urtarrila 09, 2013

BENITO JAUREGUI, ARAMAIOKO LEHEN ALKATE ABERTZALEA




Goiko Errota baserria
Abertzaletasunaren historian Aramaioko jelkideen agerpenak hasiera-hasierakoak ditugu. Aramaioko Batzokiaren gaineko mendeurrenaz berriki argitaratu dudan liburuxkan diodan moduan, 1909rako pil-pilean zeuden herrian Sabino Aranaren ideiak, nahiz eta artean karlismoaren erroek tinko eusten zioten inmobilismoari. Hiru urte geroago, 1912, lehen Batzokia inauguratu zen eta handik errazagoa gertatu zitzaien abertzale aramaioarrei proselitismoaren lana eta egunetik egunera afiliatuen kopurua gorantz joan zen.

Atzerantz salto txiki bat egingo bagenu, XIXaren hondarretan aramaioarren artean zergarik gehien ordaintzen zutenen artean Jose Remigio Jauregi Etxebarria genuen, zerrendako seigarrena, hain zuzen. Jose Remigio izan zen,  Batzokira afiliatutakoen artean Aramaioko Udaletxean kargu izango zuen lehena: sindiko-orde aukeratu zuten 1902an. 

Jose Remigio "Goiko Errota"ko semea zen eta Claudia Uribarren-Iturrietarekin ezkondu zen. Benito semea eduki zuten, 1882ko apirilaren 3an.  Sei hilabete geroago ama hil zitzaion eta haurra “Olabetxo” baserriko sendiarekin hazi zen. Aita berriz ere ezkondu zen, Maria Luisa Urizarrekin eta lau seme-alaba izan zituzten: Roman, Esteban, Toribia eta Higinio.

Jose Remigio Aramaioko EAJren lehen afiliatuetakoa izan zen.  Aitaren enborreko ezpala bide zen Benito, 1916an udal hauteskundeetara aurkeztu baitzen, ordurako bera ere  EAJko kidea zela, eta zinegotzi hautatu zuten.


Benitoren anaia Esteban; Jon Ander eta Sabin Jauregi semeak eta Eskarne Zilaurren
Bi urte geroagoko hauteskundeetan,  salto kualitatibo garrantzitsua eman zen eta EAJko lau kide heldu ziren udal korporaziora. Benito Jauregi, Antonio Azkarate, Basilio Ormaetxea eta Bernardo Jauregi. Aramaioko udalari, legez, hamar zinegotzi zegozkion. Beraz, abertzaleak minorian zeuden.

1918ko lehen egunean aurreko botazioa egin zuten eta Benito Jauregik bost boto jaso zituen. Baina ez zitzaion nahikoa, udal legearen arabera alkateak gehiengo absolutua lortu behar baitzuen. Urtarrilaren 6an berriro bildu ziren zinegotziak botazioa errepikatzeko. Bigarrenean ere Jauregik aldeko bost paper jaso zituen, eta beraz gehiengo erlatiboz izendatu zuten. Hirugarren saio bat ere eman zen urtarrilaren 13an, azkena legearen arabera, eta emaitza berdintsua jaso zen. Horren ondorioz, alkatea eta lehen alkateordea Benito Jauregi Uribarren-Iturreta  eta Antonio Azkarate Zubizarreta izan ziren hautatuta. Beraz, Benito Jauregi dugu Aramaioko lehen alkate abertzalea. Bi urtez iraun zuen karguan.  Alkatetzaz gain, udal korporazioaren erabakiz eta aginduz ermandadeko biltzarkidea –prokuradorea- ere izan zen 1918ko urritik.


“Goiko Errota”ko maiorazkoa genuen Benito eta bertara ezkondu zen Elena Ibabe Urizarrekin, 1910ean. Bikoteak lau seme alaba izan zituen, Jose Leon, Miren Jaione, Jon Ander eta Sabin. Abertzaletasunaz batera sendi hartara euskaltzaletasuna ere sartu zen eta errotik loratu zen aurreneko erakuspenetatik. Euskaraz irakurtzen eta idazten ikasi zuten sendiko kideek, aurreko belaunaldikoek jakin izan zuten bezala. Horren testigantza iritsi zaigu, 1916ko Gabon egunean Benitoren arreba Toribiak Burgosen ikasten ari zen bere anaia Estebani bidalitako postalean. Arrebak nebari diotsa: 

“Neba maitia: Zorijonak asko opa deutzut zeure 21garren urteko egunerako eta ondo igaro dagizula anai eta lagunen artian. Artu egizu zorijonik-ekarren au zure arreba Jel´pian bijotzeti maite zaituen, Jauregi´ tar Toribe”


Edota Toribiak Benitoren alaba Miren Jaioneri 1916ko abuztuaren 22an Bilbotik igorritakoan. 

“Lobatxu laztana: zeure urtiagaz gomutaturik bidaltzen deutzut idaztazal au eta bedonen bitartez dirautzut urte askoan ezagutzeko izan zaizula egun eder au, zeure iseko maite Jauregi ´tar Toribe”



Euskaltzale talde bat Goiko Errotan, 1982an, jauregitarrekin
“Goiko Errota” baserria kultura arrago txiki bat izan zen eta belaunaldi desberdinek –baita gaur egungoak ere- harro aurkezten dituzte bertako artxiboa, oso dokumentu interesgarriek osatuta. Baserri hartan eman zuen 1914ko uda Odon Apraiz euskaltzale arabarrak eta bizi izan zen bitartean gogoratu zuen esperientzia eder hura.

EAJren lehen zatiketan, 1915ean, Benito Jauregi, Aramaioko jelkide gehienak bezala, Comunión Nacionalista Vasca-ra pasatu zen. Primo de Riveraren diktadurarekin alderdi politiko guztiak debekatuta geratu ziren eta 1930ra arte ez zen EAJ eta JELBATZaren arteko bat egitea eman. Benitok ez zuen hori ikusi, 1926an hil baitzen.


CNVren estatutuak
Benito Jauregik herriko lehen agintaritza izan zuen bitartean, ohiko kudeaketa gaiez gain udalak esku artean izandakorik nabarmenena, euskal askatasunen inguruan Euskal Herriko udaletxe askotan aldarrikatutakoa izan zen. Honela zioen, 1918ko urtarrilaren 20ean aurkeztu eta onartutako mozioa:

“Deber de vascos impone a los suscriptos el mantenimiento desde las Corporaciones públicas la protesta viva y latente contra cuantas disposiciones emanadas del Poder Central han mermado las atribuciones y derechos seculares innatos a la personalidad de los Municipios vascos. Si en todo momento debe encauzarse esa protesta, hoy que el sentimiento popular (está) más firmemente arraigado hacia la defensa de nuestras tradicionales derechos, encauza con las Diputaciones vascas la reclamación de una amplia autonomía que preste calor y vida a la obra de afianzamiento nacional, es ineludible elevar enérgica protesta a los Poderes públicos por la conculcación de las libertades vascas, dictada en la disposición del 21 de octubre de 1839, y la muerte del régimen municipal vasco, decretada por la de 29 de octubre de 1841. También debemos protestar contra todas y cada una de las disposiciones del Gobierno de Madrid que han atentado a nuestros derechos seculares” 

Erabakiaren berri Madrileko Gobernu buruari eta Arabako Diputatu Nagusiari eman zitzaien.

Bi urtez aritu zen Benito Jauregi karguan, ez baitzen aurkeztu 1920eko hauteskundeetara.

Argazkiak: Jauregi sendia, Josemari Velez de Mendizabal

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina