Canuto Aranzabal |
Adineko
arrasatearren gogoan “Canuto” izena herriko denda-taberna batekin egon da
lotuta. Eta txoko honetan azaldutako beste kasu batean bezala –Karrikiri
dendari nagokio- gutariko askok urtetan uste izan genuen Canuto ere
izengoitiren bati zegokiola. Bada, ez. Izen propioa genuen eta Arrasatera XIX
mendearen hondarretan heldutako Angiozarreko gizakume batena zen. Angiozartarra
izanik, ezin zuen beste abizenik eduki: Aranzabal.
Canuto Aranzabal
Aldekoa Angiozarren (garai hartan Elgetako auzorik garrantzitsuena) jaio zen,
1852ko urtarrilaren 19an. “Agurlaeta” –Aguleta bihurtua- baserrian hiru seme
munduratu ziren 1846 eta 1852 bitartean, eta Juan Paulo nagusia geratu zen
maiorazko, beste biek –Canuto eta Maximo- Ameriketarako bidea hartu behar izan
zutelarik. Lehenik Cuba hautatu zuten helburu baina karibear uhartean txakurrak
ere oinutsik zihoazela ikusi ondoren Mexikora aldatzea otu zitzaien eta horixe
egin zuten 1872an. Cuba artean espainiar kolonia zelako, bertako gobernadore
politikoak luzatu zien anaiei Mexikorako beharrezko igarobidea.
Canutoren igarobidea, Cubatik Mexikora joateko 1872an |
Baina mexikar
lurraldean ere ez bide zitzaien panorama kolore argiz azaltzen eta bi anaiek
Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, XIX amaitu aitzin. Eta bi anaiak
Angiozarrera ailegatu ziren lehenik baina aurki Arrasaten ipini zituzten begiak
euren bizimodua aurrera ateratzeko.
Canuto 1892ko
ekainaren 8an ezkondu zen Arrasateko San Juan Bataiatzailean Saturnina Gantxegi
Idigorasekin. Gantxegitarrak Bergaratik zetozen, aita Juan herri hartan jaio
zelarik. Saturninaren ama Karmen, aldiz, Bedoñakoa (garaian Aretxabaletako
auzoa) zen. Eta Ferrerias kaleko 30. zenbakian bizi ziren, Frantzisko,
Saturnina eta Inozentzia seme-alabekin. Sendiko burua ofizioz sarrailaria zen
eta Vergarajauregui, Resusta y Cia enpresan lan egiten zuen.
Canutoren denda-taberna, 1915ean |
Etxebizitzaren
Olarte kaleko aldean gantxegitarrek denda-taberna bat zeukaten –“gantxegixena”- eta Canuto beraiekin
hasi zen lanean. Eta negozioetarako erakutsitako trebetasun eta gogoa zela-eta,
handik gutxira negozioaren titularra bilakatu zen. Canuto oso gizon atsegina
bide zen eta aurki biderkatu zuen bere bezeroen kopurua. Apopiloak ere hartu
zituen etxean eta negozioa oso ondo joan zitzaion. Feriako ostiraletan bikain
betetzen zuen kutxa baserritarrekin, ederto prestatutako okel egosia eta
tripakiek erakarrita. Ardo pitxarrak ere bata bestearen ondoan husten ziren.
Eta dendan, batez
ere baserri-gaiak saltzen zituen: igitaiak, aitzurrak, aizkorak, sardak, sokak
eta hamaika produktu gehiago. Etxe-kontsumorako gaiak ere han zeuzkan Canutok
saltzeko prest: xaboiak, zartaginak, buztinezko eta metalezko eltzeak,
kontserba-poteak, likorrak… A! Eta kirol-gailuak ere bai: kainaberak,
kartutxoetarako polbora, perdigoiak, …
Denda-tabernak
zeukan abantailarik handienetakoa zen, toki estrategikoan zegoela kokatua.
Establezimenduaren aurretik igarotzen zen errepide nagusia eta zalgurdi zein
automobilak (gutxi, baina banaka batzuk bai) Canutoren denda paretik pasatzen
ziren. Zer esanik ez, "ferixara" euren
ganaduekin hurbiltzen ziren baserritar askok ere Canuto agurtu behar zuten
derrigor euren joan-etorrietan. Horrek guztiak ondu zuen gure gizonaren
negozioa.
Canutok landatutako gaztainondoa |
Arrasaten hain
ezaguna dugun Arbolapetako gaztainondoa Canutok landatu zuen XXaren lehen
hamarkadan. Ondoko “barrenderixie”-ren
albotik errekarako eskailerak ziren eta handik bidaltzen zuen Canutok Jose Mari
semea, gaztainondorako ur bila.
Canuto-Saturnina
bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Anizeto, Jose Maria eta Jesusa. Aurrena
Unión Cerrajerako enkargatua izan zen eta geroago La Industrial Mondragonesa
“Kutxarera”ra igaro zen, bazkide gisa. Bere bigarren ezkontzan Dolores Resusta
Olañetarekin egin zuen, hain zuzen ere Karrikiri dendaren laugarren
belaunaldiko titularra izango zenarekin. Horregatik, Karrikiri eta Canuto
dendak “lehengusuak” dira. Saturnina 1903an hil zen eta Canuto bigarren aldiz
ezkondu zen, emazte berria Lorenza Uribarri abadiñotarra izan zelarik.
Amaren heriotzak Jesusa
Gellaoko “Arkasuena”ra eraman zuen eta bertan hazi zen, moja sartzea erabaki
zuen arte. Meseedetako Karmeldarren abitua jantzi eta gutxira Ameriketako bidea
hartu zuen, Montevideo eta Buenos Airesen lan egin zuelarik. Argentinako
hiriburuan hil zen.
Canutoren Jose Mari semea eta Maria, senar-emaztea |
Jose Maria semeak
Unión Cerrajera ihardun zuen 14 urte bete zuenetik bere jubilaziora arte.
Modelista izan zen. Baina lantegian hamaika ordu ematen zituen arren bera izan
zen “Canuto Aranzabal” negozioaren jarraitzailea.
Jose Maria 1925ean ezkondu
zen Gellaoko “Tellalde” baserriko Maria Guruzeta Aranzabalekin. Eta
senar-emazte berriak Ferrerias kaleko sendi-etxera joan ziren bizitzera. Maria
ezkondu berria “Canuto”enean hasi zen lanean. Baita “gantxegixena”ko laugarren
belaunaldikoak –Esperantza eta Jose Luis- ere gazte-gaztetatik aritu ziren
tabernan. Jose Luisek gogoratzen du Aprendizetako Eskolan ostiral
arratsaldeetan jai hartzen zuela, tabernan laguntzeko.
Baina Maria ama
nekatu egin zen, taberna egunero irekitzera behartzen zuen bizimodu gogor
hartaz eta Olarte kaleko negozioa kentzea erabaki zuen sendiak 1944ko azaroaren
lehenean. Ordutik eta hamabost bat urtez “Txantxote” sendiak eraman zuen
taberna eta 1959an arraindenda bihurtu zen, 1990ra arte. Gaur egun bazar bat
dago, Canuto Aranzabal denda-taberna egon zen tokian.
Erdian Jose Luis Aranzabal, Canutoren biloba |
Aranzabaldarrek,
ordea, Olartekoa kenduta Ferrerias kaleko 30era aldatu zuten denda. Eta
espezializatu egin ziren kirol gaietan. Arrasaten izan zen lehen denda
espezialdua izan zen. Arrantza edota ehizarako zaletasuna izan dugunok ongi
ezagutu genuen denda hura, 1993an betiko itxi zena. Berrogeita hamar urte izan
ziren, salmahaiaren atzean Maria (1976an hila) Jose Maria (1993an) eta
Esperantza eta Jose Luis alaba-semeak eduki genituelarik.
Arrantza eta ehiza zaleok ongi gogoratzen ditugu Ferrerias kaleko dendan emandako egon-tarteak. Oraindik ere nire tramankuluen artean "Canutonien" erositako kainabera eta gainerako gailuak dauzkat. Oroitzapen onak ekartzen dizkidate.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina