ekaina 03, 2020

SAN FRANTZISKO XABIER, ARRASATEN


Arrasateren gaineko historia ezkutuan zenbat eta zenbat istorio interesgarri  galtzen diren sekula jakingo ez dugun arren, noizean behin bidera gura barik ateratzen zaizkigun arrastoetako batek zalantza eta, zergatik ez?-harridura sor dezake, niri gertatu zaidan bezala gaur dakardan gaiarekin. 

Jose Mari Uranga herriko historialariaren paperetan murgil egiten, Olandixoko Kristo Berpiztua irudiaren gaineko lerro batzuk aurkitu nituen, arreta piztu zidatenak. Urangak zioenez, Kristoren irudi hura San Josepeko sakristian ezagutu zuen berak, eta garaian esaten zenez haraino heldu zen Olandixoko Santa Kruz baselizatik, 1770 inguruan kultura itxi zena. Eta Jose Mariren idazkiaren arabera, antzinako baseliza eraiki zen Muruko herensugearen heriotza ospatzeko.  Baina kultura gizon arrasatearrak urrats gehiago ematen zuen eta baselizaren kokapena deskribatzen zuen: 

“La ermita estaba situada en la misma orilla del primitivo camino atribuible al enlace romano entre la llanada alavesa y el puerto de Deva, anterior al de Arlabán, y que arrancando desde Arrasate sube por el “camino del dragón” y pasando junto a la ermita de Santa Cruz o Santo Cristo de Olandixo, sigue por Mandobide, Mandogain, faldas de Murugain, por Muru y entra en Álava por Uncella, siguiendo por Asensio, San Adrián, pasando por Krutzeta, tuerce a la izquierda por Jarindo-beiti, Jarindo y Maroto, adentrándose en la llanada alavesa por “Galtzarra” o Calzada Vieja…” 

Urangak, Leintz bailarako historia ongi ezagutzen zuena, Domingo Bergaretxeren “Apuntes históricos de Salinas de Léniz y del Santuario de la Vírgen de Dorleta” izeneko liburu aberatsera jo zuen, Leintz Gatzagako erretore izan zenak apunte interesgarriak eskaintzen baititu aipatutakoan. Begira zer dioen pasarte batean:

En aquel tiempo (XVI. mendeari buruz ari da) pasaba por Jarindo un camino de herradura de importancia. Tan importante que en 1719 subieron a la cima de Murugain 40 hombres de Salinas, para desde allí hacer salvas de mosquetería al paso de la Princesa de Asturias, que por aquel camino bajaba a Mondragón 

Baina Bergaretxek, aurreko deskribapena egin aurretik, komentatzen du, posible zela Jarindoko bide hartatik inoiz San Frantzisko Xabier igaro izana. Bergaretxek idazten du -galdera ikurrarekin, hori bai- Dorletan Loiolako Ignazio ere egon bide zela, eta zalantza argitu asmoz datu batzuk ematen ditu.

Gauza da, Bergaretxeri Gatzagako jesuita batek azaldu ziola behin, San Frantzisko Xabierren biografo batek Jarindoko mendia eta bidea aipatzen zituela. Eta horretatik dator, hain zuzen, gaur azaltzen dudana. Biografo hura George Schurhammer (1882-1971) jesuita alemaniarra zen  eta berari zor zaio Xabierreko santuaren gaineko biografiarik zabalena. Schurhammerrek Euskal Herria bisitatu zuen bere lanerako behar zituen datuen bila eta Arrasateraino heldu ote zen ez dakidan arren, Arrasateri buruzko erreferentzia bazuen, ziurrenik jesuita arrasatearren batek ahalbidetua. Jakin badakit, adibidez, Gaizka Barandiaran eta Luis Arrieta mundrautarrek ezagutu zutela alemaniarra. 

Schurhammerren biografian garbi agertzen da Frantzisko Xabierrek Erromatik Portugaleraino egin zuela bidaia Ekialdeko herrialdeetara itsasontziz joan ahal izateko, Aita Santuaren ordezkari bezala. 1540ko ekaina zen eta Portugaleko erregearen gortera zihoan Arrasatetik igaro zenean. Alemaniarraren biografian irakurtzen da: 

“Un día de a caballo valle-arriba, por Salinas, y por el puerto inferior de Arlabán, les puso en Vitoria”  Eta deskribapen horri ohar honekin aberasten zion biografoak: “El camino, saliendo de Vergara, remontaba el valle del Deva por Mondragón” Serapio Mujikaren “Provincia de Guipúzcoa” obratik hartua dela dio egileak. 

Mujikak dena den, bere obra aipatuan dio Gipuzkoako errege-bide bat Arabatik Gipuzkoara Gatzagan zehar sartzen dena dela eta handik Arrasate, Oñati, Legazpia, Urretxutik barrena doala. Ez du adierazten, beraz, Schurhammerrek oharrean jarritakoa. Igaro al zen jesuita nafarra Araba aldera, gaur ezagutzen dugun bidetik? Ala Olandixotik gora zihoan galtzada erromatarretik egin zuen? Gogora dezagun, lehen aipatutako Bergaretxeren liburuan esaten dela Jarindotik zeharreko bidea artean 1719an erabiltzen zela. Nolanahi ere, hori gutxienekoa da, istorio honetarako inportanteena Frantzisko Xabier - Frantzisko Jaso Azpilkueta, artean 34 urtekoa- Arrasatetik igaro zela baita.  

Eta honetaraino iritsita, diodan Frantzisko Xabierren senitartekoak Arrasaten bizi izan zirela, XX. mendean. Idatzi nuen behin Luis del Hierro pertsonaiari buruz eta bertan nioen horren aitaginarreba Anastasio Hernandez Jaso izan zela. Jaso abizenak lotzen zuen santuarekin. María Hernández Barrutia , Luis del Hierroren emaztearenganaino heldu ziren belaunaldiz belaunaldi sendiaren esku egondako ondasun batzuk eta, besteak beste, San Frantzisko Xabierrek Japonetik idatzitako eskutitz batzuk gordetzen zituen sendiak Ferrerias kaleko euren etxean. Del Hierro-Hernandez familia 1936an Lekeitiora aldatu zen Bizkaiko herri hartan zeukaten etxera, eta gerraren ondorioz eraikina erre egin zen, guztiz. Garretan desagertu ziren, ia lau mende lehenago Arrasatetik igaro zen jesuitaren eskutitzak.

Argazkiak: Wikipedia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina