Berrogeita hamabost
urte betetzen dira, Sebero Altubek bere obra bati itxura ematen hasi zela.
Arrasateko gizon polifazetiko haren alderdirik ezkutuena izango da, ziur aski,
gaur lerro hauetara ekarri nahi dudana. Filosofiari dagokiona da. Izan ere,
gutxitan gogoratzen da Altubek “La fonction de la douleur” liburuxka argitaratu
zuela, nahiko arrakastarekin gainera, hori Frantzian gertatu bazen ere.
Idazki honen
titulua pretentzioso samarra bada ere –ez baitakit noraino dei genezakeen
filosofo, garaiko filosofia eta klasikoa ederto ezagutzen zuen gizona- egia
osoa da Altube aise defendatzen zela zientzia espezialitate horretan ere. Eta
horren lekukotasuna ematen digu, argi eta garbi, aipatutako liburu horretan.
Liburuaren tituluak
ongi hurbiltzen digu edukiaren nondik norakoa. Altube kezkatuta zegoen, alde
batetik naturak sortutako katastrofeengatik, baina batez ere gizadiak berak
eragindakoengatik. Naturari ezer gutxi egozterik bada ere, adimentsua den
gizakiaren kalte egiteko ahalmenak zeharo tristatzen zuen arrasatearra,
testuaren orrialdeetan egoki deskribatzen duen moduan.
Ez da ahaztu behar,
Gernikako alkatea izan zela Altube, gerra hasi aitzin. Eta gerratearen
kalamitateak –erbesteratze prozesu luzea, barne- bertatik bertara ezagutu
zituela. Frantziako Paben bizi izan zen urte luzez eta alemaniarren okupazioa
ere pairatu behar izan zuen, isiltasunean. Eta liburuan garatu nahi izan zuen
teoriari, batez ere, bi oinarritatik sostengatu zion: oinazea arazo filosofiko
eta arazo zientifiko bezala.
Kalte egin ahal
izateko gizakiaren gaitasuna aztertu zuen Altubek bere obran, gehien bat
europar filosofoen teoriak uztartzen eta alderatzen. Eta kritikatu egiten zuen
bere indar osoarekin, XX. mendearen lehen erdian gizadiak gerren bidez eragindako
kaltea; hobe, miseria eta zoritxarra han eta hemen erein zuten gizakien jokaera
salatu zuen. Eta zioen, pertsonok gai garela edozein bortizkeria eta
bortxakeria zuritzeko, baldin eta bortitzarekiko aldeko sentimendua badugu
edota, alderantziz, biktimenganako gorrotoak gainezkatzen bagaitu. Horregatik
kritiko ageri zen Altube, edozein oinaze sortzen duen kalte induzituaren
aurrean.
Euskaltzaindiaren biklera batean, gerra aurretik. Altube goian erdikoa |
Altuberen
liburuaren irakurketak klabe batzuk eskaintzen ditu historian barreneko
planteamendu filosofikoen oinazeari buruzko mezuak ulertzeko. Jakina, aurreko
beste inork zehazki asmatu ez zuen bezalatsu, arrasatearra ere teoriaren
altzoan geratu zen. Baina horixe du filosofiak, gizadiaren inguruko ezkutu
erraldoiei erroetatik eragiteko balio duela, hain zuzen. Galderak egiteko eta
kezkak sorrarazteko. Eta Altubek oinarrizko galdera egiten zion bere buruari
ikerketaren hastapenean: Gaizkia Oinazea sortzeko bada, zertarako da Oinazea?
Zein da Oinazearen Funtzioa?
Altubek ez zuen
bere obra idaztean Euskal Herriaren oinazea ahaztu. Euskal bertute eta akatsak
azpimarratzen ditu kasu batzuetan. Adibide gisa har ditzakegu Arrasate bere
jaioterriari eskainitakoak. Resurrección María de Azkueren lanari buruzko aipu
baten harira dio Altubek: “Azkue ta Hanotauxen esaerek ekartzen didate
gogora ondokoa: “Solus labor parit virtutem, sola virtus parit honorem” Horixe
irakur daiteke Euskal Herri langileko Arrasate oso hiri langileko etxe batean.
Herri berdinean ere euskarazko esaera bat entzun daiteke, bere esanahi
zorrotzean: Jan ta lan!”
Liburuaren zehazkizunak: “La fonction de la
douleur” par S. de Altube (de l´Académie Basque) /(Sciences de la Nature.
Paris. 1958. 119 orrialde)
Bigarren argazkia: www.euskomedia.org
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina