Rafael Ariza Etxezarreta |
Haren jabea Rafael Ariza Etxezarreta izan zen. Baina zein izan zen Rafael Ariza Etxezarreta? Horrela galdetuta,
pertsonaiari buruz datorkigun lehen irudia, Unión Cerrajeraren antzinako
argazki batzuetan ageri zaigun gizakume bizardun, argal eta itxura triste
samarrekoa da. Behintzat, arrasatear askok herrikidearen gain gure baitan dugun
erretratua horixe da.
Sagasti-Etxearen aurrealdea |
Aurreko haietako batean nioen bezala, Rafael Ariza oso
pertsonaia interesgarri eta garrantzitsua izan zen XX.aren lehen hereneko
arrasatear gizartean. Aurreratu nuen moduan, Madrilen jaio zen, 1874an eta Meatzetako Ingeniaritza ikasi zuen,
Madrilen eta Alemanian. Zenbait enpresatako administrazio kontseilu
kidea izan genuen, besteak beste “Mendia S.A. Papelera del Urumea” eta Irurako
“Echezarreta, G. Mendia y Cia. S.L” izenekoetan. Herrilan Ministerioaren
Gipuzkoako goi karguduna izan zen 1934an hil arte.
Sagasti-Etxearen atzealdea |
Primo de Rivera jeneralarekin, Union Cerrajeran |
Kepa Olidenek Arrasate Pressen 1994ko maiatzaren 20an
idatzitako artikulu mamitsuaren arabera, neurrizko gizona zen eta “nik ez dut
zozorik ezta Sanjurjo jenerala ere hil dezatela nahi” esaera jartzen du Rafael
Arizaren ahoan. Eta bere bibliotekako liburuei erreparatuz, bekoki zabaleko gizona
zela baiezta liteke, oso abaniko zabaleko idazleak baitzituen gogoko, bai
espainiarrak eta baita atzerritarrak ere. Aitaren bizitza-estiloa kontuan
izanda, ez da bat ere harritzekoa liberal samarra izatea bere ohituretan.
Felix Aranorekin |
Aurrera egin baino lehen, azaldu behar da Arrasaten lagun
handia izan zuela: Felix Arano maisua. Herriko zenbait zirkulutatik Aranoren
lana nola hartzen zen ezagututa, ez da luze pentsatu behar Ariza bera ere zein
nolako begiekin neurtuko zuten asmatzeko. Eta Sagasti-Etxeko jabearen zenbait
erabakik okerragotu egin zuten hainbat herritarren berarenganako iritzia.
Horietako batek Rafaelen arreba Severinarekin du zerikusia.
Severina Arrasaten bizi zen bere anaiarekin. Biak oso osasun ahulekoak ziren eta zaintza bereziko gaixoaldi luzeak pairatzen zituzten. Arreba Parisera joan zen 1907an eta Frantziako hiriburuan hil zen, 31 urterekin. Anaiak gorpua ekarri zuen Arrasatera eta hilerriko sendiaren hilobian lurperatu nahi izan zuen. Baina zurrumurruak izan bide ziren Severinak bere buruaz beste egin zuela eta debekatu egin zioten Rafaeli arreba Aldayko kanposantuan ehorztea. Erreakzioa boteprontokoa izan zuen: Sagasti-Etxean bertan emango zion lur. Pentsatu eta egin. Hilobia prestatu zuen arrebarentzat… eta berarentzat ere.
Severina Arrasaten bizi zen bere anaiarekin. Biak oso osasun ahulekoak ziren eta zaintza bereziko gaixoaldi luzeak pairatzen zituzten. Arreba Parisera joan zen 1907an eta Frantziako hiriburuan hil zen, 31 urterekin. Anaiak gorpua ekarri zuen Arrasatera eta hilerriko sendiaren hilobian lurperatu nahi izan zuen. Baina zurrumurruak izan bide ziren Severinak bere buruaz beste egin zuela eta debekatu egin zioten Rafaeli arreba Aldayko kanposantuan ehorztea. Erreakzioa boteprontokoa izan zuen: Sagasti-Etxean bertan emango zion lur. Pentsatu eta egin. Hilobia prestatu zuen arrebarentzat… eta berarentzat ere.
Kepa Olidenek beste anekdota bat ere kontatzen du, Rafael
Arizak herriko erretorearekin izandakoa, alegia. Dioenez, Sagasti-Etxeko jabeak
eskatu zion igandeetako meza nagusia eguerdiko 12etan jartzea. Baina abadeak
ohiko orduarekin segitu zuen eta ondorioz Arizak parrokiara azaltzeari utzi
zion eta ez zen itzuli, ezta parrokoak handik denbora batera meza eguerdira
aldatu zuenean ere. Sagasti-Etxeak bazeukan kaperatxo bat eta zenbait
eliz-funtzio bertan ospatzen ziren.
Sagasti-Etxeko kapera, 1978an |
Rafael Ariza Etxezarreta 1933an ezkondu zen, 59 urterekin.
Ezkontidea, arrasatear jatorriko Juan Gregorio Mendia Goizuetaren alarguna,
Maria Karmen Ruiz de Arkazute izan zen. Sagasti-Etxeko kaperan ospatu zen
ezkontza eta Kepa Olidenek dioenez, senar berriak ez zuen zeremonian
bedeinkaziorik jaso nahi izan. Horra hor beste adierazle bat Arizaren nortasuna
zehazteko. Emazteak bost seme alaba zituen aurretik baina bikote berriak ez
zuen ondorengorik izan.
Sagasti-Etxeko hilobiak, 1978an |
Urtebete eskas iraun zuen senar-emazte berrien loturak,
1934ko otsailaren 15ean Rafael Ariza hil egin baitzen, gaixorik. Eskatu zuen
moduan, bere arreba Severinaren ondoan lurperatu zuten, Sagasti-Etxean.
Ariza
Etxezarreta desagertuta, Mendia-Ruiz de Arkaute sendiak bereganatu zuen
Sagasti-Etxea. Maria Karmen Ruiz de Arkaute 1979an hil zen, baina ordurako
“Sagasti-Etxea/Etxezarreta” etxaldea zeharo abandonatua zegoen.
Bitxikeria lez
esan daiteke, Arrasaterekin harremanik ez zuten arrasatear jatorriko
mendiatarrak bilakatu zirela Etxezarretako jabeak, Arrasaterekin erabat
identifikatua zegoen baina arrasatear jatorririk ez zuen Rafael Ariza
Etxezarreta hil ondoren. Ziklo bat ixten zen. Eta arlo askotako eredua izandako
Sagasti-Etxeko ondarea, hondamenaren hurrena bihurtu zen.
Aurreko artikulua:
http://txemax3.blogspot.com.es/2014/10/sagasti-etxeko-liburutegia.html
Argazkiak: Sagasti-Etxekoak: JMVM; Rafael Ariza: Kepa Oliden
Argazkiak: Sagasti-Etxekoak: JMVM; Rafael Ariza: Kepa Oliden
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina