apirila 01, 2015

ASTE SANTUKO IRUDIAK, ARRASATEN



Oinazetako Ama Birjinaren pasoa
Pare bat aldiz ukitu dut lehenago Arrasateko Aste Santuko prozesioen gaia eta bihar osteguneko ospakizun erlijiosoen aurrean   oraingoan ere gai berera nator. Garaiak aldatu dira, ohiturak ere bai, baina ez da egia txikiagorik iragana aldaezina dugula eta gaurko irudi hauek Arrasate desberdin batera garraiatzen gaituzte.

Lehen argazkian Oinazetako Ama Birjinaren pasoa ikusten da. Irudia ostegun arratsaldeetan ateratzen zen eta baita ostiraletan ere. Beraz, argazkia noizkoa den ez dago zehatzik esaterik. Erregimeneko propaganda ofizialaz apaindutako Biteri Eskolen aurretik igarota gero egun Garibay kalea dugunetik gora egiten du prozesioak. Eskoletako orman uztarri eta gezietako ikurra nabaritzen da eta haren azpian irakur daiteke: Obrero: Un muro protector contra la miseria; eso es el Seguro de Enfermedad. Instituto Nacional de Previsión. 

Arrasateko Aste Santuari buruz asko idatzi zuena Jose Mari Uranga historiagilea da. Argitaragabeko bere idazkietan azaltzen duenez, Oinazetako Ama Birjinaren irudia 1746koa da eta Ameriketan ari zen Fray Juan de Arkarazo herriko semearen oparia dugu. Zazpi urte geroago herriko Ana Arizaga andreak urrezko lepokoa oparitu zuen.


Hilobiaren pasoa
Irudiari Arrosarioko Kofradiak ematen zion babesa eta argazkiko lehen planoan ikusten denez, Domingo Arzamendi bide zen garai hartan Kofradiako burua. Bere atzean Frantzisko Arrizabalaga organo jole eta abesbatzen zuzendaria doa. Eta horren ondoren, tipleak eta abesbatza nagusia. Oinazetako Ama Birjinaren irudia dator jarraian, guardia zibilek inguratuta, eta segituan kleroa eta udal korporazioa. Haien buruan Julio Otaduy Riviere ikusten da argazkian. Hori alkatetzara 1952ko apirilaren 30ean heldu zen, behin urteko aste santua igaro ondoren. Beraz, argazkia, gutxienez, 1953koa da.

Bigarren argazkitik ezin daiteke asko azpimarratu, kalitateak ahalbidetzen ez digulako. Ostiral arratsaldeko prozesioari dagokio, hori bai, egun hartan protagonismoa Hilobiaren pasoari baitzegokion. Hilobi berria 1923koa da, barruko Kristo Etzana aurrekoa bera badugu ere. Bigarren argazki hori ez da aurrekoaren urtekoa, giro eguzkitsua antzematen baita.

Bi argazkiak toki berdintsutik daude aterata, hots, gutxi gora behera, lehengo Roneo enpresatik, Garibay kalean. Prozesioak gaurko egunkari saltokitik ari ziren pasatzen, Biteri eskoletatik igaro ondoren.

Garaiak aldatzen ari dira, etengabe.

Argazkiak: JMVM
Gehiago Arrasateko Aste Santuari buruz:







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina