Urtebetea eman du Julio Galarta pintorea hil
zenetik. Gaur, asteazkena, berriro dakart zutabe hauetara arrasatear
margolaririk bikainenaren oroitzapena, Julioren urtebetetze berri bat ospatu
nahi banu bezala. Gauza asko gertatu dira iazko apirilaren 25etik, besteak
beste iazko ekainean arrasatear gizarteak artistari eskaini zion erakusketa.
Galartaren legatua gure artean dago eta
puntu ugari oraindik lotzeke dauden arren, esan dezaket Julioren lagunak bat
egiten ari direla haren izana, izena eta obra babes lezakeen elkartea sortzeko.
Uste dut urrats sendoa litzatekeela halako plataforma juridikoari itxura
ematea, arrasatear margolariaren ingurua inoiz behar bezala ikertuko bada.
Elkarte pribatu bat, Galartaren miresle guztiei irekia, abiapuntu ezin
hobea gerta liteke gure margolariaren obrari buruz oraindik ez dakigunaz
jakiten saiatzeko. Lan handia izango luke horrek, baina ezinbestekoa,Julioren hamarkada
luzetako ondorio artistikoa behar bezala estimatzeko.
Bizitzak ez du etenik izan eta Julio Galarta gabe ere munduak aurrera
egin du. Baina inoiz damu ez gaitezen eta datozen belaunaldiek utzikeria lepora
ez diezaguten, gogoz aritu beharko dugu gure adiskidearen nahia betetzen. Izan
ere, Galartak nahi zuen, eta bere oinordekoek ongi interpretatu dute haren
desioa, bere legatu artistikoa arrasatear herriaren ondare kulturala aberasteko
uztea. Horri heldu beharrean beste norabait begira jartzen bagara, ezingo
digute esan kultura maite duguna.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina