ekaina 26, 2013

IÑIGO ARREGI ESKULTURAGILEAREN MARTXA ETENGABEA



Beste urrats bat eman du Iñigo Arregi eskulturagile arrasatearrak bere karreran. Ala, nahi badu irakurleak,  bi urrats. Alde batetik, erakusketa berria inauguratu du Barcelonan,  “Norabide batean” izenpean, eta, bestetik, bere  izena eta obra Jose Luis Merino arte kritikoak publikatutako “Hablan los artistas” izeneko liburuan azaldu da. Zorionak Iñigori, Arrasateko inoizko artista plastikorik ezagunena. 

Merino kritiko zorrotzaren iritziz, Iñigo Arregik meritua izan du euskal ehun artista garaikideren artean egoteko eta horregatik eskaini dio tarte bat bere liburuan. Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Juan Luis Goenaga, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Karmelo Ortiz de Elgea, Rafael Ruiz Balerdi, Bonifacio, Amable Arias … izen handiko artistak agertzen dira Iñigorekin batera aipatu liburuan. Berrogei urteko lan burutsuak arrasatear artistaren ekarpena arteko Olinpoaren eraikineko goi-goi mailara igo du. Merinoren galderei maisutasun (eta apaltasun) osoz erantzun die Iñigok. Adibide gisa: 

-“Hobe al da kristal izatea eta apurtzea, teilatuko teila bezala osorik irautea baino?
- Denboran irauteak ez dit kezkarik sortzen. Beti adi egotera behartzen gaituen hauskortasuna bezain interesgarria da, bere iraupenaz ardurarik eduki behar ez dugun hilezkortasuna. Jarrera bakoitza bere gidoiari dagokio” 

Merinok liburuaren aurkezpenean zioen moduan, konturatu orduko joan den zerbait da artea, helezina. Eta Iñigo Arregik artea bilatzen du bere lanean, ustekabearen bila dihardu, horixe baita artistaren sena, artistaren piztailea.
Iñigoren ibilbide artistiko zorrotzak Barcelonako Víctor Lope Arte Garaikidearen Galeriara eraman du orain, bertan inauguratu baitu erakusketa. Aukera paregabea, hain zuzen, Barcelonara jauzi bat egiteko.

Iñigo Arregiren gaineko erreferentzia gehiago:






2 iruzkin: