Konpostelako Santiagon egon garenok ezagutu ahal izan dugu katedralean bertan den Capilla de Mondragón deritzana. Eta seguru nago sarritan egin diogula galdera geure buruari izen horren jatorriaz. Ondoko lerroetan kaperaren gaineko jatorriaz argi pixka bat ipintzen ahaleginduko naiz. Eta kapera horrek duela hogeitamar urte ospe handia izan zuen pertsonaia batekin zer nolako erlazioa duen ere azalduko dut. Baina azken hori, hurrengo kapitulu batean izango da.
Hamabosgarren menderaino egin behar dugu salto, eta Juan Carlos Guerraren “Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa (según el orden de sus familias pobladoras)” liburuaz baliatuta Garagartzaraino helduko gara. Uncella sendiari dagokion atalean irakur daitekeenez, Garagartzako Mari Juan Etxebarria –Etxebarri baserriko alaba- Martin Ibañez de Uncellarekin ezkondu zen, 1460 inguruan. Eta bikoteak, besteak beste, Juan semea izan zuen.
Juan semeak –Juan Ibañez de Mondragón- eliz-ikasketak egin zituen eta Galiziako Tuy katedraleko eskolamaisua izan zen eta gero Santiagokoan kalonje. Kronikek diotenez, ez zitzaion bat ere gaizki joan Galizia aldean. Arrasateko sendiak ere onbidetik segitzen zuen eta Juanen arreba batek –Teresa Ibañez de Uncella- bi biloba erlijioso izan zituen: Juan de Mondragón, kardenala, eta Pedro de Mondragón, kalonjea. Horiezaz gain, beste biloba gehiago izan zituen, Erenuzketa abizenarekin. Teresaren biloba horiek, beraz, Juan Ibañez de Mondragón, Santiagoko kalonjearen biloba-lobak ziren.
Diodan bezala, Juan Ibañez de Mondragón ongi bizi zen Santiagon, eta berarengana biloba-loba haietako batzuk eraman zituen. Kalonjeak, Garagartzako bere aiton-amonen baserriaz oroituta, nonbait, Santiagotik hurbil etxe bat egitea pentsatu zuen eta begia jo zion Santa Cruz de Rivadulla herriko Ortigueira izeneko dorretxe bati. Eta hantxe eraiki zuen egundoko baserri bat –pazo horietakoa. Aurrealdean, Mondragón eta Erenuzketa sendien armarriak ezarri zituen. Horrezaz gain, Santa Cruz de Rivadullako lehen kapera eraiki zuen, eta, batez ere, erosten zihoan lur guztien ordenamenduari ekin zion, bertan lorategi ikusgarria diseinatu zuelarik. Ehundaka zuhaitz landatu zituen, gaur egunera arte iritsi den eremuari edertasun paregabea emanez.
Baina Juan Ibañez de Mondragón kalonjearen obrarik garrantzitsuena Pietatearen Kapera izan zen, hau da Santiago Katedralean eraiki zuena. Erretaula Sevillako tailer batera enkargatu zuen 1526an eta, itxuraz, burdin-sarea Arrasateko olaren batean fabrikatu zioten. Kaperaren etorkizunari begira, Patronato bat sortu zuen, ondasun mordoarekin. Juan kalonjea hil zenean kapera hartan ehortzi zuten, Santiagoko aldare nagusiaren eta ate santuaren ondoan.
Kapera eraiki zuen pertsonaia gogoratuz, Pietatearenaz gain, "de Mondragón" deitura ere ematen zaio ordudanik.
hola,
ErantzunEzabatuestoy haciendo mi trabajo de fin de carrera sobre un autor que escribía poemas en latín y uno de ellos va dedicado a un tal canónigo de Mondragón. Una de las posibilidades es que fuera dedicado a Juan Ibáñez de Mondragón pero no encuentro libros donde hablen de él y me gustaría saber de donde ha sacado la información que nos ofrece, si es posible claro.
Gracias