urria 22, 2014

RAFAEL ARIZA ETXEZARRETA




Rafael Ariza Etxezarreta
Haren jabea Rafael Ariza Etxezarreta izan zen. Baina zein izan zen Rafael Ariza Etxezarreta? Horrela galdetuta, pertsonaiari buruz datorkigun lehen irudia, Unión Cerrajeraren antzinako argazki batzuetan ageri zaigun gizakume bizardun, argal eta itxura triste samarrekoa da. Behintzat, arrasatear askok herrikidearen gain gure baitan dugun erretratua horixe da. 

Sagasti-Etxearen aurrealdea
Aurreko haietako batean nioen bezala, Rafael Ariza oso pertsonaia interesgarri eta garrantzitsua izan zen XX.aren lehen hereneko arrasatear gizartean. Aurreratu nuen moduan, Madrilen jaio zen, 1874an eta Meatzetako Ingeniaritza ikasi zuen, Madrilen eta Alemanian. Zenbait enpresatako administrazio kontseilu kidea izan genuen, besteak beste “Mendia S.A. Papelera del Urumea” eta Irurako “Echezarreta, G. Mendia y Cia. S.L” izenekoetan. Herrilan Ministerioaren Gipuzkoako goi karguduna izan zen 1934an hil arte.

Sagasti-Etxearen atzealdea
Primo de Rivera jeneralarekin, Union Cerrajeran
Kepa Olidenek Arrasate Pressen 1994ko maiatzaren 20an idatzitako artikulu mamitsuaren arabera, neurrizko gizona zen eta “nik ez dut zozorik ezta Sanjurjo jenerala ere hil dezatela nahi” esaera jartzen du Rafael Arizaren ahoan. Eta bere bibliotekako liburuei erreparatuz, bekoki zabaleko gizona zela baiezta liteke, oso abaniko zabaleko idazleak baitzituen gogoko, bai espainiarrak eta baita atzerritarrak ere. Aitaren bizitza-estiloa kontuan izanda, ez da bat ere harritzekoa liberal samarra izatea bere ohituretan. 

Felix Aranorekin
Aurrera egin baino lehen, azaldu behar da Arrasaten lagun handia izan zuela: Felix Arano maisua. Herriko zenbait zirkulutatik Aranoren lana nola hartzen zen ezagututa, ez da luze pentsatu behar Ariza bera ere zein nolako begiekin neurtuko zuten asmatzeko. Eta Sagasti-Etxeko jabearen zenbait erabakik okerragotu egin zuten hainbat herritarren berarenganako iritzia. Horietako batek Rafaelen arreba Severinarekin du zerikusia. 

Severina Arrasaten bizi zen bere anaiarekin. Biak oso osasun ahulekoak ziren eta zaintza bereziko gaixoaldi luzeak pairatzen zituzten. Arreba Parisera joan zen 1907an eta Frantziako hiriburuan hil zen, 31 urterekin. Anaiak gorpua ekarri zuen Arrasatera eta hilerriko sendiaren hilobian lurperatu nahi izan zuen. Baina zurrumurruak izan bide ziren Severinak bere buruaz beste egin zuela eta debekatu egin zioten Rafaeli arreba Aldayko kanposantuan ehorztea. Erreakzioa boteprontokoa izan zuen: Sagasti-Etxean bertan emango zion lur. Pentsatu eta egin. Hilobia prestatu zuen arrebarentzat… eta berarentzat ere. 

Kepa Olidenek beste anekdota bat ere kontatzen du, Rafael Arizak herriko erretorearekin izandakoa, alegia. Dioenez, Sagasti-Etxeko jabeak eskatu zion igandeetako meza nagusia eguerdiko 12etan jartzea. Baina abadeak ohiko orduarekin segitu zuen eta ondorioz Arizak parrokiara azaltzeari utzi zion eta ez zen itzuli, ezta parrokoak handik denbora batera meza eguerdira aldatu zuenean ere. Sagasti-Etxeak bazeukan kaperatxo bat eta zenbait eliz-funtzio bertan ospatzen ziren.

Sagasti-Etxeko kapera, 1978an
Rafael Ariza Etxezarreta 1933an ezkondu zen, 59 urterekin. Ezkontidea, arrasatear jatorriko Juan Gregorio Mendia Goizuetaren alarguna, Maria Karmen Ruiz de Arkazute izan zen. Sagasti-Etxeko kaperan ospatu zen ezkontza eta Kepa Olidenek dioenez, senar berriak ez zuen zeremonian bedeinkaziorik jaso nahi izan. Horra hor beste adierazle bat Arizaren nortasuna zehazteko. Emazteak bost seme alaba zituen aurretik baina bikote berriak ez zuen ondorengorik izan. 

Sagasti-Etxeko hilobiak, 1978an
Urtebete eskas iraun zuen senar-emazte berrien loturak, 1934ko otsailaren 15ean Rafael Ariza hil egin baitzen, gaixorik. Eskatu zuen moduan, bere arreba Severinaren ondoan lurperatu zuten, Sagasti-Etxean. 

Ariza Etxezarreta desagertuta, Mendia-Ruiz de Arkaute sendiak bereganatu zuen Sagasti-Etxea. Maria Karmen Ruiz de Arkaute 1979an hil zen, baina ordurako “Sagasti-Etxea/Etxezarreta” etxaldea zeharo abandonatua zegoen. 

Bitxikeria lez esan daiteke, Arrasaterekin harremanik ez zuten arrasatear jatorriko mendiatarrak bilakatu zirela Etxezarretako jabeak, Arrasaterekin erabat identifikatua zegoen baina arrasatear jatorririk ez zuen Rafael Ariza Etxezarreta hil ondoren. Ziklo bat ixten zen. Eta arlo askotako eredua izandako Sagasti-Etxeko ondarea, hondamenaren hurrena bihurtu zen.


Aurreko artikulua:

http://txemax3.blogspot.com.es/2014/10/sagasti-etxeko-liburutegia.html

Argazkiak: Sagasti-Etxekoak: JMVM; Rafael Ariza: Kepa Oliden






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina