azaroa 16, 2011

SEBERO ALTUBE FILOSOFOA


Berrogeita hamabost urte betetzen dira, Sebero Altubek bere obra bati itxura ematen hasi zela. Arrasateko gizon polifazetiko haren alderdirik ezkutuena izango da, ziur aski, gaur lerro hauetara ekarri nahi dudana. Filosofiari dagokiona da. Izan ere, gutxitan gogoratzen da Altubek “La fonction de la douleur” liburuxka argitaratu zuela, nahiko arrakastarekin gainera, hori Frantzian gertatu bazen ere.

Idazki honen titulua pretentzioso samarra bada ere –ez baitakit noraino dei genezakeen filosofo, garaiko filosofia eta klasikoa ederto ezagutzen zuen gizona- egia osoa da Altube aise defendatzen zela zientzia espezialitate horretan ere. Eta horren lekukotasuna ematen digu, argi eta garbi, aipatutako liburu horretan.

Liburuaren tituluak ongi hurbiltzen digu edukiaren nondik norakoa. Altube kezkatuta zegoen, alde batetik naturak sortutako katastrofeengatik, baina batez ere gizadiak berak eragindakoengatik. Naturari ezer gutxi egozterik bada ere, adimentsua den gizakiaren kalte egiteko ahalmenak zeharo tristatzen zuen arrasatearra, testuaren orrialdeetan egoki deskribatzen duen moduan.


Ez da ahaztu behar, Gernikako alkatea izan zela Altube, gerra hasi aitzin. Eta gerratearen kalamitateak –erbesteratze prozesu luzea, barne- bertatik bertara ezagutu zituela. Frantziako Paben bizi izan zen urte luzez eta alemaniarren okupazioa ere pairatu behar izan zuen, isiltasunean. Eta liburuan garatu nahi izan zuen teoriari, batez ere, bi oinarritatik sostengatu zion: oinazea arazo filosofiko eta arazo zientifiko bezala.

Kalte egin ahal izateko gizakiaren gaitasuna aztertu zuen Altubek bere obran, gehien bat europar filosofoen teoriak uztartzen eta alderatzen. Eta kritikatu egiten zuen bere indar osoarekin, XX. mendearen lehen erdian gizadiak gerren bidez eragindako kaltea; hobe, miseria eta zoritxarra han eta hemen erein zuten gizakien jokaera salatu zuen. Eta zioen, pertsonok gai garela edozein bortizkeria eta bortxakeria zuritzeko, baldin eta bortitzarekiko aldeko sentimendua badugu edota, alderantziz, biktimenganako gorrotoak gainezkatzen bagaitu. Horregatik kritiko ageri zen Altube, edozein oinaze sortzen duen kalte induzituaren aurrean.

Euskaltzaindiaren biklera batean, gerra aurretik. Altube goian erdikoa
Altuberen liburuaren irakurketak klabe batzuk eskaintzen ditu historian barreneko planteamendu filosofikoen oinazeari buruzko mezuak ulertzeko. Jakina, aurreko beste inork zehazki asmatu ez zuen bezalatsu, arrasatearra ere teoriaren altzoan geratu zen. Baina horixe du filosofiak, gizadiaren inguruko ezkutu erraldoiei erroetatik eragiteko balio duela, hain zuzen. Galderak egiteko eta kezkak sorrarazteko. Eta Altubek oinarrizko galdera egiten zion bere buruari ikerketaren hastapenean: Gaizkia Oinazea sortzeko bada, zertarako da Oinazea? Zein da Oinazearen Funtzioa?

Altubek ez zuen bere obra idaztean Euskal Herriaren oinazea ahaztu. Euskal bertute eta akatsak azpimarratzen ditu kasu batzuetan. Adibide gisa har ditzakegu Arrasate bere jaioterriari eskainitakoak. Resurrección María de Azkueren lanari buruzko aipu baten harira dio Altubek: “Azkue ta Hanotauxen esaerek ekartzen didate gogora ondokoa: “Solus labor parit virtutem, sola virtus parit honorem” Horixe irakur daiteke Euskal Herri langileko Arrasate oso hiri langileko etxe batean. Herri berdinean ere euskarazko esaera bat entzun daiteke, bere esanahi zorrotzean: Jan ta lan!”

Bere garaiko gizona izan zela kontuan izanda eta sustraiak non zituen ezagututa, ez gaitu harritu behar, doktrina moral, politiko eta sozialerako atera zituen ondorioetan Altubek “askatasuna, berdintasuna eta lana” aldarrikatzeak. “Gizadi osoaren bihotzetan grabatua egon beharko lukeen esaera da” adieraziz amaitu zuen arrasatearrak bere obra.

Liburuaren zehazkizunak: “La fonction de la douleur” par S. de Altube (de l´Académie Basque) /(Sciences de la Nature. Paris. 1958. 119 orrialde) 


Bigarren argazkia: www.euskomedia.org 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina