Arrasateko pilotaren historian hizki apal baina biziz idatzita dauden orriak idatzi zituen Jaime Bengoa pilotari afizionatuak. Bere izena ez dugu aurkituko herriko kirolarien artean, Bengoa kirol ibilbidetik aurki aldendu baitzen bere tabernari ofizioari gogotsu ekiteko.
Ugarte, Bengoa, Arriaran eta Azkarate, Zubillagan |
Jaime Bengoaren aipamena egiten dut oraingo
honetan, efemeride xume batekin erlazionatuta dagoelako. Hain zuzen ere, atzo
duela berrogeita hamabost urte- 1960ko ekainaren 30ean- Oñatiko Zubillaga auzoko
frontoia inauguratu zen eta Bengoak esku hartu zuen ekitaldian, bi
partidutan, gainera. Aipagarria da, bestalde, frontoia Joxe Arriaran –
Arriaran II.ari- eskaini zitzaiola, kirol esparruari Arrasateko
txapeldunaren izena emanez.
Egun hartako arratsaldean burutu zen kirol
egitaraua, bi partidurekin. Lehenengoan Arriaran II eta Mondragonés III
pilotariak Bengoa eta Ugarteren aurka aritu ziren. Aurrenek irabazi zuten. Eta
segituan Bengoa eta Mondragones III-k Goyaz eta Oregi menperatu zituzten. Goyaz
ezik, gainerako pilotariak arrasatearrak ziren: Joxe Arriaran, Juan Mari
Azkarate “Mondragonés III”, Pedro Ugarte eta Juan Mari Oregi. Arriaran
txapeldunaz gain Azkarate eta Ugarte ere profesionalak izan genituen pilota
munduan.
Ezkerretik, Garay, Bengoa, Gonzalez, Jimenez, Gartzia Etxabe |
Egun hartako partiduetaz ez dago erreferentzia
idatzi askorik baina, garaiko kronika ofizialen arabera, Zubillagako frontoia
inauguratzera hurbildu zen Jose Maria del Moral gobernadore zibilak frontoiko
orman zintzilikatutako Arriaran II-ren irudiko koadro bat desestali zuen eta
segituan ohorezko sakea egin zuen. “El gobernador civil fue despedido con
grandes aplausos” irakur daiteke uztailaren 1eko Diario Vascoren kronika
pilotazalean. Pilotariek txalorik jaso ote zuten ezta aipamenik ere. Suposatzen
dut baietz.
========..========
Jaime Bengoa Aguado Errioxako San Vicente de
la Sonsierran jaio zen, 1936ko martxoaren 26an. Umetxoa zela aldatu ziren
guraso eta seme-alabak Arrasatera. Aitak ordura arte Hilarión Taberna izenekoa
erosi zuen eta oinarrizko heziketaren ikasketak burutu ondoren negozioan hasi
zen Jaime. Denbora libreko orduetan Gurea frontoian ekin zion gustukoa zuen
kirolari eta aurki herri mailako onenetarikoa bilakatu zen.
Afizionatuen arteko
partidu mordoa jokatu zuen, Arrasaten eta inguruko frontoietan. Zubillagakoa
izan zen Bengoaren azkenetariko partidua, handik gutxira erretiratu baitzen
kantxetatik. Begoña Ortiz de Landaluze oletarrarekin ezkondu zen 1965ean eta
1997ko martxoaren 14an hil zen.
Argazkiak: Bengoa sendia, JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina