotxoetan. Noizean behin gure lanak saria izaten zuen eta kirkil bat ehizatu ondoren, animalia gixajoa osabaren "Farias" markako kaxa baten sartzen genuen kalera ekartzeko.
    Kirkila sukaldeko balkoian jartzeko ohitura izaten genuen, baina, urte hartan, kirkilaren kaiola biribila apurtuta zegoela ikusi eta berri bat erostea erabaki zuen nire aitak.
    Hurrengo egunean, amarekin batera Karrikirira joan ginen. Izugarri gustatzen zitzaidan denda hura. Eskailerak behera eta gora egiten genuen salto, dendan zeuden koadro, paper ontzi, erosketa karru, euritako ontzi, plastikozko lora eta beste ehundaka gauza saihestuz.
    Usain berezi zuen denda hura. Material ezberdinez egindako tresnek sortzen zuten usain atsegina.
    Anaia eta biok jolasten genuen bitartean, amak, kirkilaren kaiola eskatzen zuen mostradorearen beste aldean zegoen Julia edo Robertori. Bietako bat, mostradorearen atzean zegoen atetik desagertzen zen. Batzutan zarata ere entzuten zen eta, orduan, kirkilaren kaiola erosteko esperantza galtzear geundela, han agertzen zen Roberto, irribarretsu eskutan kaiola txuri eta berde txiki bat zuela. Gure kirkilaren "urrezko" jauregia.
    Danetik erosteko aukera zegoen denda hartan eta, dendaren jabeak beti izaten ziren oso atseginak gurekin.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Pozten naiz, nire idazkinoek une gogoangarriak berpizteko ere balio badute. Izan ongi!!

      Ezabatu