Ez
dut ezer berririk agertzen, Arrasaten San Bixente Ferrerenganako egundoko
debozioa izan zela azaltzean. Nire adinekook ezagutu izan dugu San Juan
Bataiatzailearen parrokiako pulpitua eta zutabean iltzatutako pergamino bat, “Aquí predicó San Vicente Ferrer” adierazten zuena. Pergaminoa 1953an
jarri zuen Jose Luis Iñarra erretoreak, aurreko “En este púlpito predicó San
Vicente Ferrer. Año 1408” aurreko inskripzioaren ordez. Gauza da, ez dagoela inondik
ere frogatua fraide balentziarra Arrasatera inoiz iritsi zenik, nahiz eta
Esteban de Garibayk (1533-1599) horrela idatzi zuen. Gogora dezagun Garibayri
zor diogun Arrasateko errefraua: “Fray
Vicente esala, fedea sina liçala”
Baina santuarenganako debozioa hedatu egin zen
arrasatearron artean, eta Jose Mari Uranga historialariak dioenez, Arrasateko
parrokiako San Bixente Ferreren irudia 1723koa da, hain justu urte hartako
Erramu Igandean jarri baitzen, eta Vera Cruz edo – arrasatear moduan, San
Migel Haundi- Kofradia izan zen eragilea. Kofradia horren kontu liburuan irakur daiteke, 103 orrian:
“Cofradía del Arcangel Sant Miguel, patrón y
abogado de esta dicha Cofradía, fundada e instituída por el bien abenturado
Señor Sant Vicente, de la orden de los predicadores y natural de la mui noble
ciudad de Balencia… el cual vino a esta villa de Mondragón cerca del año 1408…”
Testu hori 1562ko beste baten kopia da.
2. argazkia |
San Bixente Ferreren irudia, beraz, San Migel
Haundi Kofradiak ateratzen zuen Ostegun Santuko prozesioan. Pausoa lau lagunen
artean eramaten zuten eta 1956ra arte horiek kapa ireki eta zabal batekin
zihoazen jantzita. Kapaz ere jantzitako beste lau kofradiakidek, kandela
banarekin eskuan, eta kofradiako gidoia daraman lehen maiordomoa buru dutelarik,
Ostegun Santuko arratsaldean sermoia egingo duen predikatzaileari laguntzen
zioten, prozesioko lehen ilaran.
Behin elizara sartuz gero, kandelak piztuta zeramatzaten
kofradiakideek sakristiatik pulpituraino laguntzen zioten sermolariari. Sermoi
tokiko oinera helduta, eta ohiturari jarraiki, San Bixentek zapaldutako
eskaileraren lehen harmailari egiten zion sermolariak muin, maiordomoak
erakutsitako puntuan. Sermoia amaituta itzuli egiten ziren sakristiara,
zeremonial berdintsuarekin.
Elizak 1956an aldaketak sartu zituen liturgian
eta data hartatik prozesioa Ostiral Santuko goizera pasatu zen. Eta kapak eta
sakristiatik pulpiturainoko kofradiakideen joan etorriak desagertu egin ziren
betiko.
Argazkietako oinak:
1.argazkian: Lehen planoko irudia San Bixente Ferrer da. Pausoa daramaten anderoak, berriz,
eskuinetik ezkerrera lehen lerroan Felix eta Pedro Amozarrain ditugu eta atzean
Segundo Amozarrain. Bigarren irudia ere badator, Olibondoetako Ortuari
dagokiona. Eta Portaloitik behera katxoborratxoetako pausoa ageri da.
2.argazkian: Iturriotz kaletik
behera doa prozesioa. San Bixente Ferrerren pausoa Arana eta Martinez (lehen
lerroan) eta Egiara (bigarrenean) daramate. Oso pertsonaia ezagunak agertzen
dira argazkian: Adolfo “Txapas” Gonzalez postaria, Joxe Aiala, Balendin Letona,
Mariano Azkarate "Zelaitxo", Julito Markaide, besteak beste.
Argazkiak: Isabel Aranburuzabala
Aste Santuari buruz gehiago:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina