Arrasateren
gaineko historia ezkutuan zenbat eta zenbat istorio interesgarri galtzen diren sekula jakingo ez dugun arren, noizean
behin bidera gura barik ateratzen zaizkigun arrastoetako batek zalantza eta,
zergatik ez?-harridura sor dezake, niri gertatu zaidan bezala gaur dakardan
gaiarekin.
Jose Mari Uranga
herriko historialariaren paperetan murgil egiten, Olandixoko Kristo Berpiztua
irudiaren gaineko lerro batzuk aurkitu nituen, arreta piztu zidatenak. Urangak
zioenez, Kristoren irudi hura San Josepeko sakristian ezagutu zuen berak, eta
garaian esaten zenez haraino heldu zen Olandixoko Santa Kruz baselizatik, 1770
inguruan kultura itxi zena. Eta Jose Mariren idazkiaren arabera, antzinako
baseliza eraiki zen Muruko herensugearen heriotza ospatzeko. Baina kultura gizon arrasatearrak urrats
gehiago ematen zuen eta baselizaren kokapena deskribatzen zuen:
“La ermita
estaba situada en la misma orilla del primitivo camino atribuible al enlace
romano entre la llanada alavesa y el puerto de Deva, anterior al de Arlabán, y
que arrancando desde Arrasate sube por el “camino del dragón” y pasando junto a
la ermita de Santa Cruz o Santo Cristo de Olandixo, sigue por Mandobide,
Mandogain, faldas de Murugain, por Muru y entra en Álava por Uncella, siguiendo
por Asensio, San Adrián, pasando por Krutzeta, tuerce a la izquierda por
Jarindo-beiti, Jarindo y Maroto, adentrándose en la llanada alavesa por “Galtzarra”
o Calzada Vieja…”
Urangak, Leintz bailarako historia ongi
ezagutzen zuena, Domingo Bergaretxeren “Apuntes históricos de Salinas de Léniz
y del Santuario de la Vírgen de Dorleta” izeneko liburu aberatsera jo zuen, Leintz
Gatzagako erretore izan zenak apunte interesgarriak eskaintzen baititu
aipatutakoan. Begira zer dioen pasarte batean:
“En aquel
tiempo (XVI. mendeari buruz ari da) pasaba por Jarindo un camino de
herradura de importancia. Tan importante que en 1719 subieron a la cima de
Murugain 40 hombres de Salinas, para desde allí hacer salvas de mosquetería al
paso de la Princesa de Asturias, que por aquel camino bajaba a Mondragón”
Baina
Bergaretxek, aurreko deskribapena egin aurretik, komentatzen du, posible
zela Jarindoko bide hartatik inoiz San Frantzisko Xabier igaro izana. Bergaretxek
idazten du -galdera ikurrarekin, hori bai- Dorletan Loiolako Ignazio ere egon bide
zela, eta zalantza argitu asmoz datu batzuk ematen ditu.
Gauza da, Bergaretxeri
Gatzagako jesuita batek azaldu ziola behin, San Frantzisko Xabierren biografo
batek Jarindoko mendia eta bidea aipatzen zituela. Eta horretatik dator, hain
zuzen, gaur azaltzen dudana. Biografo hura George Schurhammer (1882-1971)
jesuita alemaniarra zen eta berari zor
zaio Xabierreko santuaren gaineko biografiarik zabalena. Schurhammerrek Euskal
Herria bisitatu zuen bere lanerako behar zituen datuen bila eta Arrasateraino
heldu ote zen ez dakidan arren, Arrasateri buruzko erreferentzia bazuen, ziurrenik
jesuita arrasatearren batek ahalbidetua. Jakin badakit, adibidez, Gaizka
Barandiaran eta Luis Arrieta mundrautarrek ezagutu zutela alemaniarra.
Schurhammerren
biografian garbi agertzen da Frantzisko Xabierrek Erromatik Portugaleraino egin
zuela bidaia Ekialdeko herrialdeetara itsasontziz joan ahal izateko, Aita
Santuaren ordezkari bezala. 1540ko ekaina zen eta Portugaleko erregearen gortera
zihoan Arrasatetik igaro zenean. Alemaniarraren biografian irakurtzen da:
“Un día de a
caballo valle-arriba, por Salinas, y por el puerto inferior de Arlabán, les
puso en Vitoria” Eta deskribapen horri ohar honekin aberasten
zion biografoak: “El camino, saliendo de Vergara, remontaba el valle del
Deva por Mondragón” Serapio Mujikaren “Provincia de Guipúzcoa” obratik
hartua dela dio egileak.
Mujikak dena den, bere
obra aipatuan dio Gipuzkoako errege-bide bat Arabatik Gipuzkoara Gatzagan zehar
sartzen dena dela eta handik Arrasate, Oñati, Legazpia, Urretxutik barrena doala. Ez
du adierazten, beraz, Schurhammerrek oharrean jarritakoa. Igaro al zen jesuita
nafarra Araba aldera, gaur ezagutzen dugun bidetik? Ala Olandixotik gora zihoan
galtzada erromatarretik egin zuen? Gogora dezagun, lehen aipatutako
Bergaretxeren liburuan esaten dela Jarindotik zeharreko bidea artean 1719an
erabiltzen zela. Nolanahi ere, hori gutxienekoa da, istorio honetarako inportanteena
Frantzisko Xabier - Frantzisko Jaso Azpilkueta, artean 34 urtekoa- Arrasatetik igaro
zela baita.
Eta
honetaraino iritsita, diodan Frantzisko Xabierren senitartekoak Arrasaten bizi izan
zirela, XX. mendean. Idatzi nuen behin Luis del Hierro pertsonaiari buruz eta bertan
nioen horren aitaginarreba Anastasio Hernandez Jaso izan zela. Jaso abizenak
lotzen zuen santuarekin. María Hernández
Barrutia , Luis
del Hierroren emaztearenganaino heldu ziren belaunaldiz belaunaldi sendiaren
esku egondako ondasun batzuk eta, besteak beste, San Frantzisko Xabierrek
Japonetik idatzitako eskutitz batzuk gordetzen zituen sendiak Ferrerias kaleko
euren etxean. Del Hierro-Hernandez familia 1936an Lekeitiora aldatu zen Bizkaiko
herri hartan zeukaten etxera, eta gerraren ondorioz eraikina erre egin zen,
guztiz. Garretan desagertu ziren, ia lau mende lehenago Arrasatetik igaro zen
jesuitaren eskutitzak.
Argazkiak: Wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina