urria 05, 2016

FELISA IBAÑEZ DE OPAKUA. ARRASATEKO IDAZLEA



Felisa Ibañez de Opakua Aspe

XX. mendearen bigarren erdian ondo sartuta egon arte oso zaila da gure artean emakume idazlerik aurkitzea. Idazle izate horretan beren iritzi eta literatura ekarpenak dibulgatzeko zaletasuna erakutsi duten pertsonak sartzen ditut. Hirurogeietan hasi ziren poliki-poliki egunkari eta aldizkarietan emakumeen agerpenak ugaltzen eta berrogeita hamar urte geroago guztiz normaldu da egoera.
 Iragan mendearen lehen erdian, ordea, izan zen Arrasaten emakume bat idazteko afizio handiarekin. Felisa Ibañez de Opakua Aspe izan genuen andre hura, Txomin Txiki gaitzizenaren bidez ezagunagoa. 

Felisaren gurasoak Elias aguraindarra eta Bizenta Aspe arrasatearra izan ziren eta gure protagonista 1909ko otsailaren 25ean jaio zen, “Txomin Txiki” dendako etxean, Erdiko Kalean. Anaiak izan zituen David, Ponciano, Luis eta Leandro. 

Gerra aurretik, hondartzan
Felisa munduratu aurretik sendiaren negozioa Maria Juana Mondragón amandreak eta Bizenta amak kudeatu zuten. Hamasei urterekin Felisak ere ekin zion lanari dendan, eta horrela aritu zen 1960an negozioari utzi arte. Felisarekin itxi zen betiko, gutxienez lau belaunalditan irekita egon zen denda hura. Ezagutu genuenok badakigu han denetariko salgaiak aurki zitezkeela eta batzuek diotenez denda-atzealdeko barne orubean antxumeak hiltzen zituzten, saltzeko. 

Felisak Teresa Garciarekin ikasi zuen Biteriko eskoletan. Ikusi genuen aurreko batean zer oroitzapen goxoa gordetzen zuen Felisak maistra haren gain. Egia borobila da Felix Arano-Teresa Garcia senar-emazteak oso lan bikaina burutu zutela XX.aren lehen herenean, gerora ere hedatuko zen heziketa-oinarria ezarriz. Biteri eskoletatik igaro ziren mutiko eta neskatoek zerikusi handia izan zuten arrasatear gizartearen garapenean. 

Hamalau urterekin gurasoek Eibarrera bidali zuten Felisa, Hijas de Santa María de la Providencia izeneko ikastetxera, “frantsesen kolegioa” izenarekin ezagunagoa. Urtebetea egin zuen han eta Felisak ondoko testu idatzia utzi zuen egonaldi hartaz: 

“Esperábamos con impaciencia el carruaje que debía cargar con el viejo baúl que contenía mi equipo de colegiala. Fue un año de sosiego y paz que pasé en él y en donde descubrí mis aficiones literarias. Al despedirme de mi profesora Madre Loyola tuve la sensación de que se acababa todo lo mejor para mí, y que con todas mis fuerzas hubiera deseado continuar en él. Pero por dificultades económicas no pudo ser” 

Felisa, ezkerrean, Rafaela Ruiz adiskidearekin
Ama eta amandreari laguntzen ekin zion sendiko negozioan 1925ean. Une zailak ziren eta Felisak gogoratzen du: 

“Mi abuela era una mujer de rompe y rasga, que nos dio alimento y cobijo y que cubrió nuestras necesidades, ya que mi padre al morir se llevó la llave de la despensa. Mi abuela, vivo retrato de la mujer euskaldun, laboriosa, honesta, emprendedora … ¡y muy guapa! Y que en su precoz viudez se vio envuelta en la difícil crianza de dos generaciones. Sin recursos económicos. Sin ayudas sociales. Estaba muy aferrada a las costumbres arcaicas, sobre todo en materia de religión. ¡Cuánto me hizo rezar aquella mujer!” 

Gerra piztu zen eta sendiak gorriak ikusi zituen. Felisak amarekin herritik alde egin zuen Bizkaiko aldera baina aurki itzuli ziren. Idazten segitzen du “Vivencias de nuestra guerra civil” titulatu zuen idazkian: 

“Al atardecer del día siguiente las campanas de la torre de nuestra parroquia anunciaban la entrada de las tropas nacionales. A los días cursaron un manifiesto que nos obligaba a ocupar nuestras viviendas. Tenía que presentarme sin excusas al frente del comercio ya que, de no hacerlo, declaraban botín de los soldados … Antes de un mes el pueblo se echó a temblar. Comenzaron las detenciones. Se llevaban los mejores” 

 Gerra amaituta Felisa izan zen negozioaren zutabe nagusia. Lanean jota ke aritu zen eta egunak uzten zizkion atseden uneak bere burua hezteko aprobetxatzen zituen. Oso emakume irakurzalea zen eta aurrezten zituen diru apurrak liburuak erosteko erabiltzen zituen. 

Senar-emaztea
Teodoro Alonsorekin ezkondu zen 1940ean. Senarra izango zena Vasco Navarro ferrokarrilaren Arrasateko zentral elektrikoan lan egitera heldu zen herrira. Behin ezkonduz gero bikoteak hartu zuen dendaren ardura. Arantza, Mari Tere, Eva eta Jose Ignazio seme alabak izan zituzten. Txomin Txiki negozioa 1960an itxi zen betiko. 

Behin dendaren arduraz liberatuta, Felisa Ibañez de Opakuak sendotu egin ahal izan zuen idazteko bere zaletasuna. Ipuingintza zuen laket eta kontakizun labur batzuk prestatu zituen. Baita lehiaketetara aurkeztu ere eta saritua izan zen behin baino gehiagotan. Prentsan kolaboratu zuen, Arrasateko albisteak eskainiz. Eta San Juan jaietako udal esku-programetan ere bere ekarpenak aurkitzen ditugu.  Gizartean emakumeak hartu beharreko protagonismoaz zegoen konbentzituta eta bere idazlan batean  “La mujer” izenekoan- utzi zuen adierazita: 

Arantza alabarekin
“El hombre será lo que la mujer quiera que sea. En los países donde sus mujeres están sometidas a esclavitud, por muchas fuentes de riquezas naturales que posean, no prosperan. La prosperidad no cuenta solo con bienes materiales. Por mucho que los gobernantes promulguen leyes. Por mucho que los moralistas hagan correr páginas de tinta. Por mucho que la iglesia clame al cielo… la sociedad será lo que la mujer quiere que sea, para bien  o para mal” 

Felisa ez zen bere garaiko emakumea izan. Gaurko gure protagonistak, emakume ausart eta aurrerakoi bezala, aurre hartu zion gizarteari, hamarkada batzuk geroago emakumeak normaltasunez abiatuko ziren bideari ekinez.

Argazkiak: Alonso Ibañez de Opakua sendia





 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina