uztaila 11, 2018

ARAMAIOKO GOTZAIN FRANKISTA



Tomas Aspe Uribe gotzaina
Badakit titulu gogorra irudituko zaiola norbaiti Aramaioko gotzain bakarra mugatzeko. Badakit Tomas Aspe Labiena baserriko semeak merituak egin zituela inoizko aramaixoarrik ospetsuenetakoen ondoan egoteko, Bizente Goikoetxea, Martin Alzaga eta beste batzuekin. Badakit ere dena erlatiboa dela eta garaian garaiko zirkunstantziak gogoan eduki behar direla inor definitzeko. Baina ez da egia txikiagoa giza norbanakoen mugaketa egiteko orduan ahaztu egiten zaizkigula batzuetan haren alderdi batzuk eta bidezkoa da den-denak agerian uztea, ikertutako pertsonaiaren gaineko ideia zehatza egiteko. 

Asko idatzi da Aramaioko seme honen gain. Eta baliagarri zaigu haren biografia mugatzeko. Noan, oraingo honetan, Tomas Aspe Uribe aramaioarrari buruzko datu gehigarri batzuk ematera,pertsonaia koka dezagun. Labiena baserrian jaio zen, 1885eko abuztuaren 9an eta Frantzisko  izena jarri zioten pontean. Hamalau urterekin frantziskotarra sartu zen, eta 1903an Boliviara aldatzea eskatu zion Ordenari, eta 1910ean apaiztu zen. Lehen urteak irakaskintzara dedikatu zen eta 1929an Cochabambako administratzaile apostoliko izendatu zuten. Bi urte geroago, berriz, eliz barruti hartako gotzain egin zuten, eta kargu horretan 1942ra arte egon zen. Bitartean La Paz hiriburuko administratzaile apostolikoa ere izan zen. 

Baina bat-batean, 1942an gotzaingoari utzi zion eta Buenos Aireseko legenardunentzako ospitalera sartu zen eta bertan bizi izan zen 1962ko urtarrilaren 22an hil arte. Legenar gaixotasunak jota zegoen.  Boliviako Gobernuak “Andeetako Kondor Ordena” domina eman zion 1960an eta urte berean Espainiako Gobernuak “Zalduna eta Isabel Katolikoaren Gurutze Handia” izenekoa. Aramaioko herriak omenezko ekitaldi bat eratu zuen 1962ko uztailean Azkoagako gotzainaren izena eta irudia goratzeko. 

Aspe Uribe gotzaina Aramaiora itzuli zen 1938ko uztailaren 25ean, Budapesten Kongresu Eukaristikoan parte hartu ondoren. Orduan ere Aramaioko herriak eta, oro har, Arabak omenezko ekitaldi erlijiosoa antolatu zuten Azkoaga auzoan. Egun hartan Aspe gotzainak honako aitorpenak egin zituen, hara bildutako agintari eta senitartekoei eskainitako bazkarian: 

“Hoy festividad del Apóstol Santiago, el hijo
1938-07-25eko omenaldia Azkoagan
del Trueno, hemos de dedicar nuestro recuerdo más sentido a la santa cruzada española, que tan cierta emoción en el mundo ha producido, y que Dios ha deparado a España, precisamente para que nos purifiquemos de nuestras imperfecciones en el bautismo de la sangre, y salvemos la civilización cristiana del rodillo de la barbarie, como antes lo fuimos durante siglos de la infidelidad y durante un siglo, fuimos baluarte contra las sectas. La Cruz y la espada fueron siempre aquí unidas, siempre dispuestas a servir los intereses divinos y nunca envainada sin honor.
 

Yo brindo por el Pelayo del siglo XX, por nuestro querido e invicto Caudillo Franco, digno cachorro del león español, que no estaba muerto sino que dormía, y ha levantado ahora su robustez toledana, y dejando oir su rugido de trueno, asombra al mundo por su Ejército incomparable y por esas boinas rojas, símbolo de las Tradiciones de la españa Grande, y por esas camisas azules, injertadas en el tronco de la tradición y ganosas de nuevos cauces de prosperidad patria” 

Ideia horiekin ez da harritzekoa, Tomas Aspe Uribe azkoagarra Franco jeneral kolpistak Madrilen errezibitu izana,  hura Boliviara abiatu baino lehen.

Bai, Aramaioko gotzaina frankista zen.

Argazkiak: JMVM

2 iruzkin: