urria 19, 2022

ANGIOLILLOREN PISTOLA

 


Gaurko ekarpen honen protagonista ez da ohiko gizon edo emakumea. Lanabes bat dugu, bere bizitzaren unetxo batean oso ezagutua estatuan eta baita kanpoan ere, nahiz eta ospearen agertokitik aurki desagertu zen, ia-ia guztiz zokoratua gertatu arte. Angiolillo-Canovas del Castillo pertsonaien arteko harremana 1897ko abuztuaren 8ko goizean betierekotu zuen gure protagonistak, bere baitatik irtendako bala batek sinatua. Erailketaren arma izandako pistolari buruz ari naiz. Angiolillo anarkistak Antonio Canovas del Castillo espainiar gobernu burua hiltzeko erabilitakoa. Magnizidio haren gain maiz idatzi dut baina orain arte erabat ahaztuta nuen Angiolilloren arma.

 © argazkiarena: Arabako Arma Museoa.


Gasteizko Arabako Arma Museoan gordetzen dela jakin nuen bezain laster bertara jo eta Museoaren enplegatuek nire aurrean jarri zuten errebolberra. Espainiako politikan bere biziko garrantzia izan zuen gertaeraren azken eragilea ikustean, aitortzen dut, hotzikara moduko bat sentitu nuen. Baina nire sentimenduek inori bost axola diotelako, noan pistolaren deskribapena egitera. Eta Museoan adierazi zitzaidanaren laburpentxoa egingo dut.

British bulldog tipoko errebolberra da, XIX. mendearen bigarren erdian garapen handia izan zuen James Webley ingelesaren diseinuarekin. Arma txikia da, eta txalekoen poltsikoetan eraman zitekeen samur asko. Kalibre indartsukoa da, eta diseinu eraginkorrekoa. Marka horren pistolek arrakasta handia izan zuten mundu osoan, eta bigarren mundu-gerrara arte fabrikatu zen.

Nola heldu zen pistola Arabako Museora? Pistola gordetzen duen kutxatxoan bada plaka bat

eta bertan irakurtzen da: “Revólver con el que el italiano Angiolillo mató a Cánovas del Castillo en el Balneario de Santa Agueda (Guipúzcoa) el 8 de agosto de 1897. Donación de los hijos del entonces Capitán General del Norte Don Basilio Augustín Dávila”

Basilio Augustin Dávila jeneralaren semeak eman zion pieza Arma Museoari. Angiolillo epaitu zuen auzitegiko kidea izan zen Augustin Davila kapitain jenerala.



AURREZ AURRE EGON ZIREN EPAIKETAN

Angiolillo
Augustin Davila kapitain jenerala


https://txemax3.blogspot.com/2022/10/canovas-del-castillo-eta-santa-ageda.html



Argazkiak:  JMVM, Arabako Arma Museoko agiritegi fotografikoa, Wikipedia




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina