azaroa 09, 2011

UNION CERRAJERA ETA HERIOTZA BATEN KRONIKA


Pabilioetako bat -urtzagintza- Zaldispe aldean, 1975ean


Carlos Gardelek abesten zuen “Volver” tango ospetsuan: “... que veinte años no es nada” Ez nator bat argentinarrarekin, azaltzen nahi denaren araberakoa baita tartearen gaineko sentsazioa eta hogei urte ezer ez... edo dena izan daiteke. Begira, bestela Unión Cerrajera S.Aren kasua.


Azaroan betetzen dira hogei urte orduko Corporación UCEM izen ponpoxeko elkarteak txosten bat publiko egin zuela. Txostena Axel Group deritzanak burutu zuen, Corporación UCEMen enkarguz. Axel Group 1991n bertan sortu zen, Joaquin Tamamesen eskutik. Egun, Tamames jaunari buruz dakiguna honako hauxe da: “Trabajo en Fundación Ananta y como consultor independiente de empresas. Tengo tiempo disponible para participar en consejos de administración y comités estratégicos. Especialidades: Fusiones y adquisiciones, estrategia. Conferenciante sobre tema de valores y espiritualidad" (1)  Julio Caro Barojak esan ohi zuenez, laguntza eske ez da denbora libre larregi dutenengana jo behar, gaitasun gutxiko seinalea baita ezer egin gabe egotea.


Axel Groupen txosteneko aurre aldea
Axel Groupek, beraz, Jesus Lobok presiditzen zuen Corporación UCEMen eskabidea jaso ondoren, lanari ekin zion. Txostenaren 47 orrialdetako irakurketak argi azaltzen duenez, axelkideak ez ziren Arrasatetik azaldu eta ikerketa Loboren zuzeneko agindupean zeuden pertsonek eskainitako informazioarekin osatu zuten. 

Ez noa txosteneko datu zehatz guztiekin irakurlea aspertzera; behintzat, gaurko ekarpen honetan. Agian, besteren batean luzatuko dut informazioa, berrogeita hamar urtez Arrasateko enpresarik enblematikoa izan zenaren heriotza nolakoa izan zen ulertzeko interesgarria dela iruditzen baitzait.

Sarreratxoan honela dio txostenak:  “En el espacio de tres años, Corporación Ucem ha definido adecuadamente un proyecto de conglomerado industrial y de servicios a partir de un balance saneado y bien capitalizado”  

Ikaragarria da, dena den, Axelek zehazten duena: “Para el análisis ha sido utilizada la cuenta de resultados proforma de 1990, así como las estimaciones para 1991” Hau da, inondik ere ez zituzten errealitate beltza adierazten zuten emaitza kontuak eta balantzeak erabili! Jesus Loboren estrategiarekin lerrotuta zeuden legionarioek eskainitako informazio faltsuan oinarritu ziren, beraz, axelkideak.


UCEMen 1991ko enpresen zerrenda


Artean Corporación UCEMek Burtsan kotizatzen zuen eta txostenean halako harribitxia irakur daiteke: “La relativamente pobre evolución bursátil de este grupo es parcialmente debida a su muy escaso conocimiento por parte del mercado, que no ha discernido adecuadamente la separación de los negocios del grupo y la discreta y eficaz enajenación o cierre de las líneas tradicionales deficitarias. Corporación Ucem cumple con las condiciones fundamentales necesarias como para que la cotización tienda a aproximarse gradualmente al valor contable de la compañía”

Goiko laukian ikus daiteke zertan zetzan Corporación UCEMek “bere altxortxat” zeukan inperioa. Roneoren indarra azpimarratzen zen eta haren inguruan pibotatu nahi bide zuten taldea, hori bai, dibertsifikazio zabalarekin: Bulegoetako Ekipamendua, Metalurgia, Aisialdi eta Turismoa, Higiezin-sektorea eta abar.



Ezkerrean sarrailgintzako biltegiak 1977an



Txostena egin zen urtean, UCEMen akziodunak 2.200 inguru ziren. Gehiengoa, Hi-Tec Jesus Loboren enpresak (%15´5) eta Jose María Loizagaren Mercapitalek (%22) zeukaten.

Hogei urteren buruan, Tamamesek hitzaldiak ematen ei ditu espiritualtasunari buruz. Eta, ongi dakigun bezala, Unión Cerrajera izan zena guztiz desagertu da. Historia hutsa dugu. Txosten hartatik hogei urte gehiagorik eman ez den arren... eternitatea dirudi, ezta?


Bideo bat jarri dut, Unión Cerrajera S.A zenaren Arrasateko eraikinak lurreratzen hasi zirenekoa. Eusebio Iñarrak grabatu zituen  irudiak. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina